AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Iosu Zabalak, Hedoi Etxartek eta Patxi Ardanaz 'Poio'-k aurkeztu dute ekimena.
2024/05/27 12:23

Gero eta gehiago dira Mugimendu Sozialistari Bilbon (Bizkaia) eta Gasteizen (Araba) jarritako beto politikoa salatzen ari direnak. Oraintsu, Euskal Herriko 150 kulturgilek plazaratu dute gutun bat, Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistari (GKS), bertako Etxebizitza Sindikatu Sozialistari eta Bilboko Luberri Konpartsari jaietan parte hartzeko ezarri dieten debekuaren kontra. Izan ere, hiru kolektibo horien kontrako betoa mantentzen dute Gasteizko Txosna Batzordeak eta Bilboko Konpartsen Koordinakundeak, arrazoi politikoak direla-eta, ez baitiete uzten festetan txosna bat jartzen eta jaien parte izaten.

Musikagintzan, antzezle-lanetan, bertsolaritzan, literaturan eta abarretan aritzen diren 150 bat pertsona elkartu dira Mugimendu Sozialistarekiko betoaren aurka, Artistok denontzako jai herrikoien alde! lelopean. Gaur aurkeztu dute euren idatzia, Bilboko Kafe Antzokian. "Jai herrikoiak maite ditugulako, artistak betoen kontra gaude eta konponbidea nahi dugu, bai Bilbon bai Gasteizen", aldarrikatu dute sinatzaileek gutunean.

Sinatzaile ugari: musikariak, antzezleak, bertsolariak zein idazleak

Musika-munduko pertsona eta talde ugarik egin dute bat idatziarekin; besteak beste, Fermin Muguruza, Iosu Zabala, Natxo de Felipe, Idoia Tapia, El Drogas, Bingen Mendizabal, Niko Etxart, Gari, Verde Prato, Merina Gris, Kiliki Frexko, Olaia Inziarte, Txuma Murugarren, Xabier Zeberio, J Martina, Nakar, Etxepe, Ezpalak, Hofe, Joseba Irazoki, Bengo, Mutiko, Ødei, Yakovlev 42, Tatxers eta La Basuk.

Antzezle ezagunak ere badira sinatzaileen artean: Ainhoa Larrañaga, Ander Lipus, Itziar Ituño, Antton Telleria, Jone Laspiur, Patxo Telleria, Miren Arrieta, Mikel Laskurain, Patxi Bisquert eta abar. Betoaren kontra agertu diren bertsolariak ere badira, esaterako, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Aroa Arrizubieta, Kristina Mardaras, Julio Soto eta Eneko Abasolo Abarkas.

Bestalde, sinatu duten idazleen artean daude, adibidez, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Hedoi Etxarte, Leire Bilbao, Pako Aristi eta Iñaki Irazu. Bestelako kultur-esparru batzuetan jarduten duten hainbat lagunek ere erakutsi dute euren desadostasuna betoarekiko; hain zuzen ere, Ana Galarraga, Txan Magoa, Asun Garikano, Cesar Manzanos eta Ernesto Murillosek, besteak beste.

Jaien parte izateko eskubidea

"Jai herrikoiak ondasun kultural bat dira, ibilbide anitzeko pertsona eta talde ugariren lanari esker. Izan ere, aniztasunarekiko errespetuz, beren desadostasun ideologikoen gainetik, jai-giro alaia, parte-hartzailea eta inklusiboa eraikitzen saiatzen dira", aldarrikatu du gutuna babestu duen kulturgile andanak.

Horri lotuta esan dute "kezkatuta" daudela, "Bilboko Konpartsetan eta Gasteizko Txosna Batzordean zenbait eragileri ezarri zaien debekua" dela-eta. "Gu ere jai herrikoien parte garelako eta izan nahi dugulako, kezka hori publikoki adierazi nahi dugu, bai eta arazoa konpontzeko bideak zabaldu", azaldu dute.

Iritzi diote "eskubide unibertsala" dela "herri-jaietako parte izatea"; eta, horregatik, "ulertezina" iruditzen zaie "Luberri Konpartsari Bilbon edo GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari Gasteizen ezarritako betoa". "Nork bere izaera eta aldarriekin, jaiak gozatzeko eta ospatzeko espazioa izan behar luke, elkarrenarekiko tolerantziaz. Elkarbizitza-arauak errespetatuz laguntzeko prest dagoen edozein erakundek izan behar du horretarako aukera", seinalatu dute kulturgileek: "Gaurdanik bideak ireki daitezela eskatzen dugu, zentzurik gabeko gatazka bakarrik ekar dezakeen betoa gainditzeko".

Zentzu horretan, konpromiso argi bat ere hartu dute sinatzaileek: "Gure esku dagoena egingo dugu betoak atzera bota eta aipatu konpartsak eta herri-erakundeek Bilbon zein Gasteizen hurrengo jai herrikoietan berdintasunean eta diskriminaziorik gabeko jai giroan eta kultur ekitaldietan parte har dezaten".

Euskal Herriko 100 kolektibo ere betoaren kontra

Aurtengo martxoan ere izan zen Mugimendu Sozialistari ezarritako beto politikoa salatzeko adierazpen indartsu bat: Euskal Herriko 100 bat eragilek argitaratu zuten komunikatu bat, Gasteizko eta Bilboko festetan ere Mugimendu Sozialistak parte hartzeko eskubidea duela aldarrikatzeko. Sinatzaileen artean daude hamaika Gaztetxe, Gazte Asanblada, kolektibo sozial eta politiko, elkarte, plataforma eta abar.



EZ DAGO IRUZKINIK