AKTUALITATEA / Gazte koordinadora sozialista

Polizien jarrera bortitza eta inpunitatea salatu dituzte Hondarribian

200 lagun inguru elkartu ziren atzo Martxoaren 8 plazan, GKSk deituriko elkarretaratzean eta 'Poliziaren biolentziari eta inpunitateari aurre egin' lelopean. Gertakarien larritasuna eta udalaren erantzukizuna seinalatzearekin batera, borrokarako deia luzatu zuten gazteek.
2026eko irailaren 12 - 07:33
Polizien jarrera bortitza eta inpunitatea salatu dituzte Hondarribian

Bidasoko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta, 200 lagun inguru elkartu ziren atzo arratsean Hondarribiko (Gipuzkoa) Martxoaren 8 plazan, Poliziaren biolentziari eta inpunitateari aurre egin aldarritzat hartuta. Agerraldiaren helburua zen udaltzainek eta ertzainek ostegun gauean izan zuten jarrera bortitza eta zigorgabea salatzea, baita atxilotu zituzten bi militanteei babesa helaraztea ere. Pankarta bat atera nahi izan zutenean atxilotu zituzten.

Hala, kontzentrazioan, bezperako gertakariak testuinguru orokorrarekin lotu nahian hartu zuten hitza atxilotutako bi kideek: "Atzo, Arrantzale Egunean, Poliziaren bortizkeriaren eta inpunitatearen lekuko izan ginen berriro ere Hondarribian". Izan ere, pankarta bat jarri nahi izanagatik, eskuburdinez lotuta atxilotu zituzten bi kide. Zera adierazi zuten: "Desordena publikoa leporatu digute bioi, eta zain geratuko gara ea delitu penal moduan epaiketan zigortuko gaituzten, ala Mozal Legearen isun administratibo bidez. Edozein kasutan, atzokoagatik errepresio ekonomiko eta judiziala espero dugu".

Larriak dira ostegun gaueko irudiak jaso dituzten bideoek ageri dutena: Itsas Etxeko teilatutik behera eskaileran ari zirela, militanteak bota nahian aritu zen udaltzaingoa, eta GKSko kideak babestera hurbildu ziren lagunei borra-kolpez erantzun zien. Hori gutxi ez, eta Ertzaintzari hots egin zion Hondarribiko Udaltzaingoak. Polizia-dispositibo ikaragarria jarri zuten abian, eta istiluen aurkako poliziak foam jaurtigailuak, borrak eta ezkutuak soinean agertu ziren.

Horregatik guztiagatik, udalaren (Abotsanitz-EH Bildu) erantzukizunean jarri zuten azpimarra atzoko protestan: oraindik ere, ez alkateak, ez alderdi politiko bakar batek, ez udalbatzak ere ez dute ostegun gauean jazotakoaz adierazpenik egin. Hein horretan, udaltzainen balizko "gertutasuna" gezurtatu zuten GKSko kideek: Hondarribiko Udaltzaingoaren jarrera "aspaldiko arazotzat" jo dute. Hain zuzen, udaltzain-taldean "arbitrariotasuna, nagusikeria, indarkeria eta mugimendu politikoen aurkako jazarpen konstantea" nagusitu direla nabarmendu dute, eta jarrera horiek eteteko nahiz borrokatzeko ezer gutxi egin duela udalak: "Beste polizia-kidegoak bezala, Estatuaren beso armatua dira eta mugimendu politikoak erreprimitzeko gogoz eta herritarron gainetik sentitzeko beharra duen jendez dago osatuta Hondarribiko Udaltzaingoa".

Poliziekin elkarbizitza eta istiluak

Udaren hasieran, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak istiluak eta "uda bero bat" iragarriz egin zituen adierazpenak, Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotako jai eta txosna guneetan Poliziarekiko erakutsitako jarrera kritikoa zela-eta. Poliziekiko desadostasun sozialaren eta balizko istiluen iturria, ordea, beste alderdi batean kokatu zuen GKSk atzoko elkarretaratzean: "Elkarbizitza-arazoa dago Ertzaintzako agenteek atzokoa bezalako operazio polizial basatiak egiten dituztelako, Gaztetxeak desalojatzen dituztelako, iaz foam-bala batez Iker Aranari barrabil bat galduarazi ziotelako, Iñigo Cabacas erail zutelako, ultraeskuinaren mobilizazioak babestu eta militante antifaxistak jazartzen dituztelako, pertsona arrazializatuen aurkako jazarpen konstantea praktikatzen dutelako, militante politikoak Mozal Legeaz isuntzen eta atxilotzen dituztelako... Gero, horretan jarduten dutenak nola izango dira ba ongietorriak gure txosnetan?". Gainera, ostegun gaueko dispositibo poliziala amaituta, Mugimendu Sozialistaren txosnara hurbildu zen ostegun gauean bortizki interbenitu zuen ertzaina (berez ez zen lanean ari, festa egiten baizik), trago eske eta probokatzeko asmoz. 

Inpunitateaz ere aritu zen GKS atzoko elkarretaratzean, eta nabarmendu zuen polizien gehiegikeriak salatzera eta grabatzera hurbildu ziren hainbat lagun identifikatu zituztela; horrelako jokabideak legez kanpokoak izan arren. Are, bere lan-orduetatik kanpo herritarrak jazarriz aritu zen ertzainak honako adierazpen hauek egin zizkien bere kideei: "Me he enzarzado con un par, a ver si me ayudáis, y así os los lleváis".

Oroimena eta borroka: Josu Zabala gogoan

Elkarretaratzea amaitzeko, duela 50 urte Hondarribiko jaietan Guardia Zibilak Josu Zabala erail zuela oroitu zuten, eta Poliziaren baliabide eta legedia aldatu bada ere, beronen bortizkeria eta inpunitatea borrokatzen jarraitzeko arrazoiak soberan badirela gogorarazi: "Poliziak jarraitzen du beldurra zabaldu eta sistema bere horretan mantentzeko instituzioa izaten. Horregatik diogu, urteurrena oroitzearekin batera, ezinbestekoa zaigula gizarte-eredu berri baten alde, gizarte sozialista baten alde, borrokan jarraitzea; Estatu burgesaren autoritarismoarekin amaitzeko, faxismoarekin amaitzeko, ideia erreakzionarioen gorakada hau gelditzeko".