IKUSPUNTUA / Errepresioa
"Egoera batzuetan gosea eta jateko gogoa elkartzen dira"

Otegiri beti nabaritu izan zaio politika zein parametroren baitan ulertzen duen eta, beraz, nori dagoen prest eskua luzatzeko eta nori ez. Radio Euskadin egindako azken elkarrizketa horren beste adibide bat izan da: Cerdan eta oro har PSOEren zuriketa saiakeraren bat zein beste egin ditu; harremanetarako eta elkarrizketarako duen borondate zabala adierazi du (politika instituzionalean inplikatutako agenteekin soilik, noski); eta Mugimendu Sozialista, gutxiespen absolututik, desitxuratzen saiatu da. Otegiren hitz-hartzetik txosnen betoaren inguruan zer esana badago ere, Segurtasun sailburuaren ulerkera-markoa bere egin izanari heldu nahi nioke.

Boulevarden egin dioten elkarrizketan Arnaldo Otegik arduraz jokatzeko eskatu du guztiz interbentzio arduragabe batean. Eta zergatik diot hori? Bada, Bingen Zupiriak, hainbatetan egin duen bezala, Loiuko Ertzaintzaren esku-hartzea justifikatzeko eraikitako errelatoa erreproduzitu duelako EH Bilduko buruak: tentsio-testuinguru bat existitzen dela, eta interesak daudela uda gatazkatsu bat izateko, herri-mugimenduko hainbat eragileren partetik ere bai.

Arduragabea da, errelato horrek arrisku handia dakarrelako herri-mugimenduko eragileentzako, eta ez da lehen aldia EH Bilduk Jaurlaritzaren interesen mesederako kontua erosten duena. Euskal Herriko Selekzioak Palestinako Selekzioaren aurka izan zuen futbol partidan ere, EH Bilduko bozeramaileek Segurtasun sailburuaren diskurtsoa erosi zuten. Egoera tentsionatzeko saiakera hain izan zen nabarmena, non partidaren aurretik deituta zegoen kalejirako antolatzaileek ustezko gatazkarako borondate hori gezurtatzeko agerraldi bat egin behar izan zuten.

Ez dakit EH Bilduko bozeramailearen intentzioa alderdi arteko akordio edo kontzesioen logikan mugitzen den; beraien burua bakegile eta bakezale bezala definitzeko beharrizanetik eratorria den; herri-mugimenduko hainbat agenterekiko distantzia bat markatzeko nahia duen, proposamen instituzional serio bezala egonkortzeko bere alderdia; edo, zuzenean, herri-mugimenduko eragile batzuen aurkako kriminalizazio saiakera bat dagoen hitz-hartze horretan. Hala ere, borondatea zein den jakiterik ez dagoenez, seinalatzea dagokigu Otegik erreproduzitu duen diskurtso horrek errealitatea ukatzen duela modu agerikoan, egia honakoa baita: Jaurlaritzak herri-mugimendua eta instituzioetatik kanpoko dinamika politikoa erreprimitzen ditu sistematikoki eta horretarako Polizia erabiltzen du. Biolentzia aldebakarrekoa da. Ez dago herri-mugimenduaren eragileen partetik Poliziaren aurkako kanpainarik; eskubide politikoen erregresio nabarmen bat da hemen dagoena. Ez dago uda gatazkatsu edo biolento baterako intentziorik; Poliziaren balizko interbentzio batzuk justifikatzeko agertoki baten prestaketa da hemen dagoena. Herri-mugimenduaren eta besteak beste Mugimendu Sozialistaren inguruko lastozko panpin bat eraiki nahi dute, errepresioa justifikatzeko. Jaurlaritzaren errelatoa, proposamen politiko erradikalak biolentziarekin lotzeko saiakerarena, ez da berria. Hamaika eragile kriminalizatu eta desartikulatzeko alderdi politikoen ohiko errezeta baino ez da, eta modu horretan etekin politikoa izan eta alderdi instituzionalak legitimatzeko bidea ere bada.

Otegiren adierazpenek, tentsioa gutxitu ordez, hura areagotzeko baino ez dute balio, eta Jaurlaritzari bidea errazteko, herri-mugimenduaren aurka jardun dezan. Azken finean egia izango da "politikak ohe-kide arraroak sortzen" dituela. Guk bai hartzen dugula arduraz dagokiguna, hau da, kosta ahala kosta eskubide politikoak defendatzea.