Duela aste batzuk PPko Maria Guardiolak, Extremadurako Juntako presidenteak, hala zioen: "El feminismo que defiendo es el que defiende Vox". Lotsagarria da, azken asteetan emakumeon eskubideen aurka ikusten ari garen jarreren eta ekintzen aurrean, eskuineko eta ultraeskuineko ideologiek eta alderdiek sinetsarazi nahi izatea emakumeon defentsan ari direla. Zer eta emakumeon esplotazioa eta matxismoa sakondu besterik egiten ez dituzten ideologia eta proposamen politiko bat defendatzen dituzten bitartean. Emakume langileon zapalkuntza gizarte kapitalistari estuki lotuta badago ere, zapalkuntza are gehiago indartzen ari da faxismoaren gorakada betean.
Gerra-aurrekontuek, indar polizialen eta zigor juridikoen areagotzeak eta borroka iraultzaile oro kriminalizatzeko joerak, zuzenean eragiten digute emakumeoi. Batetik, inbertsio soziala murrizteak, gure lan-baldintzak okertu eta zaintza-lanen karga areagotu du gugan. Ikusi besterik ez dago lan-sektore feminizatuen pribatizazioa. Euskal Herrian, besteak beste EAJk zaintza eta garbiketa sektoreen prekarizazioa ohiko bihurtu du: ISS bezalako enpresa batek 100 milioi fakturatzen ditu, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuaren pribatizazioari esker. Bestetik, egoera zaurgarrienean dauden emakumeen aurkako kriminalizazioa areagotuko da; aipatzekoa da, adibidez, emakume etorkinen egoera. Eta horri guztiari aurre egiteko borrokarako baldintzak nabarmen okertuko dira.
Austeritate-politika eta neurri autoritario horiek alfonbra gorria jarri diete ultraeskuineko ideologiei eta alderdiei. Gorroto-diskurtsoek indarra hartu dute eta horrek matxismoaren normalizazioa dakar, orain arte pentsaezina zirudien eran: Nick Fuentes influencer neonaziak emakumeak erreprodukziora behartzeko kontzentrazio-eremuak egitea proposatu du duela gutxi. Eta askori gustu txarreko broma bat dela edo inora helduko ez den proposamen bat dela iruditzen bazaie ere, egungo errealitate gordinaren isla da. Eta baditu, gainera, bere homologo errealistagoak: Macronek berak ugalkortasunaren inguruko gutunak bidaliko dituela iragarri du, "berrarmatze demografikoa" sustatzeko helburuz. Eta, bide batez, horrek ugalketa-industria indartzea esan nahi du; izan ere, giza-erreprodukzioa milaka milioietan balioztatutako merkatu bat da: Espainiako Estatuan, esaterako, 2012an 75 kasu egotetik, 2023an 5.677 kasu izatera pasatu dira, 2.000-5.000 euro tartean balio duten tratamenduekin [1].
Adibide horiek, ordea, mundua kontrolatzen duten oligarkien izaera faxista eta misoginoa agerian uzten dute. Azken asteetan, mundu guztiak ikusi ahal izan du nola, Netflixeko telesail bat balitz bezala, Epsteinen kasuan ehunka ume eta emakume sistematikoki bahitu eta bortxatu dituzten. Gure begien bistan gertatzen ari da eta inpunitate osoz jarduten dute. Julio Iglesiasi ere bere diruak eta ospeak baimendu diote urte luzeetan bere etxeko langileak esplotatu, sexualki erasotu eta guztiz kontrolatzea. Eta Espainiako goi-klaseak hori babestu du, agerian jarriz, beste behin, emakume pobreak ezerezaren pare jartzen gaituztela, gu erabat deshumanizatuz.
Ideia matxisten eta faxisten zabalpenak gero eta babesgabeago uzten gaitu emakumeok. Gero eta gehiago dira matxismoa eta indarkeria ukatzen dituztenak eta ultraeskuinak sortzen dituen buloak bere egiten dituztenak, emakumeon aurkako gorrotoa handituz. Azken astean argitara atera da Espainiako Estatuko gazteen erdiak feminismoa manipulazio politikorako armatzat hartzen dutela [2]. Bien bitartean, emakumeok matxismoa gure egunerokoan jasan behar izaten dugu, eta erabat babesgabe sentitzen gara. Horren adibide da polizia-indarren baitan dagoen erasotzaile kopurua. Eta, halere, esango digute komisarian salatzeko; salaketarik gabe kasurik ez dagoela eta konfiantza izateko. Bitartean, bortxaketagatik salatutako Espainiako polizia-buruetako batek, erretiroa hartu eta %20ko gainsoldata izango du bizi osorako. Lege frankista bati esker, %10eko igoera izango du bere pentsioan Merezimenduaren gurutze gorri bakoitzeko [3].
