ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Volodimir Zelenski (X)
2025/03/12 08:22

Amerikako Estatu Batuetako eta Ukrainako ordezkariek aurretiazko akordio bat lortu dute Yedan (Saudi Arabia), eta, horren arabera, Kievek 30 eguneko su-etena onartuko luke Errusiarekin, Moskuk ere onartzen badu. Trukean, Washingtonek berehala berrezarriko ditu laguntza militarra eta inteligentzia-lankidetza Ukrainarekin, otsailetik etenda baitaude. Gainera, Ukrainako lurraldean baliabide mineralak "elkarrekin ustiatzeko" itunean aurrera egitea adostu dute bi aldeek. Proposamena Errusiari aurkeztuko diote orain, 2022an hasitako eskala handiko gerraren intentsitatea murrizteko lehen urrats gisa.

Marco Rubio AEBetako estatu-idazkariak bileraren ostean esan zuenez, erabakia Moskuren esku dago. Mike Waltz Segurtasun Nazionaleko kontseilariarekin batera egindako adierazpenetan, AEBek azpimarratu zuten espero dutela "Errusiak su-etena onartzea", eta, bestela, "bakerako bidea nork blokeatzen duen argi geratuko" dela.

Bestalde, Donald Trump AEBetako presidenteak Etxe Zurian azaldu duenez, su-etenak aurrera egitea espero du, eta datozen egunetan Vladimir Putin Errusiako presidentearekin hitz egiteko asmoa berretsi du. Moskun, Maria Zajarova Atzerri Ministerioko bozeramaileak dio Errusiako Gobernuak ez duela "baztertzen Washingtonekin harremanetan egotea", baina Viktor Soboliov jeneral eta diputatuak atzera bota du proposamena, argudiatuta "Ukraina berriz elkartzeko bakarrik balioko lukeela".

Andrii Yermak presidentearen bulegoko buruak gidatu du Ukrainako ordezkaritza, Andrii Sybiha eta Rustem Umerov Atzerri eta Defentsa ministroekin batera. AEBetatik Rubiok, Waltzek eta Steve Witkoff Ekialde Hurbilerako ordezkariak parte hartu dute. Adierazpen bateratuan, bi ordezkaritzek nabarmendu dute "baliabide mineralei buruzko akordioa lehenbailehen amaitzeko beharra", baita su-etena "bake iraunkorra ekarriko duen esparru bat ezartzeko lehen urratsa" dela ere. Orain, Kremlinek proposamena aztertuko du, eta Washingtonek bere hurrengo mugimenduak koordinatuko ditu Europar Batasuneko aliatuekin eta NATOrekin.

NO HAY COMENTARIOS