El Mundo egunkariaren azalean gaur argitaratutako artikulu batek jomugan jarri ditu Espainiako Vueltan Palestinako genozidioaren aurka izandako protestak, Bilbon eta Madrilen azken etapak bertan behera uztea lortu baitute. Orain, mobilizazioen arrakastaren ondoren, El Mundo-k eta Poliziak errudunak bilatzen dituzte, eta, horretarako, Gazte Koordinadora Sozialista (GKS) eta Mugimendu Sozialista osoa seinalatzen dituzte, gertatutako istiluen "erantzule diren talde erradikal" gisa aurkeztuz. "Vueltaren aurkako boikota Madrilera eraman zuten euskal komunistek eta erradikalek protestei eusten diete. GKS, Espainia osoan frankiziak dituen talde erradikala, adoretsu ari da izandako arrakastaren ondoren", dio artikuluak.
Baina Katalunian, Euskal Herrian, Asturiasen, Galizian eta Madrilen gertatutakoa sigla zehatzetatik haratago doa. Kontzentrazioetan eta ekintzetan, Palestinaren aldeko hamaika plataforma, mugimendu politiko eta sozial ikusi ahal izan dira, baita norbanako independenteak ere. Bilboko etapako blokeoak eta Madrilgo garaipenak, beraz, Israelgo Estatua Gazan egiten ari den genozidioa gaitzesteko aldarri herrikoi zabalaren garrantzia irudikatu zuten. Horren aurrean, El Mundo-k "segurtasunean" zentratutako diskurtsoa lehenesten du, errudunen bilaketarekin nahasiz eta protesten oinarri sozial zabala alde batera utzita.
El Mundo-ren gezur gehiago Vueltako protestei buruz: "ETA", "jihadismoa", "kale-borroka" eta Euskal Herritik irtendako "autobusak"
Aurrez ere, izan dira Vueltako protesten kontrako kriminalizazio-saiakera nahasiak El Mundo-ren aldetik. Herenegun, irailaren 15ean, artikulu bat argitaratu zuten bertan, esanez "kale-borrokagatik kondenaturiko" bederatzi euskal herritar identifikatu zituela Espainiako Poliziak Callaon; baita "hainbat jihadista" ere. Lehenengo bederatzi identifikatuen kasuan, egunkariak "ETAren terrorismoarekin", "talde terroristarekin lankidetzan aritzearekin" eta "desordena publikoekin" lotzen zituen, horren inolako azalpenik eman gabe.
Horrez gain, artikuluak seinalatzen zuen "terrorismo jihadistarekin" harremana omen duten "hainbat gizon" identifikatu zituztela toki berean, zehaztapenik egin gabe orduan ere. Hala ere, Espainiako Barne Ministerioak berak gezurtatu zuen identifikazio horiek izan zirenik: "Ez zen identifikaziorik egin profil horiekin".
El Mundo-k nabarmendu eta kriminalizatu egiten zuen, bestalde, Euskal Herritik "pertsona ugari" mugitu izana Madrilera, Vueltaren kontrako protesten harira; Guardia Zibilaren esku-hartzeak aipatzen zituen kasu horretan. Manifestari horiek "autobusetan" joan zirela, euren asmoa lasterketako "hainbat zati boikotatzea" zela eta "planifikaturiko" zerbait zela esaten zen artikuluan, ohiko muntaia polizialen tonuan: "Autobusak atera eta Madrilera iristeko hain modu zehatzean antolatu izanak guardian jartzera garamatza". Horrekin batera, azaltzen zen "Euskaditik zetozen hamarnaka pertsona ikertu" dituztela Vueltako protestei lotuta.
Protestak ez dira gelditu
Hedabideen presioa Vueltako dispositiboaren kudeaketagatik arduradunak aipatzean eta dimisioak eskatzean oinarritzen den bitartean, Euskal Herrian eta Espainiako Estatuko hainbat tokitan genozidioaren aurkako mobilizazioak egiten jarraitzen dute. Palestinaren aldeko mugimenduek azpimarratzen dute kaleetan bizitzen ari dena ez dela kolektibo bakar baten edo mugimendu bakar baten ekintza, baizik eta genozidioaren aurkako nazioarteko elkartasun-olde bati eta instituzioek eta enpresek Israelekin duten zuzeneko konplizitateari erantzuten dion erantzun zabal baten parte.