‒Noraino iristeko prest zaude Groenlandia zureganatzeko?
‒ Ikusiko duzue
[Donald Trumpen prentsaurrekoa Etxe Zurian]
Trumpen bigarren agintaldiko hamahiru hilabeteotan autoritarismoaren gorakada nabaria ikusi dugu: botere exekutiboa legegilearen gainetik jarrita, funtzio erregulatzaile eta zigortzaileak presidentearen kontrol zuzenaren pean, Estatu-aparatua erabiltzea arerio politikoak zigortzeko, etab. Joera autoritario hori ez da Estatu Batuetara mugatzen. Trumpen kanpo-politikek nazioarteko merkatu harremanak berrezartzea ekarri dute, baita Mendebaldeko gainerako herrialdeak interes partikular estatubatuarren menpe egotea ere, politikoki eta estrategikoki; era berean, horren ondorio dira bata bestearen atzetik etorritako aldebakarreko interbentzio militarrak ere. Demokratiko-liberalak diren konbentzio eta arau internazionalak hautsita ere, AEBk neurri handian baldintzatzen ditu NATOren parte diren gainerako herrialdeen erabakiak. NATO hegemonia estatubatuarraren dispositibo instituzionalaren erdigune dela ulertuta, gaur egun duen funtzioak gauza bakarrean laguntzen du: usteltzen ari den ordena internazionalaren sinesgarritasuna eta oreka ahultzen.
MEENDEBALDEKO HEGEMONIAREN JATORRIA
Bigarren Mundu Gerraren amaierarekin batera, Mendebaldeko herrialde irabazleek gerra ondorengo oinarriak ezarriko zituen ordena internazional bat ezarri nahi izan zuten. Modu horretan zehaztu ziren merkataritzari, finantzei, segurtasunari eta subiranotasunari zegozkien arau egonkorrak, eta, aldi berean, arau horiek aplikatuko eta kontrolatuko zituzten erakundeak sortu zituzten.
Arlo ekonomikoa hiru instituzio talde handik osatu zuten. Lehenik eta behin, Bretton Woods diru-sistema ezarri zen: garai hartan ekonomia garatua zuten herrialdeetako oinarri komertzial eta finantzarioak finkatzen zituen akordio multzoa. Horrek ekarri zuen, bere atzetik, Nazioarteko Diru Funtsa. Horrela nagusitu zen dolarra. Izan ere, txanpon estatubatuarra nazioarteko ordainketa gehienen bitarteko nagusi eta erreserba aktibo bilakatu zen.
Bestalde, Marshall Planak Europako berreraikitze ekonomikoa ordaintzeko aukera ekarri zuen. Helburu argia zuen: Sobietar Batasunaren eta komunismoaren influentzia gelditzea, Estatu Batuen helburu estrategikoak Europako mendebaldearekin lerrokatzearekin batera. Marshall Planetik eratorritako dirua jasotzen zuten herrialdeak, gerora, Estatu Batuen eraginpean zeuden erabat, eta herrialdearen ikuskaritza gogorra jasan behar izaten zuten. Frantzian eta Italian, adibidez, laguntza eman ahal izateko, gobernuan zeuden alderdi komunistetako ministroak bota behar zituzten bertatik. Turkian eta Grezian laguntza ekonomikoa sobietar blokeak babesten zituen milizien aurkako gerrak finantzatzeko erabili zen.
Hirugarrenik, Muga Zergei eta Merkataritzari Buruzko Akordio Orokorrak (GATT) ‒beranduago Munduko Merkataritza Erakundea izango zena‒ ondasun eta zerbitzuen salerosketarako nazioarteko arauak ezarri zituen, besteak beste, muga-zergak eta oztopo komertzialak murrizteko eta nazioarteko merkataritza hedatzeko. Praktikan, GATTek Estatu Batuen esportazio gaitasuna indartzeko balio izan zuen, garaiko manufaktura sektore aurreratuena zeukan herrialdea baitzen. Horrela, GATTen bitartez ekonomia estatubatuarrak merkatu berri handi bat eskuratu zuen, bost kontinentetan sakabanatutako herrialde berrietan zehar merkantziak saltzeko oztopoak murriztea lortu baitzuen akordioak.

Era horretara, gerraostean internazionalki zuen posizio pribilegiatua bere alde erabiliz, AEBk hainbat arau ezarri zituen, Mendebaldeko kapitalismoa hegemonia estatubatuarraren pean egonkortzea eta zabaltzea ahalbidetu zutenak. Garai hartan garatu ziren gainerako herrialdeek ordena berria onartu behar izan zuten, ulertu baitzuten mundu-mailako kapitalismoaren egonkortasuna AEBk ‒potentzia hegemonikoa‒ panorama internazionalean bere arauak inposatzeko zuen gaitasunaren araberakoa zela. Horrela, kapital nazional askok Estatu Batuen ordena internazionalaren menpe jartzea onartu zuten, ordena demokratiko liberalean izango zuten segurtasunaren truke.
