ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Guardia Zibila
2024/12/22 21:19

Espainiako Defentsa Ministerioak baieztatu du Leopard 2A4 gerra-ibilgailuen sorta berri bat bidali duela Ukrainara. Guardia Zibilak Bilboko (Bizkaia) portuan atera eta argitaratutako irudiek ez dute zalantzarako izpirik uzten: gutxienez bost tanke bidali dituzte oraingoan. Margarita Robles ministroak azaroaren 20an esan zuen bederatzi tanke emango zizkiotela Ukrainari, Madrilek eta Kievek maiatzean sinatutako laguntza militarrerako akordioaren barruan. Espainiako Gobernuak 1.000 milioi euroko armamentua bidaltzea aurreikusten du.

Pedro Sanchezen gobernuak hitzemandako hemeretzi unitateko sortaren parte dira azken tanke horiek. Zaragozan eduki dituzte aurretik, eta General Dynamics European Land Systems-Santa Bárbara Sistemas enpresak konpondu ditu Sevillako lantegian. Lehen hamar tankeak 2024ko uztailean entregatu zituzten, eta beste hamar bidali zituzten 2023an, bi fasetan. 2022ko otsailean Ukrainan eskala handiko gerra piztu zenetik, Espainiako Estatuak 29 Leopard 2A4 eman dizkio Volodimir Zelenskiren gobernuari.

Material militarra bidaltzeak NATOrekin eta Europar Batasunarekin hartutako konpromisoei erantzuten badie ere, eskalada militarraren arriskuaz eta horrek Espainiako Estatuan duen eragin ekonomikoaz ohartarazi dute sektore kritikoek. Guardia Zibilak armamentua babesteak eta zuzenean eskolta emateak erakusten du bidalketa horien garrantzi estrategikoa, eta eztabaida parlamentarioa zabalik ez egoteak, berriz, operazio horiei buruzko zalantzak sortzen ditu.

Mugimenduak Hegoaldetik Iparraldera

Joan den azaroan, hainbat erabiltzailek esan zuten X sare sozialean gerra-ibilgailuak ikusten ari zirela Euskal Herriko errepideetan: itxura denez, gutxienez hamabost tanke eraman zituzten Gipuzkoatik Lapurdira, Frantziako zein Espainiako polizia-indarrek babestuta.

NO HAY COMENTARIOS