Gerraren presentzia gai ziklikoa izan da XX. mendean, eta badirudi, XXI. mendean, berriro ere, hala izaten ari dela. Horren atzean dauden arrazoiak politika diplomatikoetan edo ustekabeko gertaeretan bilatzea historia unean uneko erabakien kateatze gisa ulertzearen parekoa da, erabaki horiek soilik beren eramaileen borondatearen mende baleude bezala. Horregatik, marxisten betebeharra da gerrari buruzko literatura sozialista aztertzea, benetan ulertu ahal izateko haren egiturazko kausak, ondorioak eta, batez ere, komunistok horren aurrean ditugun zereginak. Hori bera izango da artikulu honen muina, XIX. mendearen bigarren erdialdetik III. Internazionalaren eraketa arte. Gaiaren mugatze mailaz jabetuta, uste dut jorratu beharreko aldiak inperialismoari eta gerrari buruzko eztabaida oso garrantzitsu eta egokiak biltzen dituela, gaur egun aplika daitezkeen ondorioak atera ahal izateko.
GERRAREN IKUSKERA MARXISTAREN JATORRIA
Marx eta Engelsen garaira jotzen badugu, gerra materialismo historikoaren bidez aztertu beharreko fenomenotzat jotzen zuten pentsalari haiek.Materialismo historikoak klase menderatzailearen politikaren jarraipen gisa ulertzen zuen gerra, beste bitarteko batzuk erabilita, hau da, indarkeria erabilita, Clausewitzek azpimarratzen zuen bezala. Estatua klase menderatzailearen interesak ordezkatzen dituen erakunde ez-neutro gisa ulertuta, nazioen arteko gerrak, baita gerra zibilak ere, klase menderatzaileen interesen defentsa armatua baizik ez dira. Hala ere, ez zuten modu bakezalean jokatu haren aurka, batzuetan gerra horiek gizarte burges aurrerakoi berri baten sorrera ekar zezaketelako, non proletariotzaren garapena aurrerapen historikoa izan zitekeen. Marxek Kapitala lanean esan zuen bezala, “indarkeria da gizarte berri bat erraietan daraman gizarte zahar ororen abiapuntua”. Horregatik bereizi zituzten gerra aurrerakoiak eta erreakzionarioak, aurrenekoak legitimatuz eta besteak arbuiatuz.
Estatua klase menderatzailearen interesak ordezkatzen dituen erakunde ez-neutro gisa ulertuta, nazioen arteko gerrak, baita gerra zibilak ere, klase menderatzaileen interesen defentsa armatua baizik ez dira
Marxek eta Engelsek aztertu zituzten bi gatazketako bat Amerikako gerra zibila izan zen. Gatazka horrek bi ekoizpen modu kontrajarriren arteko aurkaritza saihestezina irudikatu zuen: soldatapeko lanaren eta esklabo lanaren artekoa. Bi pentsalariak garbiki agertu ziren Erresuma Batuak bertan parte hartzeko zuen asmoaren aurka, eta haien aktibismoa iparraldearen defentsan oinarritu zen, iparraldea hegoaldeko esklaboen askapenaren eta bere burua emantzipatzeko gai zen klase proletario zabal baten sorreraren adierazle baitzen.
Frantziaren eta Prusiaren arteko gerraren aurrean izan zuten jarrera pragmatismo iraultzaile beraren beste adibide bat izan zen. Hasierako jarrerak gerra legitimatu zuen Napoleon III.ari aurre egiteko, Alemaniaren bateratzeari eta, horrekin batera, haren nazio eraketari eta garapen kapitalistari oztopo egiten baitzion. Haren porrota aurrerapen historikoa zatekeen europear feudalismoarekiko, jakinik bereziki errusiar tsarismoak sostengatzen zuela feudalismo hori. Hala ere, posizioa erabat aldatu zen Napoleonen errenditzearekin eta Errepublikaren aldarrikapenarekin, gerrak izaera konkistatzailea hartu baitzuen, bereziki Alsazia eta Lorrenarekiko, eta hori gogor kritikatu zuten Marxek, Engelsek eta Alemaniako Langile Alderdi Sozialdemokratak. Gerraren norabidea ikusita, frantziar eta alemaniar langileei dei egin zieten, gatazkaren aurka batu zitezen, gerra horrek etorkizuneko liskar odoltsuagoetarako bidea irekitzen zuela ohartaraziz.
