Aurrera doa iazko urriaren 12ko gertakariei buruzko prozesu judiziala Gasteizko (Araba) epaitegian, eta epailearen aurrean deklaratzen jarraitzen dute Ertzaintzako agenteek, azkenekoz urtarrilaren 20an. Ez ikertu gisa, hala ere, biktima gisa baizik. Hemeretzi antifaxista daude ikerketapean auzitegian, baina ertzain edo falangista bat bera ere ez dira ikertzen ari, nahiz eta armaturik oldartu ziren jendearen aurka, pertsona ugari zaurituz. Errepasatu ditzagun gertakariak.
Falangea, bateekin eta barrekin armaturik
2025eko urriaren 12an, tokiko agintaritzek baimenduta, Gasteizko Probintzia Plazan elkarretaratu zen Espainiako Falangea; azken mendean milaka pertsona erail dituen antolakunde faxista. Hispanitatearen Eguna aitzakiatzat hartuta, aldarri eta sinbolo faxistaz bete zuten hiriaren erdigunea, eta kontzentrazioaren bukaeran, kalean zegoen jendearen kontra oldartu ziren.
Izan ere, falangistak armaturik bertaratu ziren Gasteizera: hainbat iruditan ikus daiteke nola burdinezko barrekin eta bateekin irten ziren kalera, eta piper-gasa ere bota zioten bizilagun bati.
Ertzaintza eta falangistak, elkarren eskutik kargatzen
Ertzaintzak, bere esku-hartzeetan, armaturik zeuden faxista horiek babestu zituen, Falangearen aurka protesta egiteko hurbildu ziren ehunka lagunen aurka oldartuz. Hainbatek sare sozialetan zabaldutako bideoetan ikusten denez, Falangeari kontzentrazioan eskolta emateaz gain, antifaxisten kontra elkarrekin kargatu zuten ertzainek eta falangistek une batzuetan.
Behin baino gehiagotan jo zuten faxisten aurka mobilizatutako jendetzaren aurka, bai Falangearen elkarretaratzea hasi aurretik, bai horren ondoren; bideoek erakusten dute ertzainek distantzia oso laburrera egin zutela tiro jendearen kontra, buru aldera gainera.
U12 Jazartuak dinamikak salatu zuenez, balantzea izugarria izan zen: hemeretzi atxilotu eta hainbat zauritu eragin zituzten, horietako batzuk zauri larriekin, begian edo masailezurrean eragin baitzizkieten lesioak. Ertzaintzak, adibidez, masailezurra hautsi zion manifestari antifaxista bati, zaurituak X sare sozialean salatu zuenez. Bera da, ordea, ikerketapean dagoen pertsonetako bat.
Ertzainen deklarazioak epaitegian
Antifaxisten kontra zabalik dagoen prozesu judizialean, ertzain ugari deitu dituzte epaile aurrean biktima modura deklaratzera, eta hasi dira horretan jada: urtarrilaren 8an eta 20an deklaratu dute. Naiz-ek, El Correo-k edo Noticias de Gipuzkoa-k jaso dutenez, falangisten aurka mobilizatu zen jendeak "taktika militarrak" erabili zituela esan dute poliziek, manifestarien ustezko "profesionalizazio" bati erreferentzia eginez. "Urte askoan ikusi gabeko biolentzia" bat deskribatu dute bai agenteek bai Euspelek, baina antifaxisten protesta jopuntuan jarriz beti ere; eta liskarren ustezko "antolatzaile" batzuen presentziaz ere aritu dira.
Euspel sindikatu poliziak zigor altuak eskatu ditu ikerketapean dauden antifaxistentzat, lau urte eta bederatzi hilabetekoak hain zuzen ere; "desordena publikoak" eragitea, "agintaritzari larriagotutako erasoa" egitea eta "lesioak" eragitea leporatuta. Antifaxistek galtzada-harrien moduko tresna "arriskutsuak" erabili zituztela dio Euspelek, Ertzaintzak manifestarien kontra erabilitako armak (pertsona bati masailezurra apurtu zion foam bala, kasu) edo falangistek zituztenak aipatu ere egin gabe.
Jaurlaritza, antifaxisten kriminalizazioan buru
Eusko Jaurlaritzak, Falangeak Gasteizen elkarretaratzeko baimen instituzionalak lortu izana zalantzan jartzetik urrun, mugimendu antifaxista seinalatu du hasieratik. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak, esate baterako, Falangearen aurkako mobilizazioaren helburua Ertzaintzari erasotzea zela defendatu zuen urrian; eta faxisten aurkako protesta kriminalizatu zuten alderdi instituzionalek: bai Gasteizko Udaleko buru den PSOEk, bai EAJk berak, bai EH Bilduk, bai PPk.
Kontrara, ikertuak izaten ari diren antifaxistei babesa eman eta haien absoluzioa exijitu zuen jende andanak joan den urtarrilaren 20an, ertzainek deklaratzen segitu zuten egunean. Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan egin zuten elkarretaratze bat iluntzean, faxismoaren aurkako mugimenduekiko "kriminalizazio mediatiko eta juridikoa" salatuz eta "protesta soziala" legitimoa dela aldarrikatuz.