Orain dela astebete jakin genuen Iruñeko Udalak Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak isundu dituela iazko sanferminetan jota aldarrikatzaile bat abesteagatik. Jota aldarrikatzaileek tradizio luzea dute, eta kantu mota hori, oro har, oso erabilia da Nafarroan. Astakeria erabatekoa da, isunak zuzenean egiten baitu adierazpen-askatasunaren aurka eta informatzeko eskubidearen kontra.
Jakinekoa da etxebizitzaren auzia arazo larri bat bihurtu dela herritarren gehiengoarentzat. Egiturazko arazo bilakatu da, besteak beste, Espainiako Estatuko kapitalismoaren baitan. Gutxi batzuek diru mordoa eskuratzen duten bitartean, langile-klaseari etxebizitzarako sarbidea ukatu zaio eta egoerak ez dauka hobetzeko itxurarik. Horregatik da hain garrantzitsua Etxebizitza Sindikatuek egiten duten lana: egoera honi aterabidea emateko proposamenak egiten dituzte, etxegabetzeak gelditzen dituzte, higiezinen negozioa salatzen dute eta, oro har, klase-kontzientzia hedatzen dute. Neurri txikian bada ere, higiezinen negozioari jarritako kontrapisua direla esan genezake. Antolakuntza horren guztiaren aurka egin du Iruñeko Udalak, aipatutako isuna jarrita.
Bi gauza gehituko ditugu: 1. Orain arte ez da inolako autokritikarik egon udalaren partetik, ez eta EH Bilduren aldetik ere. Edozein motatako aitzakiak topatzen eta gezurretan ibili dira, tartean, beraiek ez daukatela ardurarik isun horretan edo isuna jartzea eta kentzea ez dagoela beraien esku. Jakin badakigu gauzak ez direla horrela eta 1.800 euroko isuna beraien ardura zuzena dela. 2. Suposatzen da EH Bilduren gobernua gauzak aldatzera etorri zela, eta ez aurreko gobernuen formak errepikatzera. Ezkerreko gobernu batek eskubide politikoen berme izan "beharko luke", baita herri-mugimenduaren bidelagun ere, sektarismoak aparte utzita. Ikusten ari garen guztia kontrako norabidean doa eta egunez egun argiago geratzen ari da alternatiba baten beharra.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistari babesa emateko momentua da. Egiten duen lan guztia balioan jarri eta aurrera egiten laguntzeko momentua da. Horrelako tresna gehiago behar ditugu, lan militantea oinarri dutenak. Burokrazia instituzionala, sektarismoa eta eskuinaren formak errepikatzea soberan daude, kapitalismoaren injustiziei aurre egiteko xedea dugunon artean behintzat.