Hain zuzen ere, gerrari buruzko diskurtso aldaketa horretan suma daitezke kapitalismoaren garapen monopolistari buruzko lehen oharrak, gerora Leninek eta Hilferdingek zehaztasunez definituko zituztenak. Marxek termino horietan hitz egin ez bazuen ere, interes ekonomikoengatik herrialdeak konkistatzeko halako konpultsioa inperialismorik sakonenaren garaian gertatuko zenaren aurrekaria izan zen.
Frantziako esperientziak, eta ondotik, Parisko Komuna ezarri izanak, ondoren gerrarekiko teoriaren garapen leninistarako erabakigarria izango zen behaketara eraman zuten Marx. Argi geratu zen nazioen arteko gerra klase menderatzaileen tresna zela, gerra zibila atzeratzeko, klaseen arteko gatazka soziala piztu bezain azkar abertzaletasuna alde batera uzten zuten eta. Azken finean, ezpataren, lurraren eta kapitalaren jaunek bat egiten zuten langileriaren aurka, hark ordena kapitalista mehatxatuz gero.
Gerra Europara itzuli zen testuinguru horretan, Langileen Nazioarteko Elkartean (LNE) ibilbide orri bat marrazten hasi ziren. Haren hasierako manifestuaren puntu gakoetako bat langile klasearen prestakuntza teorikoa bultzatzea izan zen gobernuen politikan, diplomaziari aurre egiteko, eta are gehiago tsarren autokraziarekin harremanak estutu behar zituztenentzako. Gainera, LNEko sekzioei eskatu zitzaien langileak bultzatzeko etorkizuneko langileen odolusteen atarikoak izango ziren gerrak saihestera.
Argi geratu zen nazioen arteko gerra klase menderatzaileen tresna zela, gerra zibila atzeratzeko, klaseen arteko gatazka soziala piztu bezain azkar abertzaletasuna alde batera uzten zuten eta
Ikus dezakegunez, beren planteamenduetan pragmatikoak izan arren, Marxek eta Engelsek proletariotzaren klase garapena bilatzea lehenetsi zuten beti. Oportunistek gertaera horiek guztiak erabili izan dituzte gerra inperialista anakronikoki justifikatzeko, adibidez, Marxek tsarren gobernuari etengabe egin zion kritika baliatu zuten guztiz inperialista zen gerra batean defentsismo alemaniarra justifikatzeko. Hala ere, Leninek gogor borrokatu zuen postura hori XX. mendearen hasieran.

Alexánder Deineka. 'Como derribado' (1943)
BIGARREN INTERNAZIONALAREN HASTAPENAK: GERRAREN AURKAKO LEHENENGO POSIZIONAMENDUAK
1887an idatzitako testu batean, Engelsek bikain iragarri zuen Lehen Mundu Gerra izango zena. Zehaztasun handiz aurreikusi zuen zortzi-hamar milioi langilek galduko zutela bizia Europako estatuen gorputz militar gero eta handiagoek iragartzen zuten gerra baten ondorioz. Hala ere, ez zuen sistema egonkor mantenduko zuen historiaren norabide saihetsezin gisa azaldu: haren ondoren piztuko ziren prozesu iraultzaileak ere aurresan zituen. Aipatu behar da aurreikuspen hori oso zehatza dela jatorrizko aipuaren ebazpen guztietan, eta agerian uzten digu une hartako jarrera sozialista, sistema kapitalistaren kolapsoa oso gertukotzat (agian gertukoegitzat) jotzen zuena.
Baina Marxek eta Engelsek gerrari buruz zuten jarrerarekin batera, XIX. mendearen amaieran nazioarteko mugimendu sozialistaren jarrera ortodoxoa garatzen joan zen, II. Internazional Sozialistaren kongresu eta konferentzietako adierazpen askotan antzeman daitekeena. Atal honetan, egokia iruditzen zait zenbait kongresuren ekarpenak aipatzea, gerraren aurrean jarrera sozialistaren zutabe izango zirenak marrazten hasi baitziren, 1914an traizioa gertatu zen arte.
1891ko bigarren kongresuan, Bruselan, Internazional Sozialistak sistema kapitalistaren pean gizakiak gizakia esplotatzea identifikatu zuen Europan hainbeste hazten ari zen militarismoaren jatorrizko kausa gisa. Ondorioz, deslegitimatu egin zuten gaizkiaren iturri ekonomikoak erreproduzitzen zituen sistemarekin amaitzeko asmorik ez zuen edozein bake asmo
1891ko bigarren kongresuan, Bruselan, Internazional Sozialistak sistema kapitalistaren pean gizakiak gizakia esplotatzea identifikatu zuen Europan hainbeste hazten ari zen militarismoaren jatorrizko kausa gisa. Ondorioz, deslegitimatu egin zuten gaizkiaren iturri ekonomikoak erreproduzitzen zituen sistemarekin amaitzeko asmorik ez zuen edozein bake asmo. Oinarri hori Internazionalak gerrari buruz egindako lehen eskakizunetako batean gopuztu zen, 1893ko Zuricheko hirugarren kongresuan, non langileen alderdiei kreditu militarren aurka bozkatzeko eskatu zitzaien. Esan beharra dago, ordea, II. Internazionalak gehienbat itsasargi ideologiko bezala funtzionatzen zuela, eta ez hainbeste aginte hierarkiko modura, eta horrek mugatu egin zuen haren erabakien eraginkortasuna.
