Ernai gazte-antolakundeak IV. Kongresua burutu berri du. Horren ondotik, kongresuko ondorio nagusiak aukeztu dituzte ekitaldi, artikulu edota elkarrizketetan. Sare sozialetan ere egon da horren guztiaren inguruko eztabaidarik, eta ongi etorria izan dadila, eztabaida arrazionalak posizio politikoak argitzeko eta sakontzeko balio baitute, funtsezkoa kapitalismoaren gainbehera garaiotan. Nola ulertu gazte-problematika? Zer fasetan dago kapitalismoa? Estatu kapitalisten joera nagusiak zein dira? Nola egin aurre nazio-zapalkuntzari edota emakume langileon zapalkuntzari? Gaur egun zein dira estrategia sozialistaren erronka nagusiak? Nola elikatu Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza-prozesua? Horiek eta askoz gehiago dira zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde borrokan ari garen guztiok egin beharreko galderak, eta eztabaida politikoak lagundu dezala galdera horien erantzun posibleak modu eraginkor eta konplexuan ematen.
Bada, Ernaik bere ikuspegi politikoa aurkeztu du egunotan eta horren inguruko hausnarketa kritiko bat egin nahiko nuke artikulu honetan. Horretarako, lehenik eta behin, ezker abertzaleak eta Ernaik defendatzen duten norabide estrategikoari erreparatuko diot; ondoren, gaur egun sozialismoa langileriaren artean zabaltzearen garrantzia azpimarratuko dut, zeinak Ernairen diskurtsoan gero eta zentralitate txikiagoa duen; eta azkenik, gazte-antolakundearen hegemonizaziorako logika politikoaz eta militantzia-ereduaz jardungo dut.
Hasteko, Ernaik dio Euskal Herrian askapen-borrokaren ikuspegitik ziklo politiko berri bat zabaltzear egon daitekeela eta Euskal Herriko gazteria askapen-prozesura batu nahi duela. Noski, hemen erabakiorra da askapen-prozesuaz zer ulertzen den argitzea. Bada, gaur egun ezker abertzalearen baitan nagusitzen den ulerkera autonomismoarena da; hau da, Espainiako Estatu burgesaren baitan konpetentziak eskuratzen joateko ikuspegia. Autonomia-estatutuan pausoak ematea omen litzateke Euskal Herriaren askapena lortzeko gaur egun dagoen bide posible bakarra.
Norabide estrategiko hori ezker abertzaleko hainbat figura edo adierazpenetan ikusten dugu behin eta berriro: Otegiren elkarrizketetan, Otxandianoren hitz-hartzeetan, EH Bilduren politiketan... Ernaik ere kongresu honetan ikuspegi hori berretsi du. Noski, ikuspegi autonomista justifikatzeko beharrezkoa da gobernuan dagoen PSOE zuritzea eta bere izaera aurrerakoia nabarmentzea. Ernaik IV. Kongresuan Espainiako Estatuko azken bi hamarkaden inguruan egiten duen irakurketari erreparatzen badiogu, tesi nagusietako bat zera da: gaur egungo PSOEk bere posizio klasikoak alboratu ditu, agertoki hobe bati bide eginez. Gauzak horrela, aukera-leiho bat ireki omen da Euskal Herriarentzako, alderdi subiranisten presiotik eta koalizio-gobernuaren izaera aurrerakoitik eratorrita. Ikuspegi autonomistari bideak irekitzen dizkion analisi baten aurrean gaude. Hipotesi horren baitan, zentzua hartzen dute ezker abertzalearen azken urteetako politikek: PSOEren gobernua baldintzarik gabe sostengatzea, EH Bilduren praktika politikoa Madrilen konpetentziak negoziatzera bideratzea, EAJ bidelaguntzat hartzea, autodeterminazio-eskubidea alderdi parlamentarioen arteko bulego-negoziaketara mugatzea, Polizia bera zalantzan jarri gabe polizia-eredu aldaketaz hitz egitea, Palestinako genozidioaren aurrean bi estatuen aterabidea defendatzea... Azken egunotan Zapatero zuritzera iritsi denik ere bada.
