Ekida kultur ekimen sozialistak izen bereko web-orria jarri du osorik martxan: ekida.eus. Otsailean eman zuen Ekidak bere sorreraren berri eta horrekin batera sortu zuten web-orria, hasieratik iragarrita horren bidez lanean hasteko asmoa. Aste honetan zabaldu dute web-orria osorik, eduki sorta batekin batera, eta hileroko jardunari hasiera eman diotela jakinarazi dute modu horretan.
Bere burua "hausnarketarako eta eztabaidarako espazio" eta "arte sozialistaren garapenerako baliabideak antolatzeko egitasmo" gisa aurkeztuta, web-orria, hain zuzen, "baliabide horietako bat" dela adierazi du Ekidak.
Web-orrian, hilero, "askotariko edukiak" argitaratuko dituzte hainbat ataletan banatuta: editorialak, artikuluak, erreportajeak eta beste. Argitaratutakoek "langileon egungo bizimoduari begiratzeko, haren eraldaketan kulturak eta arteak duten lekuaz hausnartzeko, arte sozialista garatzeko asmoa izango dute". Kolaborazioak eta arte-ekoizpena ere izango dira: poemak, bertsoak eta narrazioak, besteak beste.
EKIDA kultur ekimen sozialista otsail hasieran sortu zen, "kulturaren eta artearen esparruei ikuspuntu sozialistatik heltzeko". Ordutik hainbat jendaurreko aurkezpen egin dituzte Euskal Herrian zehar, ekimenaren nondik-norakoen eta proposamen politikoaren berri emateko.