Posizioaren bilakaera pixka bat aldatu zen Londreseko 1896ko laugarren kongresuan; bertan, aurretiko eskakizun praktikoak maxima bihurtu ziren, zeinek erakundearen norabide diskurtsiboa adierazten zuten, erakundearen norabide erreala baino gehiago. Kasu hartan, armada iraunkorrak ezabatzea eskatu zen,
horien partez milizia herritarrak sortzeko, baita nazioarteko arbitraje auzitegiak ezartzea ere. Era berean, exijentzia horiek erakusten dute epe laburrean sistema kapitalistaren erorketa gertatuko zela uste zutela. Azkenik, Londresen kolonialismoaren aurkako jarrera irmoa hartu izana ere aipatu behar da. Hala ere, printzipio horrek degenerazio eta haustura teoriko sakona jasan zuen, nagusiki Bernsteinek artikulatutako kritika errebisionistak eraginda.
MENDE BERRIAREN HASIERA ETA INPERIALISMOAREN KARAKTERIZAZIOA
XX. mendearen hasieran ireki zen garai berria, alderdi ideologikoan, kritika errebisionista agertu izanak markatu zuen. Alderdi materialean, berriz, sistema inperialaren kontraesan gero eta handiagoen garapenak ezaugarritu zuen, zentzu guztietan beren puntu gorenera iritsi zirenak. Garai horretan, kapitalaren garapen monopolistak, kapital finantzarioaren integrazio azkarrak eta nazioarteko sisteman gastu militar neurrigabeek eraldatu egin zuten gerraren karakterizazioa. Ondorioz, gerrak azkar galdu zuen XIX. mendeko gerra aurrerakoiaren kutsua; izan ere, beren eragin ekonomikoa handitzeko azken ondorioetara iristeko prest zeuden potentzia inperialista askoren arteko harrapari talka moduko bat bihurtu zen.
Leninen ustez, inperialismoaren zentzua, orduan, mundua eta, batez ere, lan indarra potentzia inperialisten artean banatzean zetzan. Kontua ez zen agintzea soilik, baizik eta lan indar koloniala ustiatzea, hortik gainbalio kopuru izugarriak atera ahal izateko
Paradigma aldaketa sakon horrek oro har gerrari buruzko azterketa eguneratu behar izatea ekarri zuen, eta, zehazki, azpian zuen inperialismoari buruzko azterketa eguneratu behar izatea. Belizismoa inperialismoarekin nahastu behar ez den arren, bien arteko identifikazio tautologikoak jarrera garaikide batzuk inperialistatzat ezin katalogatzera eramango gintuzkelako, guztiz beharrezkoa izan zen inperialismoari buruzko teoria bat garatzea. Hura gabe, ezin izango zitekeen gerra kapitalismo monopolistaren garapen dialektikoaren beharrezko mailatzat ulertu. Hala ere, formulazio hori ez zen hain erraza izan, Leninek iraganeko ikuspegi dogmatikoei zein oportunismo sozialistako teoria utopikoei aurre egin izan behar baitzien.
Lenin metodologikoki Marxek eta Engelsek onartutako abiapuntutik abiatu zen: Carl Von Clausewitzek formulatu zuen bezala, gerra politikaren jarraipena da, beste bitarteko batzuk erabilita. Horrela, gerra inperialistak nazioetako klase menderatzaileen interesak gauzatzen zituela defendatu zuen, bai eta 1789. eta 1871. urteen artean izandako gerra aurrerakoietatik oso urrun zegoela ere. Gerra aurrerakoi horiek feudalismoaren suntsipena eta nazioen askapena irudikatzen zituzten bitartean, oraingoek, kapitalari munduan zehar hedatzeko beharra baizik ez zutela ordezkatzen. Kapitalismoak, lehenago ordena feudalaren aurkako borrokan eta proletariotzaren sorreraren paper aurrerakoia izan zuenak, ekoizpen modu erreakzionario bihurtu eta bere indar produktiboak muga jakin batzuetaraino garatzean, bi bideren artean hautatu beharra ekartzen zuen: hamarkadetako, edo are, mendeetako zapalkuntza pairatzea, garai bateko sistema iraultzaile bat artifizialki mantentzeagatik, ala iraultza sozialistaren bidez berau gainditzea.
