Atxilotuak askatu! lelotzat hartuta, Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharreko kaleak gurutzatu dituzte arratsaldean ehunka lagunek, gaur atxilotutako antifaxistak aske gera daitezela exijitzeko. Gutxienez 28 lagun atxilotu ditu Espainiako Poliziak goizean zehar, Vito Quilesen aurkako mobilizazio antifaxistari lotuta, eta gatibu jarraitzen dute batzuek Txintxillako komisarian: gaua bertan igaro beharko dute hamabi pertsonak, GEDAR LANGILE KAZETAk jakin ahal izan duenez.
Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ez plataformak antolatu du arratsaldeko mobilizazioa, atxilotuen askatasuna exijitzeko. "Errepresioaren aurrean, klase-elkartasuna" aldarrikatu du goizean goizetik, sarekada izaten ari zela jakin den unetik. Txintxillako polizia-etxera bertaratzeko deia zabaldu du eguerdian, eta arratsalderako mobilizazio-deialdi bat egin du gero.
Iazko urriaren 30eko gertakarien harira egin ditu atxiloketak Poliziak: egun horretan, Iruñean agerraldi bat egin behar zuen Vito Quiles probokatzaile faxistak, baina ehunka pertsona mobilizatu ziren faxismoari ezetz esateko, eta bertan behera utzi zuen bere ekitaldia; ez zuen gerturatzeko ausardiarik izan. Atxiloketa ugari egon dira faxismoaren aurkako erantzun horrengatik: iazko azaroan, joan den otsailean eta gaur izan dira atxiloketak; gaurkoa izan da handiena, ia 30 kalteturekin.