Agerikoa da legeak zeinen mesederako dauden eginak; abortu-eskubidearekin ikus dezakegun bezala. Ezkerrak abortua eskubide bat dela aldarrikatzen badu ere, errealitatean ez da horrela. Eta, gainera, alderdi eskuindarrek eta ultraeskuindarrek jopuntuan jarria dute. "Abortuaren ondoko sindromea" izateko arriskua dugula edo "bizi berri bat" hiltzen ari garela bezalako astakeriak entzuten jarraitzen dugu antiabortisten ahotik, klinika pribatuetara abortatzera baldin bagoaz. Eta ultraeskuineko alderdi politikoak kriminalizazio hori guztia sustatzen ari dira. Gaur-gaurkoz, emakume migrante askok eta askok, esaterako, paperik ez izateagatik abortatzeko aukera ukatua dute. Estatu Batuetan emakume asko etxean erditzen ari dira, ICEren atxiloketen beldur baitira. Distopia bat dirudi, baina errealitateaz ari gara.
Bitartean, ultraeskuinak, fokua desbideratzeko, bestelako gai batzuk jarri nahi ditu eztabaida publikoaren zentroan. Lanketa ideologiko klasista, arrazista eta matxista elikatzea besterik ez dute helburu. Horrela egiten dute, adibidez, indarkeria matxista kasuetan erasotzaileak etorkinak direnean. Eta hala ulertu beharko genuke azken asteetan PPk eta Voxek burkaren inguruan sortutako polemika interesatua. Bost axola zaie emakumeok bizi dugun zapalkuntza, eta are gutxiago emakume etorkinek bizi dutena. Mendebaldeko estatuak berdintasunean eta askatasunean oinarritutako gizarteak direla diote; aldiz, matxistak migranteak direla seinalatu nahi izaten dute. Beraien helburu bakarra etorkinen aurkako kriminalizazioa da. Emakume langileok mundu mailan zapaltzen gaituen gizarte kapitalistan eta kultura matxistan sakondu besterik ez dute egiten, ordea, emakumeok zapalduta mantentzen baikaitu gizarte honek tradewife figurara kondenatuta, burkarekin estalita edo gure gorputzen sexualizazioa inposatuta.
Estatu kapitalistan guztiz integratuta dagoen ezker instituzionalak ezer gutxi egin dezake matxismoaren aurkako euste-horma indartsu bat eraiki eta emakume langileok bizi dugun zapalkuntzarekin amaitzeko. Gorakada faxista baten beldurra instrumentalizatzen dute botoak irabazteko, egungo egoera emakumeontzako ona izango balitz bezala. Baina badakigu estatu kapitalistak miseria eta pobrezia besterik ez dituela guretzat. Lege-aldaketek edo erdi-mailako klaseko zenbait emakumeri egiten zaizkien aitortzek ez dute emakume langileok jasaten dugun zapalkuntza egoerarekin amaitzeko inolako ahalik. Gainera, ezkerreko alderdi eta figura parlamentarioak ere eurenganatzen ari dira diskurtso erreakzionarioa; kaleko antifaxismoa kriminalizatuz, aurrekontu militarren gorakada onartuz edo arrazismo soziala normalizatuz.
Ezin dugu estatuko instituzioen ogi-apurren zain geratu. Berebiziko garrantzia dauka aipaturiko gertakari eta problematika horiek guztiak politizatzeak. Emakumeok matxismoaren aurkako borrokan lehen lerroa hartu behar dugu, eta gure zapaldu egoerarekin amaitzeko norabide estrategiko argi bat eskaini behar diegu emakume proletarioei. Norabide horretan, Martxoaren 8a borroka-egun gisa berreskuratzeko erronka dugu aurretik: Estatu Sozialistaren eraikuntzan ekarpen ideologikoa eta politikoa egiteko, batetik, eta emakume langileok bizi dugun egoerari ikusgarritasuna eman eta borrokak indartzeko asmoz, bestetik. Argi izan dezatela miseria ekonomikoa eta matxismoa indartzen ari diren agintariek, esplotatzaileek eta faxistek aurrean edukiko gaituztela.
Erreferentziak