EDITORIAL / Vivienda

Etxebizitza-krisia eta klase-kontzientzia

2026/10/01

Etxebizitzaren auziak eztanda egin du. Jakinekoa zen lehenago edo beranduago egingo zuela. Epe luzerako ikuspegiarekin begiratuz gero, arazo hau geroz eta larriagoa izango dela esan dezakegu: hurrengo belaunaldiek geroz eta zailagoa izango dutelako etxebizitza batera sarbidea izatea. Gure gurasoen belaunaldiak, neurri handi batean, etxebizitza bat erosteko aukera izan zuen, eta gure belaunaldiaren zati bat gurasoen errentetatik bizi da; ez guztia, jakina. Gure ondorengoek ez dute gurasoen laguntzarik ez herentziarik izango. Gauzek asko aldatu beharko dute egoera honi aterabidea emateko.

Mari Carmenen etxegabetzearen ondoren hasi zen Sol plazako kanpaldia, eta gobernu-koalizioak bi dekretu aurkeztu ditu etxebizitzaren problematikaren inguruan. Jakinekoa da, dena den, huskeriak baino ez dituztela bilduko. Hori dela eta, Soleko kanpaldiak aurrera jarraitu du eta Espainiako Estatuko hainbat hiriburutan mobilizazioak izan dira. Euskal Herrian ere deialdi bateratuak egin dituzte ostiralerako Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak.

Auzi honetan, hiru aldarrikapen egin ditu Mugimendu Sozialistak: espekulazioarekin amaitzea, espekulatzaileen jabetzak espropiatzea eta etxebizitza merkatuaren logikatik ateratzea eta planifikazioaren arabera funtzionatzen jartzea. Etxebizitzara sarbideak bermatua egon behar duela aldarrikatu du, hezkuntza edo osasungitza dauden moduan. Izan ere, etxebizitzak eskuragarria eta kalitatezkoa izan behar du. Lotsagarria da XXI. mendean arazo honek konpondu gabe jarraitzea.

Borroka egitea baino ez zaigu geratzen. Mobilizazio-egoera hau guztia sortu bada, borrokari esker izan da, eta langile-klasearen mesederako hobekuntzak egotekotan, mobilizazioen eraginez izango dira. Poz handia ematen du gazte-belaunaldi berri bat kaleak hartzen ikusteak eta iraganeko akatsetatik irakaspenak ateratzen dituztela frogatzeak. Mugimendu zabal, parte-hartzaile eta anitzak behar ditugu. Herri-mugimendua indartsu eta mobilizatua behar dugu. Denetan beharrezkoena eta aurrerapausoa dakarrena zera da ordea: klase-kontzientzia duten antolakunde komunisten presentzia geroz eta nabariagoa. Bidezidorren garaia bukatuta dago, porrot egin dute Podemos, Sumar eta enparauek. Apurka- apurka alternatiba iraultzailea gorpuzten ari da eta prozesu honek urteak iraungo ditu. Egun hauetan gertatzen ari den guztiak balio dezala klase-kontzientzia hedatzeko.