ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/20 10:41

Gero eta gehiago dira, Euskal Herriko lekuan lekuko Kontseilu Sozialisten eskutik, han-hemenka sortzen eta lanari ekiten ari diren Etxebizitza Sindikatuak. Oraingoan, Urola Erdian egin dute urratsa: Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatua jarri du martxan eskualdeko Kontseilu Sozialistak. "Etengabe mehatxatuak diren bizi-baldintzen alde borrokatzeko, etxebizitzaren alorrean jasaten ditugun erasoei aurre egiteko eta gizarte kapitalista gainditzeko indarrak batzeko" sortu dute tresna berria.

"Oinarrizko bizi-bitartekoen prezioen etengabeko igoera, zerbitzuen kalitatearen kaskartzea, pribatizazioa, lan-baldintzen okertzea... Sistema kapitalista krisian dago eta langile klasearen bizi-baldintzen okertze orokortua bizi dugu", jarri du testuinguruan Etxebizitza Sindikatu berriak. Ohartarazi duenez, "burgesiak, irabazi-tasak mantentzeko berregituraketa gauzatu behar du gizarteko esparru guztietan", etxebizitzaren esparruan barne. Horri lotuta, "jabe handiak eta errentariak ahaleginak egiten ari dira prezioak igotzeko eta jabetzak metatzen jarraitzeko", eta "geroz eta ohikoagoak dira legez kanpoko etxegabetzeak, alokairua eskuratzeko irizpideen zorroztea, legez kanpoko kontratuak edota etxebizitzen kalitatearen kaskartzea", sindikatuko kideen esanetan. "Arazo horien aurrean, instituzioak ez dira gai langile klasearen eskubideak bermatzeko, eta, gainera, joera horiek guztiak instituzionalizatu eta legeztatu egiten dituzte", gaineratu dute.

"Gure eskualdea ez dago errealitate horretatik salbu", seinalatu dute Urola Erdiko kideek: "Etxebizitzaren eta alokairuen prezioen errekor historikoak, gazteen emantzipatzeko zailtasunak, etxebizitza eskuratzeko irizpideen gogortzea... Geroz eta zailagoa zaio proletalgoari kalitatezko etxebizitza eskuratzea, eta langile klasearen geroz eta kapa zabalagoa babesgabe dago arazo horien aurrean".

Beharrezkotzat jo dute, "errealitate horren aurrean", "etxebizitzaren alorrean instituzioetatik kanpo antolatzeko mekanismoak garatzea". Hain justu, horren harira eratu dute Etxebizitza Sindikatua Urola Erdian ere: "Etxebizitza Sindikatuak alor horretan Autodefentsa Sozialista antolatu nahi du, eta horren bitartez, Estatu Sozialistaren eraikuntza prozesuan ekarpena egin. Berau ezartzean soilik lortuko baita kalitatezko etxebizitza, doakoa eta unibertsala".

Bi aurkezpen saio egingo dituzte eskualdean, Etxebizitza Sindikatuaren nondik norakoak azaltzeko. Azaroaren 3an Azpeitiko (Gipuzkoa) Azoka Plazako aretoan izango da lehen aurkezpena, 18:30ean hasita. Hurrengo egunean, azaroaren 4an, Azkoitiko (Gipuzkoa) Elkarguneko Intsausti aretoan aurkeztuko dute sindikatua, 11:00etan.

NO HAY COMENTARIOS