Skip to Content
AKTUALITATEA / Indarkeria matxista

Osakidetzak egunean lau emakume artatu zituen indarkeria matxistagatik 2025ean

1.621 emakume izan ziren denera. Gainera, sexu-erasoak jasan zituzten 413 emakume ere artatu zituzten EAEko osasun-zerbitzuan, horietatik %30 adingabeak.
2026eko azaroaren 26 - 07:40
Osakidetzak egunean lau emakume artatu zituen indarkeria matxistagatik 2025ean
Itaiaren mobilizazio bat aurtengo Azaroaren 25ean.

AKTUALITATEA

2025ean, biolentzia matxistari lotutako 2.000 kasu baino gehiagoren berri izan zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun-arreta publikoan. Izan ere, EITBk atzo jakinarazi zuenez, indarkeria matxista jasandako 1.621 emakume artatu zituzten Osakidetzan aurreko urtean (haietatik 753 larrialdietan): egunean lau, alegia. 940 emakume izan ziren Bizkaian, 441 Gipuzkoan eta 231 Araban.

Baina horiek ez dira indarkeria kasu bakarrak: Osakidetzak aparte zenbatu ditu sexu-erasoak zirela-eta artatu zituen emakumeak. 413 izan ziren iaz, 2023an baino 42 gehiago. Eta beste datu beldurgarri bat ematearren, artatutako emakume horien artean, %30 ziren adin txikikoak. 

2026ko datu bat ere aurreratu du jada osasun-arreta publikoak: urrira bitartean, 271 emakumeri eman zieten arreta Osakidetzan sexu-indarkeriagatik.