Ertzaintzak urriaren 12an zauritutako manifestari antifaxistetako batek, Aritz Ibarrak, atzo deklaratu zuen Arabako Probintzia Auzitegian. Biktima modura deklaratu zuen, salaketa bat aurkeztu baitzuen, egun hartan Ertzaintzak larriki zauritu zuelako foam jaurtigai batekin jota (masailezurra hautsi zioten eta hortz bat galdu zuen); baina akusatu gisa ere hitz egin zuen, bera baita Espainiako Falangeak Gasteizen egindako kontzentrazioaren harira irekitako prozesu judizialean seinalatutako antifaxistetako bat. Prozesu horretan, manifestari antifaxistak besterik ez daude ikerketapean akusatu modura; falangistak eta ertzainak ez daude ikerketapean, hainbat pertsona zauritu zituzten arren.
Bost hilabeteren ostean deklaratu du Ibarrak, eta Ertzaintza eta Eusko Jaurlaritza gertakariei "buelta eman" nahian ari direla salatu du, Naiz-ek jaso duenez. Bi orduz hitz egin zuen Gasteizko epaitegian, hainbat figuraren aurrean: Justizia Administrazioko abokatua; Euspel sindikatu polizialeko abokatu Jose Antonio Bitos; Jaurlaritzaren ordezkari gisa jarduten duen abokatua, ertzainen defentsan ari den bigarrena hain zuzen ere; Falangearen abokatua (bi falangista aurkeztu dira biktima bezala), eta Ibarraren abokatua. Antifaxistak gogorarazi zuen "onartezintzat" hartzen duela Falangea Euskal Herriko kaleetara bertaratzea, eta haiei aurre egiteko asmoz mobilizatu zela urriaren 12an.
"Badirudi gezurra esaten jarraituko dutela egun horretakoa justifikatzeko", azaldu zuen Ibarrak atzo, Jaurlaritzari eta bere ardurapeko Ertzaintzari erreferentzia eginez. Izan ere, egun horretan, ertzainek bortizki kargatu zuten manifestari antifaxisten aurka, falangistekin batera hainbat unetan, Ibarra eta beste dozenaka pertsona zaurituz. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak berak aitortu du, gainera, ertzainek foam balak jaurtitzeko zituzten eskopetetako batean akatsen bat aurkitu zutela egun horretan; "disfuntzioren" bat. Hala ere, Ertzaintzaren atestatuak ez du aipatu ere egiten Ibarra larriki zauritu izana foam jaurtigai batekin.
Maiatzean deklaratuko dute ertzain gehiagok, biktima bezala, eta hilabete horretan izango dira ikerketapean dauden manifestari antifaxista gehiagoren deklarazioak ere.
Ertzaintzaren atestatua
Ibarrak salatu du "kezkagarria" dela Ertzaintzak gertakarien inguruan aurkeztutako atestatua, hura baita antifaxisten kontrako oinarri nagusietako bat. Falangistei "elkarretaratutako" pertsona gisa egiten zaie erreferentzia idatzian, eta manifestari antifaxistei, berriz, "iskanbilatsu" eta "matxinatu" gisa. Ertzainei eta kalean zeuden pertsonei "heriotza eragin" nahi zietela ere esaten du atestatuak antifaxistei buruz. Metalezko makil batzuk aipatzen dira atestatuan, baina miaketetan atxilotuei aurkitutako objektuen artean ez zegoen bat bera ere.
"Egun horretako jarduketa tamalgarriak babesten eta estaltzen saiatzen ari dira", adierazi du Ibarrak. Bere kasuan, ertzainek ez zuten "ez identifikatu ez ikusi" egun horretan, baina, hala ere, protesta antifaxistaren "bultzatzaile nagusietako" bat dela esan dute. U12 Jazartuak dinamikaren agerraldi baten ostean identifikatu zuten poliziek, eta ikerketapean zegoela jakinarazi zioten.
Falangistak armaturik atera ziren parking batetik
GEDAR LANGILE KAZETAk eta beste hainbat hedabidek egun horretan argitaratutako irudietan ikus daitekeen modura, falangistak armaturik atera ziren Gasteizko kaleetara, metalezko barrekin besteak beste. Erdiguneko parking batetik armak hartuta irten ziren, sare sozialetako hainbat irudik erakutsi zutenez, eta gazte bat jo zuten kalean. Gero, aparkaleku horren kanpoaldean izan zuten konfrontazio bat hainbat manifestari antifaxistaren aurka. Ertzaintzak falangistak babestu zituen.