2018ko ekainaren 1ean, argitara atera zen ustelkeria kasu bat, Osakidetzako oposizio batzuei lotutakoa: hainbat sindikatuk salatu zuten Osakidetzarako Enplegu Publikorako Eskaintzan (EPE) Anestesia eta Angiologia arloetako azterketak filtratu egin zirela. Orduan, hemeretzi arlotako hogei arduradun inguru ikertu eta epaitu zituzten, baina 2024ko abenduan, Gasteizko (Araba) epaitegi batek kasua artxibatu zuen, "delitu-zantzu arrazionalik" ez zegoela argudiatuta. Kirurgia Plastiko, Estetiko eta Konpontzailearen arloko bi auzipetuen kasua, ordea, behin-behinean itxi zuen. Orain, epaiketa berria hasteko data finkatu du Arabako Probintzia Auzitegiak: datorren ekainaren 30ean, asteartean, egingo dute auzia hasi aurreko bista.
Bi auzipetu horien kasuan, honela dio autoak: "Prozedura honetan ikertutako espezialitate guztiei dagokienez, Kirurgia Plastiko, Estetiko eta Konpontzailearena izan ezik, ez da inola ere eta ezein zantzurekin justifikatuta geratu espezialitate horietan ikertutako pertsonek [azterketetako] galderak filtratu zituztenik edo azterketak modu desleialean zaindu zituztenik". Izan ere, arlo horretan, hautagai bat eta hainbat galderen egilea ahaideak direla salatu zuten. Fiskaltzak eta sindikatuek, auzipetuen azterketako erantzunetan, "antzeko erantzun eta patroiak" eta "ontzat emandako erantzun akastunak" atzeman zituzten, eta biek ala biek oso nota onekin gainditu zuten proba. Hori dela eta, arloko azterketa guztiak errebisatzea eskatu zuten. Hala eta guztiz ere, Cristina Rodriguez Ruiz epaileak azterketak birpasatzeak "ekarpenik egingo ez zuela" adierazi zuen; ikerketa filtrazioei buruzkoa omen zelako, eta ez "azterketak oker zuzendu izanari" buruzkoa. Hartara, etenaldi eta luzapen artean, zortzi urte bete dira ustelkeria kasua argitara atera zela, baina oraindik ere itxi ez dela.
Osakidetzako oposizioetako ustelkeria kasua Iñigo Urkullu lehendakari ohiaren (EAJ) gobernuak bizi izan zuen polemika handienetako bat izan zen, eragin zuzena izan baitzuen osasun-sare publikoaren zuzendaritzan. Esaterako, dimisioa aurkeztu zuten Osakidetzako zuzendari orokor Maria Jesus Mujikak, Osakidetzako Giza-Baliabideen zuzendari Juan Carlos Sotok eta zuzendariorde Xabier Balerdik, baita orduko Osasun sailburu Jon Darponek (EAJ) ere. Dena den, hein batean, beste gertakari batean jarri zuten arreta hedabide askok egun horretan: egun berean, 2018ko ekainaren 1ean, Mariano Rajoyk (PP) Espainiako Gobernuko presidente izateari utzi, eta kargua hartu zuen gaur egungo presidente Pedro Sanchezek (PSOE).