Trumpen kanpo-politikek nazioarteko merkatu harremanak berrezartzea ekarri dute, baita Mendebaldeko gainerako herrialdeak interes partikular estatubatuarren menpe egotea ere, politikoki eta estrategikoki
Urte gutxi batzuk beranduago, 1949an NATO sortu zen ‒hasiera batean Mendebaldeko Europako 10 herrialdek, Kanadak eta AEBk osatua‒, Mendebaldeko blokeko aliantza militar gisa. Bere oinarririk garrantzitsuenean, Tratatuko 5. artikuluan, hain zuzen, adierazi zuen kideetako baten aurkako eraso armatua herrialde guztien aurkako erasotzat hartuko zela. Horrela, NATOk transatlantikoko harreman militarra instituzionalizatu zuen, eta Europako segurtasuna Estatu Batuen gaitasun militar eta nuklearren menpe utzi zuen estrukturalki. Europako Mendebaldeko burgesiari esfera sobietikoaren edota barne-mailan izan zitzaketen mehatxu iraultzaileen aurrean babesa eskaini zitzaionez, aliantza militarrak Mendebaldeko bloke kapitalista indartu zuen eta Europak izan zezakeen autonomia estrategikorako aukerak txikiagotu zituen. Disuasio-nuklearraren, segurtasunaren eta Estatu Batuen ahalmen teknologiko eta militar-industrialerako sarbidearen truke, Europako aliatuek onartu egin zuten euren kanpo-politika militarra Washingtoneko mundu mailako interesekin lerrokatzea.
Aipatu beharra dago, aldi berean, Bigarren Mundu Gerra ondorengo lau hamarkadetan AEBren gaitasun ekonomikoa erraldoia zela. Sobietar Batasunaren eta AEBren arteko hegemoniaren borroka politikoa eta ideologikoa zen, baina ez zen, inondik inora ere, ekonomikoa. Horregatik hartu zuen NATOk soilik aliantza militar defentsiboa izateko funtzioa, Gerra Hotzeko hamarkadetan egon arren. 1973ko petrolioaren krisiak erabat nahastu zituen Estatu Batuetako eta Mendebaldeko Europako ekonomiak, eta hor amaitu zen Bretton Woods deituriko nazioarteko diru-sistema. Aldaketa horiek guztiak eta gero, bloke sobietarrak behea jotzearekin batera, NATOk eta AEBren kanpo-politika militarrak garrantzia handiagoa hartu zuten. Hegemonia estatubatuarrak gero eta interbentzio militar eta ekonomiaz kanpoko gehiago behar zituen bere boterea sostengatu ahal izateko. Ez da kasualitatea NATOren lehen esku-hartze armatuak 90eko hamarkadako erdialdean gertatu izana, SESBren desegitetik gutxira.

Gainera, deslokalizazio produktiboko prozesuek, desindustrializazioak eta 2007ko krisiak, Txina lehen mailako lehiakide ekonomiko agertu izanarekin batera, asko ahuldu zuten hegemonia estatubatuarra. Mundu mailako lehen potentzia industriala izatetik urrun ‒II. MG ondorengo hamarkada eta erdian bezala‒, Estatu Batuen gaitasun ekonomikoa nabarmen ahuldu da azken urteetan zehar. Testuinguru horretan kokatuta, Trumpen kanpo-politikaren izaera garbia da: mekanismo politiko eta militarren aldebakarreko erabilera esplizitua, Estatu Batuetako estatu-aparatuak ‒eta bere kapitalak‒ munduko hegemoniaren joko-zelaian posturik galdu ez dezan.
