Joan den asteartean, zortzi antifaxistaren kontrako operazio polizial bat izan zen Iruñerrian. Antsoainen, Berriozarren eta Txantrean izan ziren atxiloketak, bortizkeria handiz: zenbait kasutan, gazte horien etxeetako ateak bota zituzten Guardia Zibilak eta Foruzaingoak, eta bertan zeuden senideak kolpatu zituzten. Gerora jakin zenez, Munduko Kopako finalaren egunean Berriozarren gertatutakoagatik izan zen operazioa: uztailaren 19an, Núcleo Nacional talde neonaziaren kamiseta zeraman gizon bati aurre egin zieten hainbat pertsonak, eta erantzun antifaxista horrekin ustez zerikusia izan zuten zortzi gazte atxilotu dituzte aste honetan.
Antifaxismoaren aurkako beste operazio bat izan da honakoa, Nafarroako Gobernuan PSN-PSOE agintean dela. Eta balantze argigarri bat indartzen du aste honetan jazotakoak, gainera: azken urtean, gutxienez bost sarekada izan dira antifaxismoaren kontra Iruñerrian, eta bat bera ere ez faxisten kontra.
Astearteko interbentzio polizialaren aurretik, hiru operazio izan dira urtebetean Vito Quilesen aurkako mobilizazio antifaxistari lotuta: ekainean 28 pertsona atxilotu zituzten, otsailean gutxienez bi, eta 2025ko azaroan gutxienez hiru.
Hori baino zenbait hilabete lehenago, 2025eko ekainean hain zuzen ere, gutxienez bi pertsona atxilotu zituzten, Vox alderdi faxistaren presentzia salatzeko mobilizazio batean parte hartzeagatik. Are gehiago: dozenaka lagunek deklaratu behar izan dute jada Nafarroan, Voxek azken urteetan propaganda-postuak jartzean protesta egiteagatik.