EFEMÉRIDES / Itaia

Urriak 20: Itaia antolakunde gisa eratu zen

Duela sei urte, Emakume Sozialisten Antolakunde gisa eratu zen Itaia, 2018tik sare gisa jardun ostean.
Urriak 20: Itaia antolakunde gisa eratu zen

Gaurko egunez, duela sei urte, ordura arte Itaia Emakume Sozialisten Sarea izandakoa berrantolatu eta Emakumeen Antolakunde Sozialista gisa eratu zen, 2020ko urriaren 20an hain justu.

COVID-19aren zabalpenak eta osasun-krisiak eragindako atzeraldi betean, besteak beste, emakume langileen babesa antolatzeko sortu zuten, "antolakuntza politiko sozialistarako hautua" eginez. Horrekin batera, aurkezpeneko adierazpenean, "gure bizi-baldintza eta baldintza estrategikoak hobetzeko borroka-prozesuak eta lan ideologikoa" abiatzea markatu zituen xedetzat Emakumeen Antolakunde Sozialistak.

Orduz geroztik, Itaiak talde ugari sortu eta egonkortu ditu eskualdez eskualde, eta ez dira gutxi izan martxan jarritako borrokak: eraso matxisten zigorgabetasunaren aurka, jai-eremuko erasoen kontra, emakume langileen lan-baldintzak hobetzearen alde, abortu-eskubidearen alde, eta abar. Gainera, apustu sendoa egin du emakumeen artean formakuntza politikoa sustatzeko eta emakumeak subjektu politiko aktibo gisa indartzeko. Itaiak, hala, milaka lagun elkartu ditu azken urteetan egindako formakuntza-jardunaldi eta topaketetan, Martxoaren 8ko zein Azaroaren 25eko mobilizazioetan, baita tokian tokiko borroka-dinamika konkretuetan ere.

Itaia, izatez, 2018an jaio zen, sare gisa. Ordutik, online blog batean, eztabaidarako artikulu ugari itzuli eta argitaratu zituzten Itaiako kideek. Horrela, bi urte horietan zehar, hamaika auzi politikoren inguruko eztabaidei heldu zieten, emakume langileen zapalkuntzen aurkako borroka lehen lerroan ipiniz.