ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/24 09:55

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (EPA, gaztelaniazko sigletan) arabera, biztanleria aktiboko 101.200 pertsona gehiago identifikatu dituzte. Horrek, ordea, 2025eko lehen hiruhileko honetan suntsitutako 92.500 enpleguen %9 soilik xurgatu ditu, eta, ondorioz, 193.700 langabe gehiago erregistratu dituzte. Hortaz, langabezia-tasa 0,75 puntu igo da, %11,36ra, eta 2.789.200 pertsona daude egoera horretan ofizialki.

Atzerakada zerbitzuen sektorean nabarmendu da gehien, 112.300 lanpostu galdu baitira bertan. Nekazaritzan, aldiz, gora egin dute lanpostuek, 25.000 lagun gehiagorekin. Bestalde, Hego Euskal Herrian nabarmentzen ari den moduan, industriako 4.400 langile geratu dira ofizialki langabezia-egoeran.

Horrez gain, lanorduen araberako desberdintasunak deigarriak dira. Lanaldi osokoei dagokienez, 109.400 lanordu suntsitu dituzte, eta lanaldi partzialeko 16.900 sortu, ezegonkortasunerako joera orokorra baieztatuz. Kontratu motari dagokionean, soldatapeko 90.000 enplegu desagertu dira, 9.800 kontratu mugagaberekin eta aldi baterako 80.200 kontraturekin. Langile autonomoen kopurua, berriz, 1.400 hazi da.

Nazionalitateari erreparatuz gero, orain dela hiru hilabeteko egoerarekin alderatuta, Espainiako Estatuan jaiotako 147.900 pertsona langabe gehiago dago, eta atzerrian jaiotako 45.800 gehiago. Azken horiek lanpostu kopuru osoaren %15,1 soilik hartzen dutela jakinik, proportzioan, bikoiztu baino gehiago egin da atzerrian jaiotakoen langabezia-tasa, bertan jaiotakoenarekin konparatuta.

Azkenik, familien egoerak, oro har, okerrera egin duela ikus daiteke. Familia osoa langabezian duten etxeak 49.500 gehiago dira hiruhile honetan, 882.900 guztira. Kopuru hori joan den urtekoa baino %5,9 handiagoa da. Kontrara, familiako kide guztiak lanean dituzten etxeak 121.700 gutxiago dira; 11.781.700 osotara.

NO HAY COMENTARIOS