GOBERNANTZA KRISIA
Bigarren agintaldia hasi eta bi hilabete eta erdira, 2025eko apirilaren 2an, Trumpek muga-zerga politika berri bat iragarri zuen, “Askapenaren eguna” izendatu zuena. Alde batetik, %10eko oinarrizko muga-zerga ezarri zuen, hau da, munduko gainerako herrialdeen produktuen gaineko inportazio zerga; bestetik, berariazko muga-zerga gehigarriak 60 bat herrialderentzat, administrazioaren arabera merkataritza-jardunbide bidegabeak zituztela oinarri hartuta. Muga-zerga espezifiko horiek %40-50 artekoak ziren Asiako hego-ekialdeko garapen bidean dauden herrialdeentzat eta Afrikarentzat. Aginduaren iragarpenak mundu mailako guda komertzial bati hasiera eman zion eta burtsa-merkatuaren kolapsoa ekarri zuen. Noski, erabaki hura oso kritikatua izan zen mundu osoan, arbitrariotzat hartu eta nazioarteko adostasun politikoa urratzen baitzuen, zeina nazioarteko merkataritzaren askatasunaren alde agertzen den. Gainera, ekonomialari askok iseka egin zioten herrialde bakoitzari esleitu beharreko arantzelaren ehunekoa kalkulatzeko formulari, oso zentzugabea eta arbitrarioa zela argudiatuz. AEBko Auzitegi Gorenak muga-zergak baliogabe utzi bazituen ere, epaiak ez du AEBko muga-zergen protekzionismoa desegiten, baizik eta AEBko etorkizuneko merkataritza-politikei buruzko ziurgabetasuna birbideratzen eta areagotzen du.
Gerraostean internazionalki zuen posizio pribilegiatua bere alde erabiliz, AEBk hainbat arau ezarri zituen, Mendebaldeko kapitalismoa hegemonia estatubatuarraren pean egonkortzea eta zabaltzea ahalbidetu zutenak
2025eko apirilaren 2ko muga-zergak nazioarteko merkataritzak Estatu Batuetako ekonomiari egindako kalteak konpontzeko neurri gisa iragarri ziren. Izan ere, nazioarteko ordainketa-sistema osoa dolarrean oinarrituta egoteak eta, bestetik, dolarra munduan nagusi den erreserba-moneta izateak, Estatu Batuetako moneta oso preziatua egiten du bere balio normalari dagokionez. Nahiz eta horrek abantaila handia ekarri AEBko estatuari bere gastua finantzatzerako orduan, AEBko esportazioak garestiagoak izatea eragiten du, eta horrenbestez, eskaria hain handia ez izatea. Horrela, Estatu Batuetako gobernuak argudiatzen du dolarraren sendotasuna oztopo bat dela munduko gainerako herrialdeekin merkataritzan aritzeko. Hain zuzen ere, Estatu Batuetako ekonomiak egiturazko merkataritza-defizit handia du ‒inportazioak esportazioak baino handiagoak dira beti‒, urtean 900.000 milioi dolar ingurukoa. Hala ere, fenomeno horren arrazoi nagusia desindustrializazioa eta industria-ekoizpenaren zati handiena kanpora ateratzea da hau da, Txina edo Mexiko bezalako ekoizpen-
kostu merkeagoak dituzten beste herrialde batzuetan ekoiztea. Beraz, muga-zergak ez dira defizit hori apaltzeko edo arintzeko neurri bat. Hortik haratago, muga-zergen iragarpenak Trumpek negoziaziorako arma boteretsu bat zuela argi utzi zuen: nazioarteko merkataritzaren arauak nahi bezala aldatzeko boterea duela erakutsi zuen, eta muga-zergen jaitsiera baldintza politikoen menpe jarri zuen.
Hala ere, Trumpen azken hilabeteetako esku-hartzeak ez dira arlo politiko-ekonomikora mugatu; esku-hartze militarrak etengabeak izan dira. Karibean Venezuelako zenbait ontzi erasotu ondoren, 2026. urtearen hasieran AEBko armada militarki sartu zen Venezuelan, eta herrialdeko puntu estrategikoak bonbardatu eta Nicolas Maduro presidentea bahitu zuen, narkotrafikoaren lidergoaren akusazio barregarriaren pean. Esku-hartzeak, Kongresuaren onespenik eta baimenik gabe, helburu bikoitza izan zuen: Venezuelako petrolio erreserben kontrola bereganatzea eta mezu argi bat bidaltzea munduko gainerako herrialdeak diziplinatzeko.

Venezuelako lider berri bat aukeratzerakoan izan zuen papera Iranek jarraitu beharreko eredu bat zela uste zuen Trumpek. Israelekin aliantzan egindako "Epic Fury" izeneko operazioak Irango buruzagitza neutralizatu nahi izan zuen. Otsailaren 28an, erasoak hasi ziren egunean, 1330 zibil irandar baino gehiago hil zituzten. Hala ere, badirudi Trumpek Venezuelarako zuen estrategiak porrot egin duela Iranen. Ameriketako Estatu Batuek Venezuelan beren interesekin lerratuko zen gobernu aldaketa azkar bat bultzatu zuten, baina Washingtonek ez zuen oinordekorik prest Iranen. Trumpek adierazi zuenez, “buruan genituen pertsona gehienak hilda daude”. Nolanahi ere, gerra horren ondorio ekonomikoak ere berehalakoak eta dramatikoak izan dira: petrolioaren mundu mailako prezioak gora egin du, alde batetik, Ormuzeko itsasartean itsas merkataritza izugarri murriztu delako eta, bestetik, Iranek Arabiar penintsulako herrialdeetako petrolio erauzketa eta findegi plantak bonbardatu dituelako. Horren ondorioz, gasolina, gas naturala, elektrizitatea, garraioa, ongarriak, elikagaiak eta ekoizpen industriala bezalako produktuen prezioek gora egingo dute etorkizun hurbilean. Testu hau idazten den unean gasolina litroa 2 euro ingurukoa da, eta aurreikuspenek diote gorantz egiten jarraituko duela. AEBko kapital handia erreserbekin, kontrol logistikoarekin eta baldintzak finkatzeko gaitasunarekin dator; ondorioz, petrolioaren ekoizpenaren krisia onura geopolitikoak lortzeko bitarteko bihurtu da.
