AKTUALITATEA / Herri unibertsitatea

Ikasturte berriarekin, martxan dira aurtengo Herri Unibertsitateak

Hamabost bat zentrotan egingo dituzte Fakultate Egunak hurrengo astean, "ikasleok batzeko, hamaika auziren inguruan hausnartzeko eta aisialdiaz gozatzeko espazio" ezagunei bide eginez beste urte batez.
2026eko irailaren 10 - 06:27
Ikasturte berriarekin, martxan dira aurtengo Herri Unibertsitateak

Beste ikasturte batez, bueltan dira Herri Unibertsitateak Euskal Herriko campusetan. "Ikasle langileon interesei erantzungo dien hezkuntza eraikitzeko bidean, Herri Unibertsitateak ikasturtean zehar ikasleok batzeko, hamaika auziren inguruan hausnartzeko eta aisialdiaz gozatzeko espazioa dira", jakinarazi dute antolatzaileek 2026-2027 ikasturtea hasi berritan.


"Azken urteetan, antolakuntzaz ikasleon kezka politikoak asetzeko espazioak sortzen aritu gara", ekarri dute gogora. Aurten, dena den, "inoiz baino indartsuago" daudela azaldu dute, eta, irailean sartuta, Fakultate Egunak deiturikoak prestatu dituzte datorren asterako, "hainbat campusetan ikasleok ikasturtearen hasieratik batzeko asmoz". Hitzaldi, tailer eta aisialdiko ekimen ugari izango dira lekuan leku.


Irailaren 16an eta 17an izango dira Fakultate Egunak, ondoko zentroetan: Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Leioako campuseko Hezkuntza, Osasungintza, Gizarte eta Komunikazio Zientzia (GKZ), Zientzia eta Teknologia (ZTF) eta Arte Ederren fakultateetan; Gasteizko campuseko Hezkuntza, Letra, Gizarte-langintza eta Farmazia fakultateetan; Eibarko unibertsitatean; Ibaetako Zuzenbide, Arkitektura, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia (HEFA) eta Psikologia fakultateetan; Bilboko San Mamesen eta Sarrikon; eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Iruñean.



Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/HUnibertsitatea/status/2097578936670576978