Ikuspegi autonomista horren aurrean bi ideia azpimarratu nahiko nituzke. Alde batetik, autonomismoaren eta independentziaren bideak erabat ezberdinak dira. Autonomismoa honela justifikatzen dute: konpetentzia autonomikoak edo estatus berria urrats bat gehiago lirateke independentziaren bidean. Baina, izatez, errealitatea kontrakoa da: autonomismoa Espainian integratzera bidean urrats handia da. Izan ere, Espainiako marko politikoa erreformatzen da Euskal Herriak bertan bere tokia izan dezan. Hobe esanda: Euskal Herriko alderdi politikoek (sistema estatalaren parte direnak) eta enpresa-munduak beren tokia eta negozio-esparruak eduki (berritu) ditzaten. Gainera, ezin dugu ahaztu PSOE Euskal Herriaren independentziaren aurkako alderdi bat dela, behin eta berriro frogatu duen bezala. Katalunian ere lortu du bertako independentzia- borondatea apaltzea eta Espainiako marko politikora lotzea, amnistia legearekin ikusi dugun bezala. Beraz, aurkako galdera eginez mahiagaineratu behar dugu auzia: autonomismoak atea ixten badio independentziari, zerk irekitzen dizkio autodeterminazioari eta Euskal Estatu Sozialistari?
Beste alde batetik, toki bat baino gehiagotik Euskal Herriko Mugimendu Sozialistari zera aurpegiratu digute: Europa mailako iraultza sozialistaren zain egonda ez dugula ezer aldatuko, eta independentziaren bidean pauso txikiak emateko garaia dela. Baina, gaur egun inor ez da Euskal Estatu burgesa eraikitzen ari. Gaur egun ez dago prozesu independentistarik martxan, prozesu autonomista parlamentarioa baizik. Euskal Herrian prozesu iraultzaile batek lagundu lezake Europa mailako iraultza sozialista indartzen, baina EH Bildu ez da inolako iraultzarik egiten ari. Bide batez, aurreko hamarkadetan bezala, gaur egun ere PSOE iraultzarako baldintzak okertzen ari da, eskubide zibil eta politikoak etengabe urratuz. Horregatik, estrategia autonomistari kritika egitea guztiz beharrezkoa eta zilegia da. Era berean, Euskal Estatu Sozialistaren eta internazionalismoaren aldeko propaganda egiteko garaia dela uste dugu. Lehenik, Euskal Herriko langileriaren artean ikuspegi sozialista-iraultzailea hegemoniko bihurtzeko izugarrizko lana daukagu aurretik. Horretan saiatzen ari gara eguneroko lanketen, mobilizazioen, borroken, ekimenen eta abarren bitartez. Bigarrenik, ikuspegi internazionalista eta antolakuntza komunista Europa mailara zabaldu behar ditugu.
Hemen ideia bat txertatu nahiko nuke. Autodeterminazio.eskubidea Mugimendu Sozialistaren puntu programatiko nagusietako bat da. Guretzako autodeterminazioa ez da soilik bateragarria langileriaren artean kontzientzia internazionalista zabaltzearekin. Guretzako autodeterminazioa internazionalismoa eraikitzeko osagaia ere bada. Nazio zapalduen autodeterminaziorako baldintzak jarriko dituen nazioarteko sozialismoaren alde egiten dugu guk.
Artikulu honetako bigarren hausnarketari helduko diot orain; hots, ezker abertzalearen bide beretik, azken urteetan diskurtso sozialista-iraultzaileak zentralitatea galdu du Ernairen baitan. Kongresu honetan publiko egin dituzten testu eta adierazpenetan ere nabaria da hori. Kasurik onenean, klase-problematika sindikalismora mugatzen dute, LAB erreferentziazko sindikatutzat hartuz. Besteetan, klase-auzia aipatu ere ez dute egiten. Noski, soldataren inguruan egiten diren borrokek garrantzia handia dute. Baina horizonte sozialista-iraultzailea falta da Ernairen eta, oro har, ezker abertzalearen baitan. Klase-borroka, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa, alderdi iraultzailearen eraikuntza, boterea hartzearen auzia, eta antzeko auzi estrategikoak ez dira ageri ere egiten Ernairen ikuspegi estrategikoan. Beraiek dioten moduan, nazio-auzia erdigunean jarri eta "gazte-bulkada nazionala" indartzeari emango diote garrantzia berezia.