Trumpen azken hilabeteetako esku-hartzeak ez dira arlo politiko-ekonomikora mugatu; esku-hartze militarrak etengabeak izan dira
Azkenik, Europak nazioarteko gaien egungo egoeran duen tokia aipatu behar da. Pandemiaren ondoren, Europar Batasuneko ahots batzuek adierazi zuten Europak militarki autonomoa izan behar zuela Estatu Batuekiko. Hala ere, arlo militarrean Europako autonomiaren beharrari buruzko eztabaida erabat itxi zen Errusia eta Ukrainaren arteko gerra hasi zenean. Orain, Trump buru dela, AEBk Groenlandiako kontrola hartu nahi du, segurtasun nazionaleko kontua dela argudiatuta. Mark Ruttek, NATOko idazkari nagusiak eta Trumpen politika militarraren defendatzaile sutsuak, askotan babestu ditu AEBko presidenteak Groenlandiaren inguruan egindako ekintzak. Herrialdearen kontrola bereganatu ezean, AEBk argudiatzen du Txinak eta Errusiak poloan zeharreko ibilbide berria ‒izotz bloke zaharretan barna‒ eta baliabide mineralak ‒Ozeano Artikoko itsas zorupeak ezkutatzen ditu‒ balia ditzaketela. Kontua ez da segurtasuna, mineral kritikoak eta baliabide naturalak baizik. Egun, manipulazio esplizitu eta lotsagabe baten lekuko gara: merkataritza-interes pribatuen mesedetan egindako erabaki estrategikoen eta tresna publikoen manipulazioa, hain zuzen ere. Oligarkia teknologikoaren eta energetikoaren eta Trumpen agintaldiaren arteko aliantza agerian geratu zen Administrazio barruko postuetan figura nabarmenenetako batzuek izendatu zirenean. Presidentearen gertuko eragile ekonomiko eta politikoek bere indarra sendotu eta zabaltzen dute.
Baina, Artikoko baliabideak kontrolatzeko interes alderdikoiak alde batera utzita, Groenlandiarekiko gatazkak galdera garrantzitsu batzuk uzten ditu. AEBk Groenlandia erasotuko balute, NATOren 5. artikuluaren aktibazioa ekarriko al luke? Erasotutako lurraldearen defentsa kolektiboa martxan jarriko litzateke? 2016tik jarrera aldakorra izan duen arren, Trumpek behin eta berriz erabili du AEB NATOtik irteteko mehatxua, Europak gastu militarra handitzeko presio gisa.
Esanguratsua da Mendebaldeko buruzagi politiko bakar bat ere ez dela gai izan AEBko presidentearen autoritarismorik maltzurrenaren eta inperialismorik esplizituenaren aurka irmo agertzeko. Era berean, ikaragarria da Mendebaldeko kapitalen zibilizazio-krisiaren muturreko adierazpenen aurrean dagoen konplizitatea. Prestatzeko unea da.

*ILUSTRAZIOAK
Kukriniksi (Кукрыниксы) Sobietar Batasuneko hiru karikaturagilek osatutako taldea izan zen. Bere izena hiru marrazkilariren izenen konbinazioa da: Nikolái Kupriyánov (Михаил Васильевич Куприянов), Porfiri Krílov (Порфирий Никитич Крылов) eta Nikolái Sókolov (Николай Александрович Соколов). Marrazkilari horiek 1920ko hamarkadaren hasieran ezagutu zuten elkar, Moskuoko Vjutemás arte-eskolan. 1924tik aurrera hasi ziren izen bateratu hori erabiltzen. 1930eko hamarkadan lortu zuten ospea, Europan faxismoaren gorakada hasterako, Krokodil aldizkari satirikoarentzat marrazten zuten bitartean, Europako liderrik faxista nagusien aurka eginez.