Lanbide Heziketa Defendatzen plataformak lanbide heziketaren (LH) etorkizunari buruzko hausnarketa-agiri bat argitaratu du, gaur egungo eredu dualean (ikasleen ikasketa-prozesuan ikastetxeetako prestakuntza eta enpresetako egonaldiak uztartzea) prestakuntzak duen lekuak kezkatuta. Plataforma osatzen duten irakasleek, iaztik, ikasleek enpresetan egin beharreko egonaldiek beste kutsu bat dutela adierazi dute. Izan ere, 2025eko martxoan sartu zen indarrean Espainiako Estatuko Lanbide Heziketaren Antolamendurako eta Integraziorako 3/2022 Lege Organikoa.
Lege horren aginduz, eredu duala "orokortu" da; alegia, "hezkuntza dualean, zikloa osatzen duten irakasgai bakoitzaren jakintza teknikoen %10 eta %20 artean enpresetan egindako praktiketan lortu behar dituzte". Ikasketa Emaitza izena dute ikasleek barneratu behar dituzten jakintza tekniko horiek. Erronka hori betetzea, ordea, "ezinezkoa" dela argitu dute plataformako kideek. Izan ere, "enpresa bakoitzak bere jarduera eta berezko dinamikak ditu. Horrek esan nahi du enpresa bakoitzean Ikasketa Emaitza jakin batzuk soilik landu ahal direla, eta gainontzekoak ikastetxean garatu behar direla".
Alabaina, legeak beste hainbat kontu ez dituela aintzatesten salatu du Lanbide Heziketa Defendatzenek. Esaterako, legeak ikasle bakoitzaren ikasketa-prozesua pertsonalizatua izatea aurreikusten badu ere, nekez jakin ohi dute irakasleek denbora nahikoarekin zein enpresak hartuko duen ikasle bakoitza eta zein enpresa dauden prest (eta zein ez) ikasleak hartzeko. Enpresetara bidali beharreko ikasle kopurua bikoiztu egin da, gainera, LHko 1. mailako ikasleek ere derrigorrezko egonaldia egin behar baitute orain. Horretaz guztiaz gain, irakasle eta ikastetxeen gain gelditu da egonaldiak lotzeko ardura guztia: "Udalek, Aldundiek, Jaurlaritzak, enpresa publikoek, zentro teknologikoek eta administrazioaren menpeko beste erakunde batzuek ekarpena egin zezaketen enpresetako praktikaldietarako sare nahikoa bermatzeko".
Ondorioz, kolektiboko kideek kezka adierazi dute: ikasleek enpresetan edozein jakintza-adarrreko IEak ikasi baditzakete, LH sistema publikoaren etorkizuna zalantzan egon daiteke.
Ikasketa-denbora txikiagoa, burokrazia-lan handiagoa
Bestela ere, legeak aldaketa ugari eragin dituela eta hezkuntza-sistema "berrantolatzen" ari dela seinalatu dute, hala nola irakasgai guztien ordu kopurua txikitu da, praktikak ugaritzearekin batera; eduki berdinak lantzeko ez dago behar beste denborarik, eta irakasleek irakaskuntzarekin zerikusia ez duten burokrazia-lanak haien gain hartu behar dituzte. Haatik, alderdi tekniko-pedadogikoaz gain, LHk gizartean duen tokiaz eztabaidatzeko abagunea ireki dela iritzi diote: "Izenak berak, pertsonak lan-mundura bideratutako hezkuntza bat jasotzea iradokitzen du, baina LH etengabe lan-merkatuaren berehalako beharretara egokitzera mugatu behar al da? Ala sektore guztietan, edozein delarik enpresa, lan egin eta hain modan dagoen berrikuntzan parte hartu dezaketen profesionalak sortzera bideratu behar da? Hezkuntza, edozein etapakoa dela, ez litzateke mugatu behar mundua den bezala onartzera".
Hala, LHk beste hainbat zereginetarako balio duela zinez uste dute plataformako kideek. Lehenik, ezagutza sendoak transmititzeko. Bigarrenik, kultura profesional zorrotza sustatzeko; eta, hirugarrenik, lan-sektoreak eraldatzeko.
Hori dela eta, arestian azaldutako LHko sistema publikoaren bilakaera eta erronken inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko jardunaldiak antolatu ditu Lanbide Heziketa Defendatzen plataformak. Ekainaren 13an, larunbatean, izango dira Bilbon, 10:30etik aurrera. Alde Zaharreko La Bolsan elkartzera dei egin diete irakasleei, eta Fernando Solerren hitzaldiaz gain, kezka eta ezinegonei buruz aritzeko tartea ere egongo da.