Leninen inperialismoari buruzko teoria kapitalismoaren garapenaren behaketa enpirikoan oinarritzen zen. Metaketaren logikak eta balioaren legeak kapital finantzarioan oinarritutako monopolioak eta oligarkiak sortzea ekarri zuen. Formazio ekonomiko horiek, gero eta eremu gehiago hartzen zituztenak, jada ezin ziren salgaien esportazio hutsarekin erreproduzitu, kapitala esportatzeari ekin behar zioten ekoizpeneko harreman sozial gisa. Premia horrek nazioarteko erakunde kapitalista monopolistak sortzea eragin zuen, eta mundua kontrol politiko eta militarraren bidez banatzea ekarri zuen, ustiapen ekonomikoari eusteko beharrezkoa baitzen.

Andréi Gorski. 'Perdido en combate. 1946' (1962)
Leninen ustez, inperialismoaren zentzua, orduan, mundua eta, batez ere, lan indarra potentzia inperialisten artean banatzean zetzan. Kontua ez zen agintzea soilik, baizik eta lan indar koloniala ustiatzea, hortik gainbalio kopuru izugarriak atera ahal izateko.
Urte haietan inperialismoari buruz sortutako literatura zabala gorabehera, interesgarria da teoria zehatz bat aipatzea, egilearen pisuagatik eta bere ondorengo jarrera politikoa legitimatu ahal izateko bete zuen funtzio argiagatik. Kautskyren ultrainperialismoaren teoriari buruz ari gara. Teoria horren arabera, kapital finantzarioen elkarketak munduko kapitala bateratzera joko luke, ekoizpena modu arrazional eta iraunkorrean antolatuz. Ondorioz, armagintza-lasterketa orok bere eraginkortasuna galduko luke, nazioarteko kartel handi hipotetiko bat garatzeko oztopo bat besterik ez bailitzateke izango. Ordea, logika horrek ez zuen kontuan hartzen herrialdeen eta ekoizpen adarren hazkunde desorekatua; izan ere, desoreka horrek armen bidez defendatu litekeen etengabeko botere harremana eragiten du. Horregatik, Leninek oportunista politikotzat jo zuen Kautsky, eta leporatu zion haren asmo bakarra epe laburrean taktika iraultzaileari uko egitea zela.
Gerra inperialismo garatuaren ezinbesteko une gisa deskribatuz gero, ez zeukan zentzurik gerra “defentsibo” edo “aurrerakoiaz” hitz egiteak, ezta “aberriaren defentsaz” hitz egiteak ere, nahiz eta hamarkada batzuk lehenago zentzua izan. Aldarrikapen horiek, anakronismo historiko batetik harago, klase popularren oniritzia irabaztera bideratutako arma ideologiko bat ziren, eta hasiera batean burgesia nazionalen argudio nagusia izan ziren, baita gerora II. Internazionaleko sozialistena ere, gerraren hasieran.
Hala ere, sakontasun teoriko hori nazioarteko kongresuetako ebazpenetan agertu ziren gerrarekiko jarrera praktikoen ondoren etorri zen. Jada 1900eko Parisko V. Kongresuan, Rosa Luxemburgek ebazpen bat aurkeztu zuen militarismoaren aurka egiteko eta sistematikoki gerra kredituen aurka bozkatzeko betebeharra adieraziz. Hala ere, funtsezko jauzi kualitatiboa Stuttgarteko VII. Kongresuan eman zen, 1907an; izan ere, bertan, nazioarteko tentsioa lasaitzea lortu zuten lan sindikalaren zenbait adibide nabarmentzeaz gain, ordura arteko ekarpenik garrantzitsuenetako bat egin zen, aho batez onartu zena. Leninek, Rosa Luxemburgek eta Yuli Martovek aldarrikatu zuten, bakezaleen ahaleginak gorabehera, gerra lehertuz gero, langileen betebehar saihetsezina zela berehala amai zedin esku hartzea, krisi ekonomiko eta politiko sakona aprobetxatuz, masak astintzeko eta menperakuntza kapitalistaren behin betiko erorketa azkartzeko.
