EFEMÉRIDES
Gaurko egunez, duela 48 urte, polizia-agenteek Ricardo Ritxi Gomez Etxeberria erail zuten Bilbon, 1978ko azaroaren 8an. Ordu hartan, 27 urte zituen Gomezek, eta ETA erakunde armatuko kide zen.
Lekukoen arabera, gaueko 00:15 aldera, zenbait polizia barruan zirela, auto bat Ritxi eta beste kide bati segika hasi zen Casilda Iturrizar parkearen inguruetan. Alabaina, ihesi zihoala, kable batekin estropezu egin eta agente batek birritan tirokatu zuen Gomez. Tiro horietako bat burura egin zion.
Garai hartako beste hainbat kasutan gertatu bezala, iturri polizialek bestelako bertsio bat zabaldu zuten: ETAko kideek aurre egin zietela poliziei, eta horren ondoriozko tiroketan hil zela Ritxi. Dena dela, ez zen inoiz gertakarien inguruko ikerketa publikorik egin, eta senideek ez zuten autopsiaren berririk izan.
Hiletara 3.000 pertsona hurbildu ziren, eta haren omenez manifestazio jendetsu bati ekin zioten. Haren aurka ere gogor oldartu zen Polizia, ke-potoz hura desegin nahian.