AKTUALITATEA / Errepresioa
28 atxilotu Iruñean, Vito Quilesi aurre egiteagatik
Etengabe sartzen ari dira jendea komisariara, urriaren 30eko gertakariengatik deklaratu dezaten; gutxienez ikastetxe batera sartu da Polizia, ikasle bat atzemateko. Otsailean eta iazko azaroan ere egon ziren atxiloketak arrazoi beragatik.
2026eko ekainaren 3 - 08:40
28 atxilotu Iruñean, Vito Quilesi aurre egiteagatik

Antifaxisten aurkako operazio polizial erraldoi bat izan da Iruñerrian (Nafarroa) gaur goizean: gutxienez 28 pertsona atxilotu ditu Espainiako Poliziak, urriaren amaieran Vito Quiles probokatzaile faxistari kontra egiteagatik. Etengabe sartzen ari dira jendea Txintxillako komisariara, aipatutako gertakarien harira deklaratu dezaten. Oraindik ez dago operazioaren dimentsioari buruzko datu zehatzik.

Iruñerriko Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) jakinarazi duenez, gutxienez ikastetxe batera sartu dira Espainiako Poliziako agenteak, aurpegia estalirik zutela, ikasle bat atxilo hartzeko. Beste bi ikasleri, Selektibitatea egin aurretik esan diete komisariara eramango zituztela azterketak bukatzean.

Atxilotuak aske gera daitezela exijitu du Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ez plataformak, eta Txintxillako polizia-etxearen aurrera bertaratzera deitu du, atxilotuei babesa emateko. Arratsaldeko 19:00etarako, protesta bat antolatu du Nabarrerian.

Joan den otsailaren 5ean eta iazko azaroaren 30ean ere atxilotu zituzten hainbat lagun, Quilesen aurka protesta egiteagatik. Izan ere, urriaren 30ean, Iruñeko Opusen unibertsitatera bertaratzekoa zen agitatzaile faxista, hainbat campusetan bere mezuak zabaltzeko egiten ari zen biraren barruan; ehunka pertsona mobilizatu ziren faxismoaren aurka, ordea, eta Quiles ez zen hurbiltzera ausartu. Mobilizazio antifaxista horren ondoren, bertan parte hartu zuen jendea atxilotzen segitzen dute polizia-indarrek.