ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/02 08:12

Ez Gasteiztik! Ez Ezkiotik! AHTrik ez! lelopean, kontzentrazio bat izan zen larunbatean Altsasuko (Nafarroa) udaletxearen aurrean. Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obrak geldi ditzatela eskatu zuten mobilizazioan, eta, zehazki, "Euskal Y-aren eta Nafarroako korridorearen arteko lotura erabakitzeko zundaketa-kanpaina" bertan behera gera dadila exijitu zuten. Gasteiz (Araba) eta Ezkio (Gipuzkoa) dira, lotura hori egiteko, mahai gainean dauden bi aukerak.

Zundaketek eta AHTak kaltetutako herrien izenak erakutsi zituzten protestan, "Nafarroako Iza zendea eta Sakana, Gipuzkoako Goierri eta Arabako Lautadako udalerri guztien" kartel batzuen bidez. Gainera, "AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko Gasteizko eta Ezkioko bi alternatibak sinbolizatzen zituzten enbor batzuk" moztu zituen aizkolari batek.

Elkarretaratzean gogorarazi zutenez, "zundaketa-kanpaina iragarri zenetik bi urte igaro diren arren, ezin izan dute horietako bakar bat ere egin, udalen eta kalteturiko bailaretako biztanleen oposizio irmoagatik". Ezinbestekotzat jo zuten kanpaina horri aurre egiten segitzea, "zundaketak AHTaren obren hasiera" direla ohartarazita, eta adi egotera deitu zuten, zundaketa-kanpaina eta azterketa arkeologikoak berriz martxan jarri ditzaketelako eta "horien aurka larrialdi-protokoloa behar bezala aktibatu" beharko litzatekeelako. Bestalde, AHTaren aurkako "oposizioak jasaten duen intoxikazio mediatikoa eta kriminalizazio-kanpaina" ere salatu zituzten larunbatean.

NO HAY COMENTARIOS