Jarrera hori Kopenhagen garatu eta berretsi zen 1910ean, eta, batez ere, 1912an, Balkanetako tentsio handiaren ondorioz deitu zen Basileako ezohiko kongresuan. Erabaki profetiko horrek ezin hobeki deskribatu zuen taula inperialista, eta Europako potentzia handien esku hartzeak ekarriko lukeen efektu katalizatzaileaz ohartarazi zuen. Funtsezkoa da azpimarratzea kongresu horrek aho batez bakea defendatu zuela, eta ez zituela inoiz defentsa-gerra edo aberriaren defentsa hitzak erabili. Alderantziz, etekinen aldeko gerra bat zela azpimarratzen zuen, bai eta haien artean tiroka aritzea langileen benetako krimena izango zela ere. Horren ordez, kapitalismoaren erorketa azkartzeko antolatzeko premisa errepikatzen zen.
BIGARREN INTERNAZIONALAREN PORROTA ETA HIRUGARRENAREN SORRERA
Gerraren aurkako jarrera guztiak ahaztuta geratu ziren 1914an. Alderdi sozialdemokrata gehienek (boltxebikea, serbiarra eta gutxiengo eragile batzuk izan ezik), alemanetik hasita, kreditu militarren alde bozkatu zuten eta, horrela, diskurtso sozialistari traizio handiena egin zitzaion, baita langile klaseari ere. Milioika langile hilko ziren inoiz ikusi den gerrarik odoltsuenean, orduan Iraultzaren ustezko alderdien laguntzarekin, esan gabe doa, jada errebisionismoak eta oportunismoak oso kutsatuta zeudenak. Horrela, beren burgesia nazionalekin bat egiten zuten, “aberriaren defentsan”. Hala ere, hori ez zen azalpenik gabe gerta zitekeen biraketa bat, eta azalpen hori kolonietan bilatu behar da. Horietan egindako ustiapen erraldoiak gainbalio kopuru izugarriak xurgatzea ahalbidetzen zuen, langile aristokraziak apurrez elikatzeko balio zutenak. Hain justu, langile aristokrazia horiek izan ziren diskurtso-bira horren ezkutu. Leninek sektore hori “klase kapitalistako langileen ordezkari” gisa izendatu zuen.
Funtsezkoa da azpimarratzea 1912ko Basileako Kongresuak aho batez bakea defendatu zuela, eta ez zituela inoiz defentsa-gerra edo aberriaren defentsa hitzak erabili. Alderantziz, etekinen aldeko gerra bat zela azpimarratzen zuen, bai eta haien artean tiroka aritzea langileen benetako krimena izango zela ere. Horren ordez, kapitalismoaren erorketa azkartzeko antolatzeko premisa errepikatzen zen
Nazioarteko panorama atsekabegarri horren aurrean, non Kautskyren mailako figurek ere kredituen alde bozkatu zuten, marxismoaren hegal iraultzaileak, Lenin eta boltxebikeak buru zirela, talde minoritarioekin batera, egoera iraultzeko lanari ekin zion, errealitate material eta ideologiko berriari irtenbide zehatzak bilatuz. Porrota askoz lehenago hasi zen, oportunismoa sendotu eta alderdi sozialistak sistema kapitalistan integratu zirenean. Abuztu hura edalontziak gainezka egitea eragin zuen ur tanta baizik ez zen izan.
Lehen urrats politikoa Zimmerwald-eko Konferentzian eman zen, 1915eko irailean. Topaketa horren garrantzia gizarte iraultzaren ikuspegiak nazio bloke batek beste bat garaitzearen mende jartzen zuen estrategia sozialista baztertzean zetzan. Hala ere, akats bat litzateke Zimmerwald jotzea tesi homogeneoak zituen haustura mugimendu baten sorlekutzat, errealitatean izan zenetik oso urrun legokelako.
Hitzaldia prestatzeko, Leninek, Zinovievekin batera, Sozialismoa eta Gerra idatzi zuen, gerra inperialistaren aurkako ideiarik garrantzitsuenak azaltzeko. Lehenik eta behin, marxistak ez direla bakezaleak adierazi zuen. Ulertuz gero gerra politikaren jarraipena zela, baina beste bide batzuetatik, ulertu beharko zen, halaber, langile klasearentzako tresna ere bazela, unea iritsitakoan erabili beharrekoa. Horrela, Leninek adierazten zuen iraultzaileak ez daudela gerra inperialistaren alde, baina bai burgesiaren eta proletariotzaren arteko gerren alde, baita nazio askapenerako gerren alde (serbiarren kasua ulertzen zen bezala, arrazoi inperialisten mende egon arren) edota inperialismoaren aurkako gerren alde ere, oro har. Horrela, aurreko kongresuetan orain arte azaldutako guztian oinarritutako aurretiko tesi batzuk erein ziren.
