AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EFE
2023/01/12 16:18

Espainiako Auzitegi Gorenak sedizioari eta diruaren erabilera bidegabeari lotutako delituak arintzen dituen lege berria onartu du ostegun honetan. PSOEk eta Unidas Podemosek bultzatutako neurriak 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik Katalunian zigortutako politikari profesionalen aurkako karguak arintzea baimentzen du. Hala ere, hori ez da lege berriak dakarren aldaketa bakarra, desordena publikoen aurkako delitua are gogorrago zigortzea ere zehazten baitu. Zehazki, hiru urtetik bost urtera arteko kartzela-zigorrak ezarri ahal izango dira protestetako istiluen harira leporatu ohi diren desordena publikoengatik. 

"Bortizkeriaren eta mehatxuaren bidez bake publikoaren aurkako atentatuak taldean gauzatzen dituztenak" are gogorrako zigortzeko oinarri juridikoa da Zigor Kodearen 557. artikuluaren aldaketarekin ezarri dutena. Ondorioz, errepideak edo instalazioak okupatzen dituztenei gisa horretako zigorrak ezartzea are errazagoa izango da aurrerantzean. Desordena publikoen lehengo zigor-tipoak aldaketa garrantzitsu bat jasan du erregulazio berriarekin, eta horrek are gehiago jartzen du arriskuan protestarako eskubidea. Gainera, eskubide horrek zerikusia du beste zenbait askatasunekin ere; hala nola biltzeko askatasuna, manifestatzeko askatasuna, elkarte bateko kide izateko askatasuna edota adierazpen askatasuna.

Espetxe-zigorrak intimidazioagatik

Erreformak "intimidazio" edo "larderia" kontzeptua sartzen du Zigor Kodean, gainera. Horrekin, "indarkeria- edo larderia-ekintzak gauzatzen dituztenei" sei hilabetetik hiru urtera arteko espetxealdi-zigorrak ezartzeko aukera aurreikusten du, "desordena publikoen ondorioz" eta "taldean jardunda eta bake publikoaren aurka egiteko helburuarekin" aritu badira. Halaxe zabaldu dute espetxe-zigorrak dakartzan desordena publikoen zigor-tipoa: indarkeriazko ekintzez gain, orain larderiazkoak ere jaso dituzte.

Indarkeria eta larderia kontzeptu desberdinak dira. Indarkeriak pertsona baten aurkako "indar fisiko zuzena" dakar berekin, haren borondatea menderatzeko, hain zuzen ere. Larderia ez du Zigor Kodeak definitzen, baina Auzitegi Gorenak honela identifikatzen du: "berehalako kalte larri, pertsonal eta posible bat iragartzea, minduarengan beldur-, larritasun- edo lasaitasun-sentimendua eragiten edo inspiratzen duena, kalte erreal edo irudizko kalte baten kontingentziaren aurrean".

Kontzeptu horrek subjektibotasun-maila handia dakar, eta, ziurrenik, baita inkriminazio handiagoa ere. Terminologia hori erabiltzeak indargabetutako araudian baino zigor handiagoak ezartzea ekar dezake, baita espetxeratzea ere. Datu kezkagarria da; izan ere, termino subjektibo lauso bat erabiltzen da, eta horri esker errazagoa izango da borroka soziala judizializatzea.

Protestaren kriminalizazioa

Etxegabetzeen aurkako plataformek, beren lanpostuak edo hitzarmen kolektibo bat defendatzen dituzten langileek, grebetako piketeek eta hainbat motatako aldarrikapenak egiten dituzten beste hainbat kolektibok egindako ohiko protestak oraintxe "oso konprometituta" daudela diote zenbait juristak. Izan ere, manifestariek indarra baliatzen duten protestak lehendik nahiko zigortuta bazeuden, orain ez dago biolentziarik erabili beharrik askatasun-gabetzea ezartzeko. "Larderiatzat" jo daitezke epaitegian, eta, beraz, askatasun-gabetzearekin zigortu.

Bestalde, desordena publikoen delituaren idazketa berriak lehen Zigor Kodean jasotzen ez ziren kasu berri batzuk barne hartzen ditu. Orain, taldean dihardutenak gehitzen dira; "bake publikoaren aurka egiteko, indarkeria- edo larderia-ekintzak gauzatzen dituztenak, bide publikoak oztopatuz, pertsonen bizitza edo osasuna arriskuan jarriz" edo "instalazioak edo eraikinak inbadituz, leku horietan funtsezko zerbitzuen benetako funtzionamendua larriki eraldatuz". Ondorioz, zigor-tipoan instalazioen edo eraikinen inbasioa sartuta, enpresa edo eraikin publikoetako langileen edo ikasle mugimenduaren aldien errepresioa errazten da, nekazaritzako langileen finken okupazio sinbolikoak eta etxegabetzeen aurkako jarduna aipatzen dira, adibide batzuk jartzearren.

Beraz, handitu egin dira "desordena publikoen delitu" izan daitezkeen jokabideak; hala nola, banku batean edo putre funts baten bulegoetan etxebizitzarako eskubidea defendatzeko egiten diren protesta baketsuak. Eta, hori gutxi balitz, 557.2 artikuluak kasu astundu bat aurreikusten du, hiru eta bost urte arteko espetxe-zigorrekin, baldin eta desordenek "kopuru, antolaketa eta asmo egokiak badituzte ordena publikoa larriki kaltetzeko". Kasu horretan, zigor-epai irmo bat badago, saihestezina izango da espetxean sartzea, hiru urteko gutxieneko zigorra bi urtekoa baino handiagoa delako, eta hori zen espetxealdiari ihes egin ahal izateko muga. Erreformaren aurretik, ordea, gutxieneko zigorra urtebetekoa zen. Kartzela-zigorraz gain, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere ezarri daiteke aurrerantzean. 

Erantzuleak

Argi dago, beraz, zeintzuk diren protesten harira aurrerantzean ezarriko diren zigorren berme juridikoak, bai eta hori onartu duten alderdien deiturak ere: PSOE, ERC, EH Bildu, EAJ eta Mes per Mallorca. Mas Pais, Geroa Bai eta Compromis abstenitu egin ziren abenduaren 22ko bozketan.

Mozal Legea indarrean

Egoera hori, gainera, larriagotu egiten da "historiako gobernurik aurrerakoienak" Mozal Legea delakoa iraunarazten duelako. Izan ere, koalizio-gobernuak ez du neurri sorta hori indargabetu, nahiz eta 2019ko abenduan hura deuseztatzeko konpromisoa hartu zuen. Horrek bide ematen du administrazio-bidetik protesta egiteko eskubidea mugatzeko, isun handiak ezarrita.

EZ DAGO IRUZKINIK