Aurreko ostegunean, DesokupaCyL desokupazio-enpresa izan zen Zornotzako (Bizkaia) San Antonio auzoan: pertsona bat legez kontra etxegabetu nahi zuen. Talde parapolizialak bere aurka jotzen zuen lehenengo aldia zen, baina "ultimatuma" eman zion etxetik alde egin dezan, eta aurreikusgarria da berriz bertaratzea.
"Faxisten presentzia salatzeko eta jazarriari elkartasuna adierazteko", mobilizazio bat antolatu dute Matrailu Gaztetxetik. Ostiral honetan izango da protesta, iluntzeko 20:30ean, Urgozon. "Argi utzi behar diegu faxistak ez direla ongi etorriak, ez hemen ez inon", azaldu du Gaztetxeak: "Inoiz baino beharrezkoagoa da erantzun antifaxista antolatzea".
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, DesokupaCyLek ez zuen Zornotzan soilik esku hartu aurreko astean: Barakaldora (Bizkaia) eta Zorrotzara (Bilbo, Bizkaia) ere joan zen. 48 orduan baino gutxiagoan, Bizkaian legez kontrako hiru etxe-kaleratze egiten saiatu zen talde faxista.