AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/02/07 21:03

Ekidak, "sozialiston kultur ekimenak", ikuspuntu sozialista batetik landu nahi ditu kulturaren eta artearen gaiak, proiektua sustatu duten kideen esanetan. Argitaratu duten aurkezpen-testuaren arabera, "langile mugimenduaren historian etengabe hausnartu izan da" esparru horiei buruz eta, Euskal Herrian ere, azken urteetan, "hainbat izan dira borondate politiko sozialista batetik esparru horiei heltzeko saiakerak: gaztetxeetan, mintegietan, langile hedabide berrietan, artisten kezketan, eztabaida eta elkarrizketetan". Orain, "ezinegon eta grina" horiek modu bateratuan lantzeko borondatea erakutsi du ekimen berri honek.

Horretarako, izen bereko webgune bat jarriko dute martxan: ekida.eus. Oraingoz, aurkezpenerako egindako oharra eta bideoa daude bertan ikusgai, baina martxotik aurrera erreportajeak, artikuluak, kritikak eta beste argitaratuko dira bertan, baita askotariko ekoizpen artistikoa ere.

Lanabesa

Ekida martxan jarri duten kideek azaldu dutenez, "egun beste esparru sozial guztiak bezala klase borrokak zeharkatzen ditu" kulturaren eta artearen esparruak eta, zentzu horretan, adierazi dute langileria kulturalki ere badela azpiratua.

Horren aurrean, eta "kultur mundua guztiz despolitizatuta" ageri dela ikusita, beharrezko ikusten dute "kulturari eta arteari posizio sozialista batetik heltzea", eta modu horretan "eztabaida politikoa berpiztea, kritika sustatzea, forma artistiko berriak garatzea". Hain zuzen, horretan lan egiteko jaio da Ekida.

Jendaurreko aurkezpenak

Aurkezpeneko testuaz eta bideoaz gain, jendaurrean egingo dituzten aurkezpenak ere argitaratu dituzte webgunean. Saio horietan proiektuaren berri zehatzago entzuteko aukera egongo da, baita oinarri teoriko eta politikoez aritzekoa ere. Oraingoz, ondokoak dira iragarritako aurkezpen saioak:

  • Otsailak 17 . 19:00etan, Bilbon (Bizkaia), 7Katu gaztetxean
  • Otsailak 18. 18:00etan, Donostian (Gipuzkoa), Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan (San Jeronimo)
  • Otsailak 26. 18:00etan, Iruñean (Nafarroa), Katakraken
  • Martxoak 14. 11:00etan, Zarautzen (Gipuzkoa), Putzuzulo gaztetxean