AKTUALITATEA / Soldata sistema
Behargin bat larriki zauritu dute Gasteizko Mercedes Benz lantegian, makina batek harrapatu ostean
Muntaia-kateko auto baten eta hormaren artean trabatuta geratu da gaueko txanda betetzen ari zela. Larrialdi-zerbitzuek artatu behar izan dute, buruan jaso duen kolpea zela-eta.
2021ko martxoaren 24
Behargin bat larriki zauritu dute Gasteizko Mercedes Benz lantegian, makina batek harrapatu ostean

Zauri larriak eragin dizkiote langile bati Gasteizko (Araba) Mercedes Benz fabrikan, gaueko txandan makineria astunarekin beharrean zebilela. Iturri sindikalek aditzera eman dutenez, ibilgailuen muntaia-faseetako batean jazo da ezbeharra, autoei gurpilak jartzen zaizkien gunean, hain zuzen ere.

Ibilgailuaren karrozeriaren eta horma baten artean harrapatuta geratu da soldatapeko langilea. Larrialdi-taldeek ospitaleko ebakuntza-gelara eraman dute berehala, burua hanpatuta zuela eta belarrietatik odola zeriola.


Arrisku bizian


Martxoaren 21ean, joan den igandean, garraiolari bat kiskalita hil zen Zuastiko (Nafarroa) errepidean. 2021ean Euskal Herrian soldatapean eraila izan den hamahirugarren langilea da, gutxienez. Egun batzuk lehenago, hilaren 16an, beste behargin bat zendu zen Bermeon (Bizkaian), itsasontzitik uretara jausita.


2020. urteak lan-istripu hilgarrien zifra gorakorrak utzi zituen Euskal Herriko langileriarentzat: 72 heriotza izan ziren gutxienez. Horrez gain, Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling enpresaren kasuak berriki agerian utzi duenez, patronalak badaki zein den bere jarduerak langileentzat dakarren zoria.