Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) gaurko ezarri zuen ikasturteari hasiera emateko ekitaldia, eta goiz berean egin du agerraldi bat Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS), EHUn nagusitzen ari den unibertsitate-ereduari aurre egitera deitzeko. Ohartarazi du EHUko errektoretzak "hitz politak" baino ez dituela izango gaurko ekitaldian, baina oso bestelakoa dela errealitatea ikasleriarentzat: "Ikasle langileon egoerak kaskartzen jarraitzen du etengabe, unibertsitatea eredu enpresarialean sakontzearen ondorioz. Unibertsitate-eredu enpresariala diogu, bai interesetan, bai funtzionatzeko logikan eta baita ondorioetan enpresa pribatuak direlako onuradunak".
IASek gogorarazi du unibertsitate publikoko sareak gutxienez bi hamarkada daramatzala enpresei mesede egiten dien eredua indartzen, "Bolognarekin hasi" eta "LOSUrekin sakondu eta egonkortu" zen prozesu baten bidez. Horrekin guztiarekin, "pribatizazioa eta enpresen kontrola" areagotzen jardun dutela uste du IASek, eta bide-orri hori ezin dela ulertu "murgilduta gauden krisi-testuingurutik kanpo"; "irabazi ekonomikoak ekoizteko ezintasun nabarien aurrean, ezinbestekoa zaie enpresariei instituzio guztiak, tartean unibertsitateak, haien interesen arabera antolatzea".
Lege berri baten atarian?
Ikasle-antolakundeak ohartarazi du, gainera, EHUn ezartzeko lege berri bat prestatzen ari direla, EAEko Unibertsitateen Lege berria hain justu; itxura guztien arabera, ikasturte honetan sartuko dena indarrean. "Kontuan izanda oihartzun handirik gabe egiten ari direla prozesu hori guztia, garbi dago ez datorrela ikasle langileok unibertsitatean ditugun arazo nagusiak konpontzera, aurreko legeek ezarritako norabidean sakontzeko lege bat baita", seinalatu du.

Ikasle langileen arazoak unibertsitatean
Ikasturte berria hasi den honetan, ikasleria langileak unibertsitatean jasaten dituen arazo nagusiak azpimarratu ditu IASek: batetik, unibertsitatea "gero eta garestiagoa" dela eta "ikasle langileontzat gero eta zailagoa" dela "gastu horiei aurre egin eta unibertsitatean jarraitzea"; bigarrenik, unibertsitatean "enpresa pribatuen esku-hartzea eta kontrola" handitu dela, "ikasketa-plana horien beharretara bideratzea" eraginez eta "mota guztietako enpresak normalizatuz", tartean industria belikoan jarduten dutenak; hirugarrenik, euskararen auzia, "ikasketa hasieratik bukaerara eta osorik euskaraz egiteko aukerarik ez izatea" kasu; eta, azkenik, ikasle-mugimenduaren aurkako errepresioa. "Ikasleon kritikotasuna hitz hutsalez horrenbeste aldarrikatzen den garai honetan, arazo horiek seinalatzeko eta borrokatzeko pauso bat aurrera egiten dugun ikasleak erasotuak eta kriminalizatuak gara", salatu dute ikasle-antolakundeko kideek.
Errektorea eta errektore ohia, ikasle-mugimendua seinalatzen
IASek gogorarazi duenez, irailaren 4an izan zen Udako Euskal Ikastaro batean, hitza hartu zuten Joxerramon Bengoetxea errektoreak eta Eva Ferreira errektore ohiak: "Aditzera eman zuten EHUk duen gaitzik handienetarikoa ikasle-mugimendua dela, aurreko ikasturtean jasandako kriminalizazio-kanpaina bati aurre egiteko EHUko hainbat irakasleren sinadurak mehatxu bidez bildu genituela esateraino". Ikasle-antolakundeak iritzi dio "eskubide politikoen aurkako neurriak krisi-testuinguru honetan gizarte-mailan izaten ari diren eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoaldiaren beste adierazpen bat" direla, "estatu kapitalistak hartzen ari diren autoritarismoranzko joerari" lotuta.
Beste urte batez borroka egiteko deia
Horiek guztiak aipatuta, IASek azpimarratu du ez EHUk ez Eusko Jaurlaritzak ez dietela "unibertsitate-eredu honi" eta "horrek sortzen dituen arazoei konponbiderik eskainiko". Horrexegatik, borroka egiteko eta antolatzeko deia luzatu dio ikasleriari: "Ikasle langileok izan behar gara, modu independentean antolatuta, arazo horien guztien aurka borrokatzen jarraitu behar dugunak, ikasle langileon interesak bermatuko dituen Hezkuntza Sistema Sozialistaren alde. Norabide horretan egingo dugu lan aurtengo ikasturtean ere".
