ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/30 12:23

Azken hilean, 23 eraso matxistaren berri eman dute Gasteizen (Araba). Lau hilabete besterik ez dira igaro 2025. urtea hasi zenetik, eta Gasteizen soilik, gutxienez 112 emakumek jasandako eraso matxistak atera dira argitara epe horretan. Horien artean gertatutako "jipoiak, sexu-erasoak, urruntze-aginduen urraketa eta isilpean geratzen diren beste hainbat eta hainbat kasu" izan ditu gogoan Gasteizko Itaiak, datuak aurkeztean.

Udarako gero eta gutxiago gelditzen dela ikusirik, gainera, ohartarazi du udako hilabeteetan gora egin ohi dutela indarkeria matxista kasuek. "Azken urteetan, Espainiako Estatuko hilketa matxista gehienak ekaina eta abuztua bitartean gertatu dira; 2024an proportzioa %42koa izan zen", oroitarazi du. Horretaz gain, azaldu du biolentzia matxistarengatiko salaketak igo egiten direla sasoi horretan, eta horren adibide dela Gasteizen, iazko abuztuan, sei salaketa aurkeztu izana hamar eguneko epean.

Orain auzo eta herrietako jaiak hastear daudela, Gasteizko Itaiak azpimarra egin dio eraso matxisten aurka antolatzeak duen garrantziari. Dena den, defendatu du "indarkeria matxistari aurre egin nahi dioten neurri instituzionalek ez dituztela ziurtatzen emakumeen segurtasuna eta ongizatea", eta ez dutela inola ere balio "matxismoa prebenitzeko edo desagerrarazteko".

"Larriagoa bilakatu daitekeen errealitate honen aurka borrokatu behar dugu", aldarrikatu du antolakundeak. Horiek horrela, bi zeregin nagusi nabarmendu ditu: "matxismoaren aurkako kontzientzia zabaltzea" eta "instituzioetatik kanpo kokatzen diren sektoreen eta kolektiboen artean beharrezkoak diren aliantzak ehuntzea eta indartzea, guztiok matxismoaren aurka erantzun dezagun". "Gure lanak balio dezala erasotzaileen inpunitatearekin amaitu eta erasotutako emakumeen babesa eta ongizatea ziurtatzeko, hori guztia, inolako zapalkuntzarik gabeko gizartea eraikitzeko bidean", gaineratu du.

NO HAY COMENTARIOS