Hispanitatearen Eguna aitzakiatzat hartuta, falangistek "Espainiaren batasuna" aldarrikatzeko deialdi bat egin zuten gaurko, Gasteizko Probintzia Plazan. 12:00etarako antolatu zuten kontzentrazioa, baina horren aurretik, ehunka pertsona hurbildu dira inguruko kaleetara, faxistei aurre egiteko asmoz.
Probintzia Plazara hurbiltzean, ordea, Ertzaintzak gogor kargatu du faxismoari kontra egiteko mobilizatu den jendearen aurka: 20 bat atxilotu eta hainbat zauritu izan dira.
Lehenengo kargen ondoren, mobilizazioari eutsi eta ondoko kaleetara mugitu dira manifestari antifaxistak, eta inguruko kaleak moztu eta barrikadak jarri dituzte. Gainera, falangistei zuzenean aurre egin eta objektuak jaurtitzean, haietako batzuei ematea lortu dute.
Une batean, Alde Zaharrean, manifestariak autoz harrapatzen saiatu da Ertzaintza. Gainera, faxistekin batera kargatu du hainbatetan antifaxisten kontra, bideo ugaritan ikus daitekeenez. Pertsona bat larriki zauritu dute karga horietako batean, begian.
Kontzentrazio faxista, Poliziaren eskoltarekin
Ertzaintzaren babesean egin dute eguerdiko kontzentrazioa falangistek; ikur, aldarri eta agur faxistak ikusi dira Gasteizko erdigunean, inpunitate osoz. Ekitaldia bukatzean, eskolta eman diete poliziek, babesturik alde egin zezaten.
Faxistei eskolta ematean, inguruan zeuden pertsonen kontra kargatu du berriz Ertzaintzak. Burdinezko barrak eta bateak atera dituztenean eta kalean zegoen jendearen aurka oldartu direnean ere, haiek babestu ditu Poliziak. Pertsona bati piper-gasa bota diote faxistek.
⚠️ Gutxienez bi zauritu eta sei atxilotu Gasteizen, Falangearen aurkako mobilizazioan.
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) October 12, 2025
Falangeak 12:00etarako zeukan jarrita hitzordua Probintzia Plazan, eta Ertzaintzak horren aurretik kargatu du protesta antifaxistaren kontra.
Ehunka lagun bildu dira inguruan, faxisten aurka. pic.twitter.com/QLYiCoo7Bz