Ceutan talde faxistek etorkinen kanpalekuei su eman eta laguntza humanitarioa blokeatu ondoren, Espainiako Estatu osoan mezu arrazistak zabaltzeko deialdiak egiten ari dira eskuin muturreko alderdiak eta talde faxistak, eta irailaren 2a markatu dute gorriz egutegian. Hego Euskal Herrian ere, hainbat kontzentrazio antolatu dituzte datorren asteazkenerako: Bilbon Vox alderdiak egin du deialdia, "inbasioari ez" aldarria oinarritzat hartuta. Antzerako kartelak zabaldu dituzte Donostian Lo que no te cuentan de Donosti kanaletik, bai eta Gasteizen ere, PP alderdia buru dela.
Hori dela eta, faxismoari eta arrazakeriari aurre egitera deitzen ari dira Euskal Herriko hainbat kolektibo, eta kontramobilizazioak antolatu dituzte asteazkenerako. Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen izango dira protesta antifaxistak, lekuan lekuko udaletxeen parean printzipioz, 20:00etan. Leloa argia da: Ez nahastu etsaiz.
Izan ere, irailaren 2an faxismoaren eta arrazakeriaren aurka mobilizatuko diren kolektiboek azpimarratu dutenez, ezinbestekoa da, Ceutako egoeraren harira, fokua ez jartzea "miseria pairatzen" duten milaka etorkinen gain, baizik eta "miseria sortzen" duten agente guztiengan. Ohartarazi dute, hala, eskuin muturra eta faxistak egoera baliatzen ari direla pertsona etorkinen kontrako mezu arrazistak hedatzeko, eta beharrezkotzat jo dute horri aurre egitea. Horixe bera izango dute helburutzat, hain zuzen ere, asteazkeneko kontramobilizazioetan.
