ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/16 13:07

2023ko hauteskundeen atarian, Voxi 9,2 milioi euro eman zizkion ezkutuko finantza-entitate batek, hainbat kredituren bidez. Alderdi faxistak berak 2023ko Ekitaldiko Kontuei buruzko txostenean argitaratu duenez, hiru kreditu jaso zituen, zehazki. 2023ko maiatzean izan ziren hainbat autonomia erkidegotako eta udaletako gobernuak erabakitzeko bozak, eta 2023ko uztailean Espainiako Estatuko hauteskunde orokorrak. Horiei guztiei begirako kanpainak finantzatzeko erabili zuen Voxek isilpeko banketxe batek emandako dirutza, itxura denez.

2023ko maiatzeko hauteskundeen aurretik, kanpainak ordaintzeko 2,6 milioi euro eman zizkioten Voxi aipatutako kredituetako baten bidez. Hauteskunde orokorretarako, berriz, 6,5 milioi euro jaso zituen modu horretan. Aurrerago, beste 192.082 euro eman zizkioten. Kreditu horien guztien jaulkitzailea nor izan zen isilean gorde dute faxistek, haren kontrako "demonizazioa" ez sustatzeko, alderdiko diruzainaren arabera.

Hungariatik alderdi faxistak hornitu dituzte

El País egunkariak, Voxen inguruko iturri batzuk aipatuz, jakinarazi du Viktor Orbán Hungariako lehen ministroarekin lotura duen banketxe batek eman zizkiola kredituak alderdi faxista espainolari. Voxek Europako Erreformisten eta Kontserbadoreen taldea utzi zuen uztailean, eta Eurokamerako Europako Abertzaleen taldera batu zen. Orbán faxista hungariarrak sustatu du talde hori.

Frantziako Marine Le Penen alderdiak ere egin zuen bat talde berriarekin. Azken horrek, gainera, Hungariako banku baten 10,6 milioi euro jaso zituen 2022an, bere hauteskunde-kanpaina ordain zezan.

Finantziazioa, legez kanpokoa

Voxen arduradunek ez dute ezkutuko finantzatzaileari buruzko adierazpenik egin, baina kexu dira, hauteskundeetarako dirulaguntza publikoen kobratzea "atzeratu" egin zelako. Atzerapen horrek "hauteskundeen kostuak ordaintzeko kreditu bat eskatzera behartu" zituela defendatu dute.

Aitzakiak aitzakia, alderdien finantziazioa arautzen duen legea hautsi du alderdi faxistak. Zehazki, legediko 14.8 artikulua apurtu du Voxek, amortizatu beharreko kredituak islatu ez ezik, horiek jaulki dituzten entitateak eta interes-tipoak modu publikoan azaldu behar dituzte-eta.

Uztailean, Kontuen Auzitegiak 233.324,22 euroko isun batekin zigortu zuen Vox alderdia, finantziazio irregularra izatea leporatuta. 2019an, gainera, mota horretako bi arau-hauste egin zituen. Legez kanpoko dohaintzak jaso zituen Voxek gutxienez bi kasutan: Quim Torra Generalitateko presidente ohiaren kontrako kereila finantzatzeko izan zen lehena, eta ustez lapurreta egin zion gizon bat erailtzeagatik atxilotuta zegoen gazte baten fidantza ordaintzeko izan zen bigarrena.
NO HAY COMENTARIOS