Donostiako Udalak (EAJ-PSE-EE) Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatu izanak badu testuinguru bat: PP alderdiko zinegotziek (tartean Borja Coromiras) eta euren eskutik doan Lo que no te cuentan de Donosti (LQNTCDD) dibulgazio-kanala kudeatzen duten pertsonek asteak daramatzate afarietara hurbiltzen, euren kriminalizazio-kanpaina indartzeko. KASeko boluntarioek eman dute horren berri.
Donostiako hiru lekutan banatzen ziren afari solidarioak gaur egun, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aterpean. Bada, PPkoak eta LQNTCDDkoak astero-astero egon dira aldundian ematen diren afarietara bertaratzen, ekimena "problematikotzat" saltzen saiatzeko: janari bila hurbiltzen ziren pertsona etorkinak grabatzen aritu dira, haiek seinalatu ahal izateko eta udaltzainei deitzeko aitzakia bat edukitzeko. Horren helburua argia izan da: Kaleko Afari Solidarioak kriminalizatzea, elkartasun-ekimenaren debekuari bide egiteko.
Kanpaina horren barruan, PPk denbora zeraman Donostiako Udalari eskatzen afari solidarioak debekatu zitzala, "segurtasunari" lotutako arrazoiak argudiatuta: elkartasun-ekimena "segurtasun" arazoen iturri bailitzan seinalatu dute faxistek. Ekainean, PPk afariak debekatzeko mozio bat aurkeztu zuen udalean, baina ezetz bozkatu zuten bai EAJk bai PSE-EEk. Handik hilabetera, jarrera aldatu dute udal-gobernuko bi alderdiek: Kaleko Afari Solidarioak debekatzeko ebazpen bat onartu dute, PPk mahaigaineratutako argudioak erosita eta faxistei men eginda.
Coromirasek harrokeriaz txalotu du neurria sare sozialetan: "Ongi etorri argira, bazen ordua, sei urteko atzerapena daramazue". Izan ere, sei urte dira Donostiako boluntario-sare handi batek afari solidarioak banatzen dituela kaleetan, muturreko pobrezia-egoeran dauden ehunka pertsonei otordu bat bermatzeko. Gaur egun, 300 bat lagunek dute afaria horri esker, eta udalak ez du inolako alternatibarik eskaini haientzat, Kaleko Afari Solidarioak debekatu ondoren.