Ulertuz gero gerra politikaren jarraipena zela, baina beste bide batzuetatik, ulertu beharko zen, halaber, langile klasearentzako tresna ere bazela, unea iritsitakoan erabili beharrekoa
Zimmerwaldeko Konferentziak 11 herrialdetako 38 sozialista bildu zituen, eta hiru taldetan banatu zen. Guztiak, hori bai, garai horretan nagusi zen jarrera belizistaren aurkakoak ziren. Eskuinak, gehiengo zabalak, pentsamendu bakezale eta antibelikoa zuen, baina sozial-chauvinistekiko zatiketaren aurkakoa. Parte hartzeko sine qua non baldintzetako bat, hain zuzen ere, hori zen, eta hainbat alditan tentsio puntuetara eraman zuen. Ezkerrak, aldiz, gutxiengoa eta, besteak beste, Leninek eta boltxebikeek ordezkatua, gerra babestu zuten sozialisten salaketa proposatzen zuen. Gainera, Internazional berri bat sortzearen aldekoak ziren. Kienthalen lantzen joan zen gai hori. Erdiguneko alderdia erabakigarria izan zen azken orekan, eta batzuetan eskuinera makurtu zen, ezkerraren posizio iraultzailea aurrerapen partzialetara mugatuz. Epe luzera, Zimmerwaldeko ezker hori II. Internazionalaren kontrapisua izan zen, boltxebikeak, espartakistak, tribunistak eta beste talde minoritario batzuk integratuz.
Egia esan, Zimmerwalden azaldutako posizioak teorikoki eta praktikoki bateraezinak ziren. Alde batek nazioarteko harremanak berrezartzea proposatzen zuen, mugimendu sozialistari gatazka inperialistako bitartekaritzan parte hartu ahal izateko pisua emate aldera, eta besteak, berriz, iraganeko betebehar gisa ikusten zuen hori, jada zentzugabea zen helburua. Bigarren alde horrentzat, egin beharreko lana “gerra inperialista gerra zibil iraultzaile bihurtzeko” betebehar ospetsua zen. Horixe izan zen Leninek hainbeste defendatu zuen premisa; hain zuzen ere, berak eta Karl Radekek azaldutako zirriborroaren zutabe nagusia izan zen. Hala ere, aipatutakoarekin suma daitekeenez, azken ebazpena anbiguoa izan zen, eta ez oso erabakigarria. Besteak beste, diputatu sozialistek gerra-kredituen aurka bozkatzeko eskakizuna blokeatu zen, hala eginez gero ordezkari alemaniarrek taldea utziko zutela mehatxatu baitzuten.
Kienthal, berriz, 1916ko apirilean egin zen eta Zimmerwalden erabakitakoarekiko pixka bat ezkerreragoko jarrera bat nagusitu zen, gerraren ondorioz langile klasearen baldintzek okerrera egin zutelako. 43 ordezkarik hartu zuten parte, eta ezkerrak hamabi ordezkariren babesa izan zuen (Zimmerwalden zortzi izan ziren).

Evséi Moiséienko. 'Victoria' (1972)
ERRUSIAKO IRAULTZA ETA ALDAKETA ERRETORIKO TAKTIKOA
Lenin Otsaileko Iraultza egin ondoren itzuli zen Suitzako erbestetik, 1917ko apirilaren 3an. Hilabete horretan bertan, Apirileko Tesiak idatzi zituen, eta, horietan, beste gauza askoren artean, gerraren gaia jorratu zuen. Behin-behineko gobernuari buruz hitz egiterakoan, erabat uko egin zion hura babesteari, gobernuak gerra inperialistan jarraitu nahi zuelako, Europako alderdien antzera. Hala ere, behin-behineko gobernua ez zen tesietan kritikatu zuen bakarra izan, horietan Zimmerwaldeko Internazionalaren porrotaz ere aritu baitzen. Hasieratik sozial-chauvinismoarekin hautsi ez zuenez, eta gehiengoan elementu kautskytarrez osatuta zegoenez, Zimmerwald eta Kienthalen taldeak Internazional Sozialistari lotuta jarraitzen zuen. Faktore horien aurrean, zereginak gero eta argiagoak ziren: konpromiso antibelizista eskasa kritikatzea eta laster antolatu beharreko Hirugarren Internazional baterako deia egitea.
