AKTUALITATEA / Euskal herriko kontseilu sozialista

Oroimena borrokan eraikitzeko deia aurtengo Gudari Egunean ere

EHKSk ezinbestekotzat jo du "iraganetik ikastea" eta "egungo baldintza eta indar-harremanetara egokitutako mugimendu iraultzaile eta komunista egituratzea".
2026eko irailaren 27 - 15:31
Oroimena borrokan eraikitzeko deia aurtengo Gudari Egunean ere

Aurtengo Gudari Egunean ere oroimena borrokan eraikitzen dela defendatu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS), eta sozialismoa eta autodeterminazioa aldarrikatu ditu diktadura frankistako azken fusilamenduetatik 51 urte bete direnean. Jon Paredes Txiki, Angel Otaegi, Xose Humberto, Jose Luis Sanchez eta Ramon Garcia gogoan, EHKSk seinalatu du "Euskal Herrian nazio-zapalkuntzak eta klase-menderakuntzak bere horretan jarraitzen dutela", eta "zapalkuntza hori biolentziaren erabileraren bidez iraunarazten dutela estatuek".

"Garai ilunak bizi ditugu eta ortzi-muga ez da hobea. Faxismoa horretara dator: langileon eskubideak deuseztatzera, estatuek abiatutako autoritarismoari segida ematera eta prozesu hori azkartzera", ohartarazi du Mugimendu Sozialistako antolakunde nagusiak. Azaldu du, gainera, "faxismoari ez diogula aurre egingo estatu-aliantzen bidez, ezta egungo gobernuen bidez ere". Eta gaineratu du: "PSOE aski ezaguna da eta Macron ez da hobea. Biak ala biak estatu-alderdiak dira, kapitalismoaren eta estatu-egituraren defentsa egiten dute. Berriki ikusi dugu, faxistak inpunitate osoz ari diren bitartean, antifaxistak zigortzen dituztela. Aterabidea ez da ez instituzio burgesen ezta bere alderdien eskutik etorriko".

EHKSk gogorarazi duenez, "Euskal Herrian antifaxismoa indartsu egotearen arrazoia hainbat belaunaldik aurrera eramandako borrokak dira". Balioan jarrita "kaleko militantzia eta balio askatzaileetan oinarritutako kultura Euskal Herrian errotuta" daudela, antolakundeak ezinbestekotzat dauka "horri guztiari segida ematea eta geroz eta oinarri sendoagoa jartzea"; "iraganetik ikastea", "irakaspenak ateratzea" eta "egungo baldintza eta indar-harremanetara egokitutako mugimendu iraultzaile eta komunista egituratzea", hain zuzen ere. "Horretan dihardugu eta konpromiso erabatekoa daukagu autodeterminazioarekin eta sozialismoarekin", adierazi du, "presoen kaleratzea eta aterabide demokratikoa" hau da, amnistia, erreibindikatzearekin batera.