IKUSPUNTUA / Abortatzeko eskubidea

Abortatzea, oztopoekin oraindik ere

Urriaren 28an Monica Garcia Osasun ministroa "oztoporik gabeko abortua" iragartzen ikusi genuen, Abortuaren Nazioarteko Eguna zela-eta. Albistea eman eta berehala, EAEn neurri berriak sustatzeko apustuaren berri ematen hasi zen prentsa: "Extra! Extra! Abortua ez pribatizatzeko konpromisoa hartuko dugu!". Modu horretan, sistema publikora eraman nahi dute haurdunaldiaren sendagai bidezko etetea, a priori, haurdunaldia hamar astera heldu aurretik.


Lehenik eta behin, osasun-instituzioek propaganda politiko gisa aurkeztu dituzte neurri horiek, osasun-langileekin hitz egin baino lehen. Oraindik ez dago plangintza egituratu bat mahai gainean, ez prestakuntzarik ez gainbegiratutako protokolo bateraturik ere. Horrek guztiak agerian uzten du zer nolako borondate falta dagoen kalitatezko arreta bat bermatzeko, eta neurri hauek zuriketa soila direla. Gainera, lotsagarria da abortua oraindik ere pribatizatuta dagoela ikustea, bi olatu feminista tarteko, batzuk emakumeon erreprodukzio-eskubideez etengabe ari direla ikusten dugun bitartean.


Abortatzeko eskubidearen unibertsalizaziorako aurrerapausoak ematen ari direla dirudien arren, neurri hau kolaborazio publiko-pribatuan oinarritzen den osasun-sistema kolapsatu batentzako beste adabaki bat besterik ez da. Zer gertatzen da hamar asteren barruan sartzen ez diren kasuekin? Eztabaidatzen jarraitu behar al dugu ea zein kasu bai eta zein kasu ez?


Unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa izango den abortua nahi dugu, eta, horretarako, beharrezkoa da sistema pribatuak ematen dituen zerbitzu guztiak pazientearen mesederako sozializatzea. Interes ekonomikorik gabe, erreprodukzio-eskubideen gaineko salbuespenik gabe. Modu horretan gaindituko ditugu oztopo guztiak.