Errusiara itzultzeak herrialde bakoitzean egin beharrekoari buruzko termino taktikoak aldatzea ere ekarri zituen. Boltxebikeak langile eta nekazariekin harremanetan jarri ziren, eta gerrari buruzko iritziek Alderdiaren erretorika birformulatzea ekarri zuten. Aurreko urteetako aldarrikapenek, gobernu nazionalaren porrota gaitz txikiagoa zelakoan, gerra zibilaren garapenerako urrats hobetsi gisa definitu zuten; gerora, ordea, Errusiako egoerara moldatu behar izan ziren aldarrikapenok.
Puntu honetara iritsita, ezinbestekoa da denboran atzera egitea eta “derrotismo iraultzaile” terminoaren garapen taktikoaz hitz egitea, baita gerra inperialista gerra zibil iraultzaile bihurtzeaz ere. 1904ko Errusiaren eta Japoniaren arteko gerran erabiltzen hasi zen derrotismo iraultzailea funtsezko elementua izango zen 1914tik aurrera Leninen narratiba estrategikoan, esanahia oso aldakorra izan zuen arren. Hala ere, “gerran gobernu nazional bakoitzaren porrota sustatzearen” aurrean, “gerra inperialista gerra zibil iraultzaile bihurtzearen” premisa nagusitu zen. Ez zeukan zentzurik gobernu bakoitzaren porrota espero izateak, horrek ekoizpen kapitalistaren modua gainditzeko urratsa emango lukeen iraultza nazional bat katalizatzeko balio ez bazuen.
Hitz gutxitan, derrotismo iraultzailea ez zetzan etsaiaren garaipena desiratzean, baizik eta herrialdean asaldura iraultzailea sustatzean, gatazka belikoan horrek izan zitzakeen ondorioak ondorio. Gobernu sozialistek herrialde barneko bakea bilatzen zuten bitartean beren eraginkortasun belikoa handitzeko, derrotismo iraultzaileak asaldura iraultzailea planteatzen zuen, kanpoko ondorioei erreparatu gabe.
Hala ere, ukaezina da Leninek kontzeptu hori garatu eta gerrak sortutako baldintza material tamalgarrietara egokitu zuela. 1904-1905ean, Marxek erabiltzen zuen antzeko eran erabili zuen kontzeptu hori, neurri batean Port Arthur erortzea ospatuz, tsarren autokrazia erorrarazteko une erabakigarria izango zela argudiatuz. 1914an, bidea chauvinismoaren aurkako borroka eta Errusiako gobernuaren erorketa eta ondoren gobernu inperialista guztiena sustatzea zela ikusten zuten. Hala ere, ikuspegi hori koadroei eta abangoardia sozialistari zuzentzen zitzaien. Beharrezkoa zen printzipioak finkatzea eta borroka ideologikoan lerroak ixtea. Nahiz eta gobernu nazionalen porrotaren zain egotea masen artean iritzi popularrena ez izan, zeregin nagusia Bigarren Internazionalaren haustura sustatzea eta benetan nazioarteko sistema kapitalista gainditzea proposatuko lukeen alternatiba sortzea zen.
Tsarismoa erori zen arte, Leninek derrotismo iraultzailea erabili zuen autokraziaren aurkako tesi gisa. Iraultzaileentzat, gaitzik txikiena tsarismoaren erorketa zen. Baina horrek ez zion alemaniarren jarrera inperialistari zilegitasunik ematen, alemaniarren zeregina ez baitzen soilik tsarismoarekin amaitzea, baizik eta baita beren klase menderatzailearen aurka antolatzea ere.
Iraultzaren urtera itzuliz, 1917ko otsailean aldatuko zen dena, erretorika derrotista hori erabiltzeari utzi baitzioten, Errusiako egoeraren aldaketaren ondorioz. Hala ere, derrotismo iraultzailetik urruntzeak ez zuen defentsismora hurbiltzea ekarri. Izan ere, Suitzako Langileentzako Agur Gutunean, Leninek azpimarratzen du behin-behineko gobernuak gerra inperialistarekin jarraitu nahiko balu, haiek izango liratekeela beren aurkari erabakigarriak, eta “aberriaren defentsaren” aurka agertuko liratekeela, benetan gertatu zen bezala. Diskurtsiboki derrotismoarekiko urruntzea ez zen tesiaren gainditze teorikoa izan; egindako iraultzaren “defentsa zintzoa” erakusten zuen masekin gehiago konektatzeko ahalegina izan zen.
