AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Aurreko hilabetean idatzi nuen ikuspuntuari kontrapuntua egitera dator honako hau. Artistaren figuraren inguruko galderak dabilzkit buruan, eta sorkuntza artistikoaren edukiaz baino, formaz ariko natzaizue datozen lerrootan. Artearen profesionalizazioaz hausnartu eta oholtza azpiko arteaz jardun nahiko nuke.

Zoragarria da gurean otsaila. Bada bulta bat jada ahoan darabilkigula. Irrikaz bizi dugu Itsasuko lagun taldean urtarril amaiera, badatorrelako arte ekoizpenaz gozatzeko garaia, arte sorkuntza bizitzeko sasoia; badatozelako kaskarotak. Han abiatuko gara herriko gazte multzoa, baserriz baserri, auzoz auzo. Hiru asteburuz dantzatuko dugu, kantatu egun guztian, kopla mozkortuetan ariko gara ezin isilduz, hangoak eta hemengoak zirikatzen. Hasiak gara plazan eginen dugun antzerkia idazten, eta laster iritsiko dira taldean entseatzeko uneak. Eta irri eginen dugu.

Ihauteriak herritarrekin gozatzeko uneak dira, elkarrekin sortzeko uneak, sorkuntza partekatzekoak. Ihauterietan ez da oholtzarik; etxe atariak, egongelak, plazak eta karrikak beteko ditugu bertsoz, hainbat ahotsetan emaniko kantuz, musikaz, dantzaz eta antzerkiz. Jendearen sukaldeetaraino sartuko da ekoizpen kulturalaren parte izateko gomita, dantzan ez bada, kantuz hasiko dira familiak, edo istorioak kontatzen gazteen belarrietara, bertso ideien elikagai.

Heziketa artistikoari buruzko galdera luzatu nuen aitzineko artikuluan eta uste dut honelakoa izan dela enea. Hau ezagutu dut herrian, auto bidaietan aitarekin bertso kantari eta osaba zein lehengusuen artean noiznahi gitarra eskuz esku pasatzen. Batek doinua asmatu duela, besteak hitzak, eta hara familiako kantu berria. Elkarri Gabonetan eskuzko opariak egitea, idaztea...

Familia berexia dudala erranen didate, baina zerk berezitu edo bereiztu ditu artistak? Nola pasa gara sorkuntza artistikoa supazter xokoan, arto zuritzeetan, lagunarteko bazkarietan, ostatu erdian, lanean ari ziren bitartean… egunerokoan denek egitetik, pertsona jakin batzuek, oholtza gaineko edo foku azpiko testuinguru jakinean egitera?

Eta uste dugu hori behar duela gure sorkuntza artistikoak irauteko: oholtzak eta fokuak. Saioak antolatzeko diru laguntzak, literatura sariketak, zinemaldiak, jaialdiak, erakusketak… Guti batzuei fokuak eta dirua.

Baina artea goratzeko lurzorurik emankorrena ez al da sorkuntza artistikoa egunerokoan bizi duen komunitatea? Asfalto idorrean jaiotako landareak dirdira zerbait eginen badu ere, taldean ureztaturiko baratze aberatsean ernalduko da lorerik ederrena. Naturalki eskuratzen dira arte sorkuntzarako gaitasunak, arte sorkuntzarako ohitura dagoen ingurune batean.

Iparraldeko Euskal Kultur Erakundearen webgunean irakurri dut ondorengo esaldi hau: «Arte-errealitate bat kontsumitu baino biziarazten duten emazteek eta gizonek partekaturik: oroz gainetik, euskal kultura parte hartzaile eta herrikoia da». Hau noiz eta non da/izan da horrela? Esanguratsua da, hala ere, Ipar Euskal Herrian behintzat, «euskal kultura» forma horrekin lotzea.

