ACTUALIDAD / Represión

Nerabe batek eskua galdu du Frantzian, ikasle-mobilizazio batean Poliziak granada batekin jota

Lensen gertatu da mutilazioa, 589 ikastetxe barne hartu dituen borroka-egun berri batean. Gobernuak 5.000 pertsona inguru atxilotu ditu mobilizazioak hasi zirenetik; horietatik %85 inguru adingabeak dira. Eskolak erabat edo partzialki etenda daude herrialdeko 500 bat institututan.
2026eko urriaren 6 - 08:01
Nerabe batek eskua galdu du Frantzian, ikasle-mobilizazio batean Poliziak granada batekin jota
— ARGAZKIA elDiario.es-en bidez

15 urteko ikasle bati esku bat moztu behar izan zioten atzo Lensen, Frantziako Estatuko iparraldean, Poliziak granada bat jaurti izanaren ondorioz. Herrialde osoko ikastetxeetan zabaldu diren ikasle-mobilizazioen testuinguruan izan zen erasoa. Béthuneko fiskalak baieztatu du gazteak jasandako zaurien larritasuna, baina esanez bere "bizia ez dagoela arriskuan". "Zoritxarrez, manifestazio batean larri zauritu zen 15 urteko ikasle bat izan dugu, eta esku bat kendu zioten", adierazi du, adingabea Lilleko ospitale batera eraman zutela zehaztuz.

Gertakariak Lenseko Auguste Béhal institutuaren aurrean jazo ziren, non 200 eta 250 ikasle artean bildu ziren mobilizazioen barruan; estatu osoan barrena ikasleak erreprimitzen ari diren poliziei aurre egin zieten bertan. François-Xavier Lauch Pas de Calaiseko prefetaren esanetan, iturri polizialek seinalatu dute istiluen aurkako agenteek granada bat jaurti zutela manifestarien aurka, eta gazteak "jaso" egin zuela lehergailua, "agenteengana itzultzeko asmoz". Orduan egin omen zuen eztanda. Fiskalak adierazi duenez, dena den, "ezin dut ziur esan ikasleak granada jaso zuen edo jaurti egin zioten", eta gaineratu du Polizia Nazionalaren Ikuskaritza Nagusiari (IGPN) dagokiola erabilitako granada mota identifikatzea. Ikastetxeak iragarri du urrutiko irakaskuntzara igaroko dela berehala, eskolako klaseak bertan behera utziz bertan ere, eta "entzuteko eta laguntzeko zelula" bat irekiko duela ikasleentzat eta langileentzat.

Atzoko protesta-egunak Frantziako 589 ikastetxeri eragin zien, Hezkuntza Ministerioaren arabera. Mobilizazioak irailaren erdialdean hasi ziren Parisko kanpoaldean, eta ordezko irakasle gehiago, irakaskuntza-baldintza hobeak eta instalazioak hobetzea eskatzen dituzte besteak beste. Blokeoak eta polizia-indarrekin konfrontazioak izan dira protestetan, eta gobernuak 5.000 pertsona inguru atxilotu ditu mobilizazioak hasi zirenetik; horietatik %85 inguru adingabeak dira. Poliziaren jarduna dela-eta, IGPNren bost barne-ikerketa daude zabalik jada, eta sindikatuek eta kolektibo sozialek Polizia seinalatu dute "adingabeen aurka gehiegizko indarra erabiltzeagatik".

Édouard Geffray Hezkuntza ministroak esan du Lenseko gertaera "pertsonala eta humanoki dramatikoa" eta "oso mingarria" izan dela, baina ez du egoeraren inguruko iritzirik eman nahi izan. "Oso zuhurra naiz, horrelako egoera dramatikoen bueltako inguruabarrak izaten baitira beti, zoritxarrez", adierazi du. Laurent Nuñez Barne ministroa defendatu du Geffrayk, "egunero bere erantzukizunak bere gain hartzen dituelako eta ez duelako Hezkuntza Nazionaleko bere homologoaren ikasgairik behar". Ministroak iragarri duenez, urriaren 16ra bitartean "elkarrizketarako plataforma" bat jarriko dute martxan, ikasleek "zailtasunak eta itxaropenak adieraz ditzaten". Eskolak erabat edo partzialki etenda daude herrialdeko 500 bat institututan; 3.700 zentro dira denera.

Bi agente salatu dituzte ukituengatik eta irainengatik

Aldi berean, Ekialdeko Pirinioetako Prefekturak ikerketa administratibo bat abiarazi du Perpinyako (Catalunya Nord) polizia baten aurka. Agente horrek, Made in Perpignan-ek argitaratutako bideo batean ikusten denez, irakasle bat ukitu zuen haren baimenik gabe, eta irain arrazista eta sexistak egin zizkien ikasleei. Grabazioan, agenteak irakasle bat ukitzen du behin eta berriz, hark gelditzeko eskatzen dion arren: "ez, andrea" erantzuten du, eta hark zergatia galdetzen duenean, "gustatzen zaidalako" esaten du. Irakaslea behin eta berriz kexatu arren ("zure funtzioaren barruan dago plazera lortzea irakasleengana joz?" galdetzen dio agenteari), hark erantzuten du: "Horixe bera".

Beste grabazio batean, agente berak irain arrazistak egiten dizkio ikasle bati: "Bihar hiru racaille-k (jendaila) egingo dizute eraso, bortxatu nahi zaituzten hiru mairuk edo hiru mierdak. Haiekin batera gaseztatzen bazaituzte, gauza bera dela esango duzu?". Uniformean, agenteak ez darama RIO identifikazio-zenbakia, derrigorrezkoa dena berez, eta, horren ordez, bi armarri ditu: bat espartar gudari batekin eta "Molon Labe" inskripzioarekin (faxistek eta Europako mugimendu neonaziak bere egindako lelo bat), eta bestea Gunfighters taldea ordezkatzen duena (Perpinyan Canohèseko 7.59 taberna ultraeskuindarrean biltzen zen motozaleen kluba, polizia-indarrentzako gordea eta Reconquête eta Egalité et Réconciliation taldeei lotua). Prefekturak esan du seinalamentua "oso serio" hartu dutela, polizia "identifikatu" dutela jada, eta ikerketa "berehala" abiatu dutela.

Lenseko eta Perpinyako kasuei, gainera, Metzen egindako beste salaketa bat gehitu behar zaio. Fensch Valléeko Frantzia Intsumisoko gazteek bideo bat zabaldu dute, non "polizia batek bigarren hezkuntzako ikasle bat blokeatzen duen, ilea eta bularra ukituz". "Sexu-eraso hau eta errepresio bortitza jasanezinak dira", adierazi dute X sare sozialean. "Inpunitateak amaitu egin behar du: indarkeria sexual eta sexisten aurkako borrokak lehentasuna izan behar du", gaineratu dute. Argitalpen berean, erabiltzaileek gogora ekarri dute Théo Luhaka, 2017an polizia batek erasotu zuena; ezintasun iraunkorra eragin zion.