ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/13 09:50

Espainiako Estatuan erregistraturiko 81 unibertsitateen artean, hamabitan soilik betetzen dituzte Espainiako Gobernuak proposatutako legedi berriak markatzen dituen oinarrizko baldintzak. Badirudi urraketarik hedatuena irakasleen eta ikerlarien aldi baterako kontratuen eskutik datorrela; horien gehiegizko presentziagatik, alegia. Gobernutik errege-dekretu bidez ezarriko duten legediaren gogortzeak, bost urtean, legez kanpo utziko omen ditu baldintza minimo horietara iristen ez diren unibertsitateak.

Unibertsitate Sistemaren Behatokiak (OSU, gaztelerako sigletan) eginiko ikerketaren arabera, esan bezala, hamabi unibertsitatek soilik beteko lituzkete dekretuaren zirriborroan argitaratutako baldintzak. Dena den, pentsa daitekeenaren kontrara, egun indarrean dagoen dagoen legedia ere ez du errespetatzen gehiengoak: 81 unibertsitateen artean hemezortzi bakarrik dira, hau da, %22,2. Gainera, txostenak zenbaki zehatza ematen ez badu ere, gutxieneko arauak betetzen ez dituzten zentroen ehuneko handi bat unibertsitate pribatuak dira.

Zeintzuk dira urraketa nagusiak?

Unibertsitate gehienetan, beharrezkotzat jotako baldintza minimoren bat behintzat urratu egiten dute. Horien artean nabarmentzen dira ikerketa-arloak, irakasleen eta ikerlarien lan-baldintzak, haien osaera (kontratu mota bakoitzaren kantitatea), irakaskuntza-eskaintza edo zentroetako zenbait erregulazio.

Punturik kritikoena, OSUren esanetan, irakasleen behin-behinekotasuna da. Unibertsitate publikoan du intzidentzia bereziena horrek: legediaren arabera, 48 zentro publikoetatik 33tan da gehiegizkoa aldizkotasuna, aldi baterako kontratuak %50 baino gehiago baitira.

Unibertsitate pribatuek, bestalde, arazo nabarmenak dituzte (behin-behinekotasunaz gain) ikerketa-arloekin, horien %3 bakarrik iristen baitira legez hitzartutako baldintzak betetzera. Gainera, irakasleen kualifikazioa ere arazo larri bezala ageri da zentro horietan, txostenak zehazten duenez.

Urraketa gehien, Katalunian eta Madrilen

Legedia hausten duten unibertsitateek, lurraldeka, ezberdintasunak erakusten dituzte. Kataluniako zentroetan erregistratu dituzte arazo gehien, bertan, unibertsitate batek berak ere (bost publiko eta zazpi pribatu dira) ez baititu baldintza minimo guztiak betetzen. Madrilgo hamalau unibertsitateen artean, berriz, politeknikoak soilik betetzen ditu gutxieneko arauak. Kontrara, Andaluzia da arlo honetan "notarik onena" lortu duena, bertako hamar unibertsitateetatik bostetan errespetatzen baituzte legezko baldintzak.

Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziatik diotenez, "nabarmenak izan dira pandemiaz geroztik unibertsitate publikoetan eginiko diru-murrizketak", eta hori seinalatzen dute gutxieneko baldintzak ez betetzeko arrazoi nagusitzat.

NO HAY COMENTARIOS