Azken hori ulertzeko, ezinbestekoa da langileek eta nekazariek tsarismotik libratu zituen iraultzaren aurrean zuten jarrera kontuan hartzea. Ez zuten konkistatutakoa galdu nahi, eta formula “derrotista” bat, teorian oso egokia izan arren, ez zetorren bat arlo praktikoan. Klase menderatzaileek axioma inperialistetan oinarritutako defentsa chauvinista defendatzen zuten bitartean, masek iraultzaren defentsan oinarritutako “defentsa zintzoa” adierazten zuten.
Derrotismo iraultzailea ez zetzan etsaiaren garaipena desiratzean, baizik eta herrialdean asaldura iraultzailea sustatzean, gatazka belikoan horrek izan zitzakeen ondorioak ondorio
Une horretan aldatu zen taktika. Zeregin berria zen jendeari pazientziaz azaltzea bilatzen zuten bakea ez zela gobernu burges baten eskutik etorriko, eta lor zitekeen bake bakarra langile botereak estatua hartzetik eta gobernu benetan iraultzailea eratzetik etorriko zela. Hain zuzen ere, horren erakusgarri ona izan zen Korniloven Putsch-a. Leninek aurrerago argituko zuen boltxebikeak derrotistak izan zirela tsarismoa amaitu arte, baina Lvov-ekin eta behin-behineko gobernuarekin alde batera utzi zutela posizio hori. Hala ere, bi jarrerak zuzenak izan zirela dio: lehenengoa, printzipioak sendotzeko, eta bigarrena, masen oniritzia irabazteko.
Urrian boterea hartu ondoren, ordea, defentsismoa zilegi bihurtu zen. Lehen zeregina egina zegoen, eta hurrengo urratsa esku-hartze inperialaren aurrean iraultza defendatzea zen. Une horretan bai, estatu sovietarraren aldeko gerra, gerra aurrerakoi, bidezko eta iraultzailea bihurtu zen. 1918an Brest-Litovskeko itunaren bidez gerra uztea, Alemaniako iraultza-aurreikuspenei buruzko kontu taktikoek eta beste hainbat faktorek eraginda, iraultza boltxebikearen defentsaren hasiera izan zen sobietar lurraldean. Era berean, 1919an Hirugarren Internazionala sortzeak eta horren ondoriozko barne-eztabaidek auzi hori are gehiago garatuko zuten, batez ere trotskisten eta estalinisten arteko polemika batean, derrotismo iraultzailea, kanpismoa edo etengabeko iraultza bezalako kontzeptuak jorratuz, baina gai horiek ez dira artikulu honetan sartzen.

Nikolái Prisekin. 'Tiempos difíciles' (1984)
AZKEN ONDORIOAK
Azken batean, gerraren kontzepzio marxistak eraldaketak izan zituen, XIX. mendeko gerra burgesen irakurketa aurrerakoi bat egitetik, XX. mendeko gertaerak inperialismoarekin guztiz lotuta ulertzera. Bira hori, ikusi dugun bezala, Frantziaren eta Prusiaren arteko gerraren azterketa marxianoarekin hasi zen, eta, ondoren, inperialismoa kapitalismoaren fase goren gisa formulatuz garatu zen.
Klase menderatzaileek axioma inperialistetan oinarritutako defentsa chauvinista defendatzen zuten bitartean, masek iraultzaren defentsan oinarritutako “defentsa zintzoa” adierazten zuten
Bigarren Internazionaleko porrot chauvinistak, kolonietatik ateratako apurrez elikatzen zen langile-aristokrazian oinarrituta zegoenak, elementu horiez garbi zegoen Internazional berri bat sortu behar izatea ekarri zuen, eta, sorrera horrekin batera, presente egon zen gerra inperialista gerra zibil iraultzaile bihurtzeko premisa. Hala ere, berezitasun taktikoak beti hartu ziren kontuan, eta boltxebikeek ez zuten zalantzarik izan erretorikaz edo taktika politikoz aldatzeko, iraultzak hala eskatu zuenean. Horrela, egoera zehatzaren azterketatik abiatuta, gerra inperialista bati aurre egin zioten, gaur egun inguratzen gaituzten elementuak zituen gerra bati, hain zuzen ere.
Zenbait gai zehatzek sor ditzaketen polemikak gorabehera, argi dago leninismoak ulertu duela gerraren izaera inperialista identifikatzean datzala gakoa. Horrek balio du proletarioek jarraitu behar duten bidea marraztu ahal izateko, ez soilik gerra jakin batekin amaitzeko, baizik eta bake iraunkor bat bilatzeko, zeinak utopikoa izateari utziko dion soilik gainbalioaren erauzketan oinarriturik egoteari uzten dionean eta, horren ordez, helburutzat ongizatea hartuta jardungo duen sistema sozialista batean oinarritzen denean.