Otsailaren 24ean langile bat erail zuten Murgan (Aiara, Araba), Zorroza Gestion de Residuos enpresan. Bassirou Dione, 24 urteko langilea, soldatapean ari zen lanean, bederatzi metroko altueratik erori zenean. Gaur, erailketa jazo zen momentuan enpresak egindako hainbat mugimendu atera dira argitara; LAB sindikatuak eman ditu istripuaren inguruko xehetasunak.
Hala, beharginak segurtasun neurririk gabe aritu izan direla jakinarazteaz gain, Dioni erori osteko uneen berri eman dute: gerenteak zauritua lekuz aldatzera behartu zituen lankideak, eta lekukoen arabera, Dione bizirik zegoen oraindik.
Gainera, teknikariak hurrengo egunean hilketa gertatu zen lekua ikuskatzera joan zirenerako, konponduta zegoen teilatua. Puskatu egin zelako erori eta zendu zen langilea.
Segurtasun neurririk gabe
Dione, beste bi beharginekin batera, hodi bat konpontzera behartu zutela eman du aditzera LABek. Altuera arriskutsu batean eta inongo segurtasun neurririk gabe jardun behar izan zuten; gerentearen esanetara zeuden eta hori ez zen euren lana enpresan. Horretan ari zirela, teilatu zati bat puskatu eta bederatzi metroko altueratik amildu zen Dione.
Zaurituaren lekualdaketa
Langilea erori ondoren eta oraindik bizirik zela, zauritua bere ohiko lan eremura lekualdatu behar izan zuten haren lankideek. Ondoren, gerenteak agindu zuzenak eman zizkien guztiei, gertaturikoaren inguruan enpresak zuen erantzukizuna ekiditen parte hartu zezaten.
"Badakizue zer esan behar duzuen, ez? Zintatik erori dela... Zintatik erori dela!" izan ziren horretarako erabili zituen hitzak.
Aurrekari arriskutsua
Ertzaintzak, enpresaren aurkako neurriak hartu beharrean, gutxienez langile bat inputatu du gertakariak estaltzea egotzita. Ekinbide juridiko horrek aurrekari arriskutsu bat jarri du mahai gainean LABen arabera, ateak ireki baititu enpresetan ematen diren langileen erailketen ardura langileei egozteko.