Beste hamasei pertsona deitu dituzte deklaratzera Nafarroan, iazko otsailean Vox alderdi faxistaren aurka protesta egitea leporatuta. Datorren astean igaro beharko dute epailearen aurretik. Izan ere, Berriozarren, Errotxapean eta Noainen izandako protesta antifaxistak ikertzen ari dira auzitegian; propaganda-postuak jarri zituen Voxek, eta herritar andana mobilizatu zen faxisten eta euren gorroto-propagandaren aurka.
Berriozarren eta Errotxapean, Voxekoak babestu eta protesta antifaxistan zeuden bizilagunen aurka kargatu zuten polizia-indarrek. Hainbat pertsona zauritu zituzten; Berriozarren, esaterako, gutxienez hamasei zauritu izan ziren.
Gertakarien harira, protesta antifaxista seinalatzen zuen "gorrotozko delitu" posible bati buruzko prozesu judiziala ireki zuten epaitegietan. Gerora, "desordena publikoak", "atentatua" eta "mehatxuak" nabarmendu zituzten delitu posible modura, eta bi pertsona atxilotu zituzten prozesuari lotuta, iazko ekainean.
Badirudi, baina, kexatu egin dela Vox: esan du, "biktima" gisa, ez diotela prozesuan esku hartzeko aukerarik eman. Arrazoia eman dio Zigor Arloko 1. Epaitegiak, eta orain arteko eginbideak desegin ditu, hasierako puntura itzuliz. Prozesua zabaltzea ekarri du horrek: orain arte bi pertsona baino ez dira egon ikerketapean, baina orain 25 lagun seinalatu dituzte guztira, Naiz-en arabera. Horren ondorioz, hamasei lagunek deklaratu beharko dute hurrengo astean.
Hamasei pertsona horiek protesta antifaxistetan identifikatu zituzten poliziek, antza denez. Prozesu judizialean jopuntuan ipini dituzten gainerako zazpi pertsonak, ordea, ez zituzten momentuan identifikatu: ustezko grabazio batzuetan ageri omen dira, eta modu horretan identifikatu nahi omen dituzte. Naiz-en esanetan, Poliziak, une horretan, ez zuen beharrezkotzat jo haiek identifikatzea.