Espainiako Auzitegi Gorenak sedizioari eta diruaren erabilera bidegabeari lotutako delituak arintzen dituen lege berria onartu du ostegun honetan. PSOEk eta Unidas Podemosek bultzatutako neurriak 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik Katalunian zigortutako politikari profesionalen aurkako karguak arintzea baimentzen du. Hala ere, hori ez da lege berriak dakarren aldaketa bakarra, desordena publikoen aurkako delitua are gogorrago zigortzea ere zehazten baitu. Zehazki, hiru urtetik bost urtera arteko kartzela-zigorrak ezarri ahal izango dira protestetako istiluen harira leporatu ohi diren desordena publikoengatik.
"Bortizkeriaren eta mehatxuaren bidez bake publikoaren aurkako atentatuak taldean gauzatzen dituztenak" are gogorrako zigortzeko oinarri juridikoa da Zigor Kodearen 557. artikuluaren aldaketarekin ezarri dutena. Ondorioz, errepideak edo instalazioak okupatzen dituztenei gisa horretako zigorrak ezartzea are errazagoa izango da aurrerantzean. Desordena publikoen lehengo zigor-tipoak aldaketa garrantzitsu bat jasan du erregulazio berriarekin, eta horrek are gehiago jartzen du arriskuan protestarako eskubidea. Gainera, eskubide horrek zerikusia du beste zenbait askatasunekin ere; hala nola biltzeko askatasuna, manifestatzeko askatasuna, elkarte bateko kide izateko askatasuna edota adierazpen askatasuna.
Espetxe-zigorrak intimidazioagatik
Bestalde, desordena publikoen delituaren idazketa berriak lehen Zigor Kodean jasotzen ez ziren kasu berri batzuk barne hartzen ditu. Orain, taldean dihardutenak gehitzen dira; "bake publikoaren aurka egiteko, indarkeria- edo larderia-ekintzak gauzatzen dituztenak, bide publikoak oztopatuz, pertsonen bizitza edo osasuna arriskuan jarriz" edo "instalazioak edo eraikinak inbadituz, leku horietan funtsezko zerbitzuen benetako funtzionamendua larriki eraldatuz". Ondorioz, zigor-tipoan instalazioen edo eraikinen inbasioa sartuta, enpresa edo eraikin publikoetako langileen edo ikasle mugimenduaren aldien errepresioa errazten da, nekazaritzako langileen finken okupazio sinbolikoak eta etxegabetzeen aurkako jarduna aipatzen dira, adibide batzuk jartzearren.
Beraz, handitu egin dira "desordena publikoen delitu" izan daitezkeen jokabideak; hala nola, banku batean edo putre funts baten bulegoetan etxebizitzarako eskubidea defendatzeko egiten diren protesta baketsuak. Eta, hori gutxi balitz, 557.2 artikuluak kasu astundu bat aurreikusten du, hiru eta bost urte arteko espetxe-zigorrekin, baldin eta desordenek "kopuru, antolaketa eta asmo egokiak badituzte ordena publikoa larriki kaltetzeko". Kasu horretan, zigor-epai irmo bat badago, saihestezina izango da espetxean sartzea, hiru urteko gutxieneko zigorra bi urtekoa baino handiagoa delako, eta hori zen espetxealdiari ihes egin ahal izateko muga. Erreformaren aurretik, ordea, gutxieneko zigorra urtebetekoa zen. Kartzela-zigorraz gain, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere ezarri daiteke aurrerantzean.
Mozal Legea indarrean