Argi da gizarte aurre-kapitalistetako bizi ereduari eta sistema kapitalistaren logikari loturik ulertu behar dela sorkuntza artistikoaren formazko aldaketa hau. Begi bistakoa baita gizarte antolaketa komunitarioago batean leku gehiago daukala arte sorkuntza kolektiboak, soldatapeko lanetik pantailaz beteriko pisu tipira antolaturiko bizian baino. Bizi forma indibidualago bat daramagula izan liteke arrazoietako bat; bestea, gure gizartea lan indarra saltzean eta kontsumitzean oinarritua dagoela. Artea kontsumitzeko produktu bat bezala bizi dugu oro har, ez da jada hartu emanean elkarrekin sortu eta gozatzen den zerbait bezala ulertzen.

Kabalkaden inguruko testua idatzi nuenean legez datorkit honakoan ere galdera: nola iraun ote du, gizarte antolaketa kapitalistaren baitan, sorkuntza artistikoa bizitzeko modu honek? Uste dut erantzuna ez datzala irautean, biziberritzean baizik. Hemen ere galtzen joan ziren ekoizpen kultural mota hauek. Esaterako 60. eta 70. hamarkadetan, modernizaziorekin, izugarrizko etena nabaritu zen. Garai hartan desagertu ziren, bizimoduaren aldaketekin batera, gisa honetako produkzio kultural motak herri gehienetan. Orduan galdu ziren Itsasun ere kaskarotak. Baina, beste leku askotan bezala, berreskuratzeari ekin zaio gerora. Uste dut erran genezakeela, berreskuratze hau euskara biziberritzearen eta abertzaletasunaren inguruko ideiekin loturik eman dela, eta, gaur egun ere, hein handi batean, inplikatuenen engaiamendua hortik datorrela.

Ekoizpen artistiko mota hauek, kultura hegemonikoarekiko aurkakotasunean kokatzen dira, bai edukiz, bai formaz. Euskaraz dihardute, boteredunen aurkako eta kritika sozialeko edukiekin. Baina interesgarriena, botere burgesaren formetatik at antolatzen direla da. Azken artikuluan Aitor Bizkarrak aipatzen zituen artearen gaineko botere burgesaren aspektu administratibo eta merkantiletik at, behinik behin. Ez dute azpiegitura konplexurik, iniziatiba eta motibaziotik abiatzen dira, bakoitzak beretik eman eta elkarrekin egin borondatezko lana dute oinarri; konpromisoa. Harrigarria zait, ene inguruko gazteek mugimendu politikoekiko duen engaiamendu urria ikusirik, mota horretako arte produkzioak aurrera eramateko erakusten duten diziplina.

Ez al ziren, hain justu, kolektiboari ekarpena egitea, konpromisoa eta diziplina eraikitzen ari garen kulturaren oinarrian jartzen genituen balioak? Aurreko ikuspuntu amaierako galderei so, uste dut arteak bete litzakeen funtzio politiko, sozial eta estetikoek beste dimentsio bat hartzen dutela arte produkzioa forma honetan pentsatuz gero. Bai gizartearen sentsibilitate artistikoa elikatzeko, bai proletarioen sorkuntza artistikoaren lagungarri sor genitzakeen bitartekoez hausnartzeko balio diezagukeela. Badaukagu hemen pista bat, artea botere burgesetik kanpo pentsatzeko.

Izan ere, ez dugu soilik oholtza gainean gure mezuak kantatuko dituen arte sorkuntza amesten, ez datza soilik edukian, arte produkzioa sortu eta elkarbanatzeko formari ere dagokio. Forma aldatzeak aldatzen baitu ezinbestean edukia.

Bestalde, ez dugu sustraiak kanporantz landaturik dagoen folk-lorerik nahi. Ondotxo dakigu beste modu bateko gizarte antolaketa baten eraikuntzarekin batera emanen dela bestelako arte sorkuntza mota baten loratzea. Posible izanen ote da, lurzoru egokia eraikiz gero, arbasoen bizi ohituretako batzuk birsustraitzerik?