AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Joanex Artola
2020/04/20 16:12

Versión en castellano

Izan ere, antolaketa teoriaren eta praktikaren arteko bitartekaritza-modua da, eta, harreman dialektiko guztietan bezala, kideek ez dute, kasu honetan ere, zehaztasunik eta errealitatearen zantzurik, bitartekaritza horregatik ez bada . (...) Teoria hutsean, ikuskera eta joera desberdinenak eta haien kontrasteak bake-bakean bizi daitezke eta antolakunde beraren esparruan gara daitezkeen eztabaiden forma hartzen dute, antolakunde hori nahitaez hautsi gabe. Aitzitik, arazo horiek antolakuntzaren aferatik aurkezten badira, orientazio kontrajarri eta bateraezin gisa agertzen dira.”

György Lukács

Espainiako Gobernuak ezarri duen alarma-egoera dela eta, destakamendu iraultzaileok, gaur egungo antolaketa-modua birpentsatu behar izan dugu, burgesiak borroka-baldintzak erabat mugatu dizkigulako. Kapitalaren depresio globala areagotu duen osasun-krisiak ziurgabetasuna nagusi den errealitatea sortu du. Ezin dugu jakin zer gertatuko den gure bizitzekin, zer gertatuko den proletargoaren bizitzekin. Ikasleok, adibidez, ez dakigu ezer ebaluazioaren tipologiari buruz, ez dugu mekanismorik ebaluazioa orain arte ezarritakoaren arabera egiteko, eta beste hainbar arazo abar luze bat.

Kapitalaren muinetatik datorren testuinguruaren ondorioz, proletargoa babesgabe dago Covid-19aren aurrean, besteak beste, lanera joan behar baitu. Biziraupenearako beharrezkoak diren erreprodukzio beharrak asetzeko soldatarik ez duten familiena ere nabarmendu beharreko kasuistika da: kontaezinak dira langile-klaseari ezartzen zaizkion errealitate ustelak.

Aipu bat jaso nahiko nuke aztertu nahi dudan gaiaren modu politikoari eutsiz . Hodei Mendinuetak “Arautze proletarioa zuzenbide burgesaren aurka” artikuluan modu bikainean azaldu zuen nola doitzen den zuzenbide burgesa kapitalaren momentura, bere makinaria juridikoaren bitartez. Hain zuzen ere, artikulu horren aipu bat egin nahiko nuke: ” Burgesiak bi modutan gauzatzen du proletariotzaren gaineko kontrol soziala: zeharka (normaltasun juridikoko garaietako egoera) eta zuzenean (salbuespen juridikoko edo ordenamendu juridikoa indargabetzen denerako egoera)”. Zoritxarrez, salbuespenezko uneak bizi ditugu (ez dut esan nahi normaltasunera itzultzea jarrera positiboa denik).

Gauzak horrela, erakunde komunistan sakontzea besterik ez zaigu geratzen. Hori hainbat etapetatik igarotzen den arren, gaur egun defentsa-aldian gaude; eta, beraz, funtsezkoa da askatasun politiko unibertsalen defentsa. Hala ere, normaltasun kapitalistan egon ere ez dauden askatasun horiek, gaur egun ameskeria baino ez dira. Puntu horretan ageri zaigu azaldu nahi dudan gaiaren muina: militante proletarioek edonola ere antolatzeko duten eskubide historikoa hain zuzen ere. Alde horretatik, beharrezkoa da antolakuntzarako eskubide librearen apologia egitea; izan ere, une honetan antolatzeko ditugun aukera horiek murritzak bezain premiazkoak dira.

Antolakunde komunistentzat funtzionaltasun operatiboa garrantzitsua izanagatik ere, epe motzera, funtsezkoa izango da modu egokian antolatu ahal izatea proletargoaren defentsa askatasun politikoen, eskubide ekonomikoen eta eskubide juridikoen aldetik. Baita bere oinarrian klase independentzia duen programa gauzatzeko ere. Programaren zehaztapenak bere gain hartzen ditu neurri zehatzak (gutxiengoen programa). Azken horiek, ezinbestean premisa estrategikoekin eta maximoen programarekin bat etorri behar dira. Azken batean, Programarekin eta langile-klasearen zeregin historikoarekin egingo da. Horregatik, logikoki, gure indarrak garatzeko beharrezkoak dira antolakuntza eta klase borroka. Lehena printzipio gisa, eta bigarrena gure borroka ahalmenak garatzeko estadio gisa.