Antolakunde sozialista bezala, guretzako lehen mailako auzia da sozialismoaren aldeko propaganda egitea. Aurreko mendeetan batez ere sozialismoaren aldeko borroketatik etorri ziren askapen-prozesu eta eskubide-lorpen esanguratsuenak. Gaur egun estatu autoritarioak ezartzeko apustua egiten ari da oligarkia, horrek dakartzan militarizazio eta eskubide politikoen ezabapen saiakerekin, eta berriro sozialismoaren proiektua langileriaren artean hegemoniko bihurtzea inoiz baino beharrezkoagoa da. Estatu sozialisten hedapenak soilik ireki lezake langileon eskubideen zabalpenerako marko posiblea gaur egun. Aldiz, "gu ere komunistak gara baina gaur egun ezinezkoa da" edota "sozialismoaren eraikuntza utopia hutsa eta pentsamendu magikoa da" bezalako baieztapenek ez dute inolako ekarpenik egiten norabide horretan. Ezker abertzale ofizialistako arduradun eta influencer nagusiek ideia horietan hezten saiatu dira beraien militantzia eta oinarri sozialeko jendea, eta horrek ondorio nabarmenak ditu.
Bide batez, Mugimendu Sozialistako militanteok ez gaude Europako iraultzaren "zain". Jada milaka gazte gara egunerokoan militantzia politikoan murgildurik gaudenak eta hamaika borrokatan parte hartzen dugunak: indarkeria matxistaren eta arrazakeriaren aurka, Palestinako eta Kubako herri langileen alde, etxegabetzeen aurka, faxismoaren hedapenaren aurka, euskaraz bizi eta ikastearen alde... Kaleetan, lanpostuetan, ikastetxeetan, Gaztetxeetan gaude, ikuspegi sozialista langileriaren artean zabaltzen. Iraultza ez da etortzen, antolatu egiten da, eta jende askoz gehiagoren beharra daukagu.
Azkenik, badirudi berehalako arrakasta eskuratzeko logika populistaren pean jarduten duela ezker abertzaleak. Nabarmena da, adibidez, diskurtso feministari dagokionez. Aurreko hamarkadan indarra hartu zuen feminismoak eta ezker abertzaleak zentralitatea eman zion bere diskurtsoan. Urteak pasatu eta jendartearen zentzu komuna aldatu den bezala, zentralitatea kendu diote erabat, transfeminismoak ez duelako lortzen lehen feminismoak zuen atxikimendu-maila berdina. Kongresu honetan, Ernaik bere izaera eta erronkak plazaratu diituenean, badirudi oinarrian logika hori jarraitzen dutela. Izan ere, bulkada nazionalari heltzea, antolakundea jendartera zabaltzea edota militantziaren izaera politikoa malgutzea horren adibide gisa har daitezke. Populismoak jendartearen zentzu komuna eraldatu baino, zentzu komunera egokitzea bilatzen du, berehalako arrakasta eskuratzeko bide bezala. Kontua, ordea, zentzu komuna eraldatzea da.
Bada, sozialismoaren bidean aldaketa handiak egiteko eta gazte langileen artean borondate sozialista-iraultzailea zabaltzeko norabidean, ezin diegu uko egin mobilizazio politiko indartsuei, lanketa ideologiko zorrotzari eta militantzia-eredu iraultzaileari. Oinarri horien baitan posible da masazko mugimendu iraultzaileak artikulatzea. Egin diezaiogun ekarpena norabide horri. Eskua luzatzen diogu proiektu horri ekarpena egin nahi dion orori.