AKTUALITATEA / Soldata sistema

Volkswagenek 1.050 langile doan izango ditu bere esku, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin

Multinazionalak gobernuaren milioi bat euro jasoko ditu, ehunka pertsona horiei "formakuntza" emango diela argudiatuta; ez dute ez soldatarik ez kontraturik izango. Horri esker beteko du asteburuetako txanda berria enpresak.
2026eko irailaren 14 - 07:02
Volkswagenek 1.050 langile doan izango ditu bere esku, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin
— ARGAZKIA The Objective

Volkswagen enpresak eta Nafarroako Gobernuak erdietsitako azken akordioa salatu du berriki ELA sindikatuak. Izan ere, PSN-PSOE buru duen gobernuak milioi bat euroko laguntza emango dio Alemaniako multinazionalari, teorian, 1.050 nafarri formakuntza eman diezaien; "laneratzeko" eredu berri modura saldu dute ekimena. Horren atzean, baina, erabateko lan-gehiegikeria bat ezkutatzen dela salatu du ELAk: pertsona horiek guztiek, praktikan Volkswagenentzako langileak izango diren arren, ez dute ez kontraturik ez soldatarik izango, eta enpresaren esanetara egongo dira denbora batez. 

Ustez, formakuntza jasoko duten pertsona horiek gerora kontratatzeko aukera izango du Volkswagenek, baina ez dago denentzako berme errealik. ELAren esanetan, "pertsona prekario" horien artean, gazteak izango dira gehienak. Abuztuaren amaieran, akordioa "Trebakuntza Plan" modura aurkeztu zuen Nafarroako presidente Maria Chivitek, baina ELAk seinalatu du Volkswagenek plan horri esker beteko duela asteburuetarako ezarri duen lan-txanda berria, "mila pertsonaren prekaritateaz baliatuz", "UGTren eta CCOOren elkarlan beharrezkoarekin". Aipatutako sindikatuak dio, gainera, Volkswagenen negozioak diru publikoaren bidez babestea daukala oinarri akordioak.

Badirudi Aldi Baterako Laneko Enpresak (ETT, gazteleraz) martxan jarri direla jada (tartean dira Nortempo, Manpower eta Adecco), eta hasi direla laster asteburuetako lan-txanda berria beteko duten langileak hautatzen, prestakuntza jasotzen has daitezen. "Goi-mailako lanpostu kualifikatuetan sartuko diren langileek (karrozeroak, instalazio-gidariak, elektromekanikariak…) zortzi asteko ikastaro teoriko-praktikoa jasoko dute egunean zortzi orduz, inolako ordainik eta lan-kontraturik gabe; pizgarri bakarra, 'enplegagarritasun-berme' bat". Plan berdinaren barruan ekoizpenean sartuko dituzten beharginak, berriz, hiru astez arituko dira Volkswagenentzat. "Kontratu kopurua egundokoa izango da; horregatik, negozio bihurtzen da", seinalatu du ELAk.