Agerikoa denez, beraz, komunistoi debekatua izan zaigu aipaturiko biltzeko eskubidea: legezkotasun burgesa zalantzan jartzen duenak ezin du estatu burgesaren errepresio-indarrek kontrolatuta dituzten tresna teknologikoak erabili, telematikoki biltzeko. Aldiz, esparru sozialdemokrataren aldetik ez dugu 1biltzeko askatasuna adarrikatzen duen adierazpenik ikusi edo entzun. Hori, beraien praktika politikoa sistemarentzako zilegi eta, beraz, legala dela asumitzen dutelako izango da. Ezta? Edo ez al da izango haien “erradikaltasun” diskurtsiboa jite erreformista duen performance hutsa delako? Ondorio nagusietako bat da, ez diela batere txunditzen emandako gauzen egoera iraultzeak.

Gainera, kosmobisio sozial burgesa agortzen ari den honetan, bere programa interklasistak zentzua galtzen du: Ongizate Estatua dekadentzian dagoelako eta paktu soziala berreraikitzeko zailtasun ikaragarriak daudelako. Are gehiago, ezin dugu oharkabean pasa, eta garrantzitsua da azpimarratzea —nire ustez— politikarien arteko eristika-testuinguru horretan, estatu burgesa ezkerretik aurreratzeko auzi hori. Hodei Mendinuetak zioen bezala, beti a posteriori ematen dena. Kontsigna sozialdemokraten eta erreforma estatalen arteko bateragarritasunaren beste ebidentzia bat.

Ildo Sozialistak, ordea, eskumena izan du borroka-fronte desberdinak artikulatzeko, bere erakundeen bidez, oztopoak oztopo (gertatuko denaren ziurtgabetasuna, biltzeko ezintasuna, maite ditugun pertsonak gaixotzea...) Hala ere, aditzera eman nahi nuke berriro gure antolakuntza birformulatzea lortu dugula, eta baita proletargoaren borroka berrantolatzea ere, erasoaldi burgesa bere forma guztietan geldiarazteko. Ikasleon eremuan, neurri proletarioen Programa eratu dugu. GKSk aholkularitza judiziala eta laborala jarri ditu eskuragarri proletargoarentzat; eta hori guztia, biltzeko aukerarik izan gabe! Ia antolatzeko aukerarik eduki gabe! Eman diezaiogun behar duen garrantzia.

Diodana diot, behartutako konfinamenduak ez duelako zentzu medikorik, ez baitago osasun autoritate errealik -hori agerian geratzen da beraien gestioaren ezjakintasuna nabarmentzen duten inkongruentzia eta malabareekin-. Permisio-simulazio bat besterik ez da ezkutuko salbuespen-egoera: enpresa handiek boterea “espainiar erara” har dezaten, hau da, gogoak ematen dien moduan. Finean, aberatsei botere osoa ematea da, ez soilik gizarte osoaren baimenarekin, baita bere burua sozialista eta iraultzailetzat izendatu eta praktikan estatuaren kolaboratzaile besterik ez diren horien babesarekin ere.

Laburbilduz, agertu nahi dudan ideia da antolakuntza librea bere zentzu komunistan nagusitzeko beharrizana daukagula, id est, antolatzeko eskubide erreala gizartean subjektibizatzea. Bada, Lukács-ek dioenez, teoria eta praktikaren arteko bitartekaritzak ahalbidetzen du gure jarduera azken ondorioetaraino eramatea. Bestela esanda, printzipio komunista unibertsalak eta haien praxia bideratzea, zentzu estrategikoa emanez. Antolatzeko eskubidearekin, zaila izango da; antolatzeko eskubiderik gabe ezinezkoa. Komunisten salbuespen-egoera ez iraunaraztea, gure izatearen zentzua arrazionalizatzea da.