Seigarren urtez jarraian, Gazte Koordinadora Sozialistari (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistari txosna jartzeko eskubidea ukatu die Gasteizko Txosna Batzordeak. "Aurten ere Batzordean sartzeko eskaera egin dugu eta ez dugu inolako erantzunik jaso", azaldu dute GKSko eta sindikatuko kideek: "Hala Bedi-k irtenbiderako proposamen bat helarazi du, iaz bezala, txosnagunean gure parte-hartzea bermatzeko eta gatazka gainditzeko asmoarekin. Guk begi onez ikusi dugu proposamena eta bat egiteko prest agertu gara. Batzordearen erantzuna aurreko urteko berdina izan da: ezezkoa gailendu da eta ez da inolako alternatibarik eskaini".
Mugimendu Sozialistak gogorarazi du Gasteizko Txosna Batzordeak, duela bi urte, adierazi zuela lan egingo zuela "gatazka konpontzeko bilaketan". Euskal Herriko 100 bat kolektibok eta 150 kulturgile inguruk Mugimendu Sozialistak txosna jartzeko duten eskubidea defendatu zuten garai hartan, adierazpen bana sinatuz, eta horren ostean esan zuen Batzordeak, ustez, "gatazka konpontzeko" ahalegina egingo zuela. Ez du hitza bete, ordea, eta gaur egun Batzordea osatzen duten eragileen gehiengoak txosna jartzea debekatzen die GKSri eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistari.
Bi antolakundeek "esker ona" adierazi diete "Hala Bedi-ri eta proposamena landu eta irtenbidearen alde egin duten eragileei". Kontrara, salatu dute hainbat eragilek Mugimendu Sozialista txosnagunetik kanpo uzteko jarrera mantentzen dutela, "interes politikoengatik". "Aurten ere Sorturen inguru politikoko eragileak ezezkoan mantendu dira eta gai hau landu eta gainditzearen aurkako posizioarekin jarraitu dute", seinalatu dute: "Ezker Abertzalea Mugimendu Sozialista zokoratzeko estrategiaren baitan kokatzen da, bere ezkerrera dauden mugimenduak espazio horietatik kanpo uzteko". Beto politikoari eusteko, Txosna Batzordean duen "errepresentazio puztuaz" baliatzen da Ezker Abertzalea.
Gainera, Jardun antolakundearen jarrerak ere "harritu" egiten dituela azpimarratu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: "Espazio politikoak partekatzen ditugun heinean, aurten beraiekin bildu gara eta txosnetan gure parte-hartzearen alde egingo zutela adierazi ziguten. Hori esan arren, egoera desblokeatzeko proposamenari ezezkoa eman diote".
Mugimendu Sozialistak nabarmendu duenez, behin eta berriz luzatzen den betoak eta "interes politiko alderdikoiek" hautsi egiten dute "Gasteizko Txosnen izaera plurala". Beste urte batez "ehunka gasteiztar txosnagunetik kanpo" geratuko direla ohartaraziz, egoera konpontzearen alde egin dezala eskatu diote Txosna Batzordeari: "Bidegabekeria hau mantentzen den bitartean, salatzen jarraituko dugu". Iaz ere, ehunka pertsona mobilizatu ziren Gasteizen festen atarian, Mugimendu Sozialistak txosnetan parte hartzeko duen eskubidea erreibindikatuz.