AKTUALITATEA / Faxismoa

Etorkin bati aire-arma batekin egin diote tiro Donostian

Balkoi batetik hiru tiro egin zizkioten atzo pertsona migratzaile bati, Donostiako Harrera Sareak salatu duenez. "Ezin dugu ehiza arrazista normalizatu", ohartarazi du; antzeko bi eraso izan dira hilabete gutxian.
2026eko irailaren 11 - 08:01
Etorkin bati aire-arma batekin egin diote tiro Donostian

Pertsona etorkin baten aurkako tiroketa bat gertatu zen atzo eguerdian Donostiako Egia auzoan, bertako Harrera Sareak jakitera eman duenez. Mandas Dukearen pasealekuan eserita zegoela jasan zuen erasoa gizonak: balkoi batetik bota zizkion hiru tiro ezezagunen batek, aire-arma batekin. Masailean eta bizkarrean zauritu zuten.

Donostiako Harrera Sarearen esanetan, gisa honetako bi eraso arrazista izan dira hirian hilabete gutxian. Izan ere, atzo Egian jazotakoa baino lehen, Alde Zaharrean izan zen antzeko beste gertakari bat udan: orduan ere, etorkin baten aurka egin zuten tiro balkoi batetik, bizkarraldean zaurituz.

"Donostian, pertsona migranteekiko gorrotoa urrutiegi iristen ari da", salatu dute Harrera Saretik: "Ezin ditugu eraso hauek normalizatu, are gutxiago beste aldera begiratu".