EFEMÉRIDES / Represión

Urriak 25: Elhadji Ndiaye, Iruñeko polizia-etxean eraila

Duela hamar urte, Elhadji Ndiaye erail zuten Espainiako Poliziaren Iruñeko komisarian. 2017an artxibatu zuten auzia.
Urriak 25: Elhadji Ndiaye, Iruñeko polizia-etxean eraila
— ARGAZKIA Ahotsa

EFEMÉRIDES

Gaurko egunez, duela hamar urte, Elhadji Ndiaye erail zuten Espainiako Poliziaren Iruñeko (Nafarroa) komisarian, 2016ko urriaren 16an. Errotxapean, "bere onetik" aterata omen zegoelako jo zuen bere kontra Poliziak: bertsio polizialaren arabera, Ndiayek motozikletarekin zenbait "maniobra arriskutsu" egin zituen, eta indarrez atxiki zuten orduan agenteek. Polizia-etxera eraman zuten, eta minutu batzuk beranduago hil zen.


Bertsio ofizialean jaso zuten "bihotz-biriken geldialdi natural baten" ondorioz hil zela, baina komisariako kamerek bertsio hori gezurtatu zutenean, droga-trafikoa eta drogak kontsumitu izana egotzi zioten Ndiayeri: esan zuten horrek eragin zuela bere heriotza.


Gerora egindako ikerketek goitik behera desmuntatu zuten Poliziaren kontakizuna: hainbat lekukok eta kaleko kameren irudiek erakutsitakoaren arabera, agenteek bortizki atxilotu zuten Ndiaye, eta irudietan ez ziren sekula ikusi hark ibilgailuarekin egindako ustezko "maniobra arriskutsuak". Horrez gain, lurrean mugitu ezinik zutela, agenteek hainbat kolpe eman zizkioten. Bere garrasiak ageri dituzten irudi batzuk zabaldu ziren, eta ikusi zen agenteek konorte gabe eraman zutela Elhadji polizia-etxeraino. Bertan, alde batetik bestera mugitzen aritu ziren poliziak zenbait minutuz, lurretik, harik eta konturatu zirenera arte Ndiayek ez zuela arnasten.


Ondorengo asteetan zein urteurrenetan, kasuaren inguruko hainbat deialdi eta manifestazio antolatu zituzten Flor de África-k, Africa United-ek, SOS Arrazakeriakek eta Iruñerriko komunitate senegaldarrak; bai jazotakoa argitzeko, bai justizia galdegiteko, bai erreparazioa eskatzeko. Izan ere, gertakariak jazo eta hurrengo asteetan, Carmen Albak, ordu hartako Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak, muzin egin zion ezein adierazpen edo agerraldi egiteari. 2017an, kasua artxibatu zuen Iruñerriko 5. Instrukzio Auzitegiko epaile batek, autopsiak bihotz-biriketako geldialdi bat berretsi baitzuen, eta epailearen esanetan, ez zegoen hori baino arrazoi nagusiagorik Ndiayeren "heriotzaren" atzean. Bide penala itxita, familiak bide administratiboari ekin zion 2018an, Estatuak bere gain har zezan Ndiayeren heriotzaren ardura, baina ez da inoiz epai bat iritsi, ezta polizia-agenterik kondenatu ere.


Ondorioz, kasuak balio izan zuen indarkeria poliziala eta Poliziaren arrazakeria eta zigorgabetasuna salatzeko eta isiltasun instituzionala seinalatzeko, baita Ndiayek nahiz haren komunitateak pairatutako kriminalizazio-saiakera bistaratzeko ere.